Athleticek bina berdindu du Betisen zelaian, bitan atzetik joan eta gero

Julen Etxeberria.
2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Athletic puntu batekin itzuli da Sevillatik (Espainia), atzo Betisekin bina berdindu ondoren. Horri esker, bolada onari eutsi dio, eta lau jardunaldi daramatza galdu gabe. Aurreko hiruretan irabazi egin zuen. Atzo, ordea, puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuen. Hala ere, partida nola joan zen ikusita, ez da sari txarra. Izan ere, talde zuri-gorria galtzear izan zen. Betis bitan jarri zen aurretik, baina Athletic gai izan zen bietan suspertzeko: Priscilak 1-0 sartu zuen 20. minutuan, eta Damarisek berdindu, 70.ean; gero, Michaela Abammek egin zuen 2-1ekoa, 73.ean, eta Yulemak binakoa, 86.ean.

Angel Villacampak entrenatzen duen taldeak datorren asteazkenean jokatuko du hurrengo partida, San Mamesen, Taconen aurka, Espainiako Kopako final-laurdenetan (19:00).

Reala, Granadillaren aurka

Gaur jokatuko du, bestalde, Realak. Gonzalo Arkonadaren taldeak arnas apur bat hartu zuen asteazkenean, Deportivoren zelaian puntu bat urratu eta gero (3-3). Hala, lehia estuan segitzen du Deportivorekin eta Athleticekin, laugarren postua lortzeko.

Txuri-urdinek Granadilla hartuko dute Zubietan (11:00). Etxean jokatutako azken lau partidak irabazi ditu Realak, eta bolada on horri eutsi nahi dio, pixkanaka azken bi asteetan jasotako kolpeak ahaztuz joateko eta ohikoa duen joko bizia egiteko.

Granadilla goiko postuetan egon izan da azken denboraldietan, baina pattalago dabil oraingo honetan. Hamargarren postuan dago, 21 punturekin, Realak baino bederatzi gutxiagorekin. Gainera, etxetik kanpo zertxobait egiten du behera. Baina intentsitate handiz jokatzen du, eta ikusteke dago Realak nola erantzuten dion horri, azken bi asteetan pilatutako nekearen ostean. Arkonadak, gainera, aukera gutxi du txandakatzeak egiteko, batez ere zelai erditik aurrera. Izan ere, Nahikari eta Barbara Latorre ez dira osatu; bai, ordea, Itxaso Uriarte. Bigarren taldeko Cecilia Marcos eta Mirari Uria deialdian dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.