Xabier Amuriza.
PASCALEN IRRIBARRETIK

Haurren logika

2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Akolitoek, elizan, gauza asko eta oso hurretik ikusten genituen. Zeremonia maitagarri bat Haurtxo Jesusi muin ematea izaten zen. Inguruaz ondo jabetzeko oraindik gauza ez ziren txikienak ere zer ikusiko hurbiltzen ziren, zaharragoen eskutik. Saskiko iruditxoari erreparatzean, neskatxo haur batek galdetu zuen: «Apaizaren haurtxoa al da hau?». Pentsa nolako lotsaria amarena, eta zenbat irribarre zeihar inguruan! Neskatxo berak, telebistari gurasoek uste baino adiago begiratzen zionak, galdetuko zuen lau urte geroago:

— Arnaldo Otegi pintorea al da?

— Zer, ba? —harritu ziren etxekoak, eta berak arrazoitu:

— Beti ari baita markoa gora eta markoa behera.

Urtebete geroago galdetu zuen:

— Arzallusi zergatik esaten diote jesuita?

— Izan zelako! —erantzun zuen amak.

— Izan zelako zer?

— Jesuita izan zelako.

— Zer da jesuita? —berriro haurrak, eta amak:

— Ba, Arzallusen modukoa izatea.

Akolitook eliza guztia zeharkatu behar izaten genuen, dirua biltzen. Ni neure txilindun platerarekin, harro eta autoritate sentitzen nintzen. Gizon batek ez zuen ezer ematen eta uste nuen hantxe egon behar zela, eman arte. Atzeko bati entzun nion:

— Mutiko! Ematen ez denaren zain bahago, eskukoak aldeko dik.

— Ni ez nauk hemengoa —esan zidan gero emakume batek, eta atzeko emakumeak argitu zion:

— Hango diruak balio din hemen, e!

Korupean gizon batek hots egin zidan:

— Aizak, mutiko! Zer kantatzen ari haiz?

— Aingeru jagolearen argiarentzat. —Eta gizonak:

— Esaiok jagole horri iluna ona dela, txanpinoi gozoetan bezala.

— Niri ez zait txanpinoirik gustatzen —esan nion.

— Ilunetan egotea ere ez?

— Beldurra ematen dit.

— Bai, ba! —gizonak—. Horiek biak batera baitoaz—. Platera eskuan-da, ez bainuen alde egiten, agindu zidan:

— Esaiok jagoleari gurean txanponak toki jakinean daudela eta berak hartzeko komeni zaiona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.