BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA (I)

Ekuadorren endredaturik

BERRIAk 2017an antolaturiko Bidaia eta mendi kroniken lehiaketako bost lanik onenak irakurri ahal izango dira gaurtik larunbatera. Egun horretan argitaratuko da Unai Arriolak Taiwanez idatzitako 'Western Foreigner bat ekialdetik' lana, lehen saria jaso duena.

Kostaldean. UNAI ALTUNA.
2017ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Beti da zirraragarria herrialde bat lehenengo aldiz zapaltzea, eta horrek eragiten digun pozez gainezka sartu gara Ekuadorrera. Andeak dira lurraldearen bizkarrezurra, eta oihana dauka mendikateak albo banatan. Alabaina, birikek ez daukate simetriarik, nabarmen handiagoa baita eskuinaldekoa: Amazonaseko hauspoak ez du parekorik. Begiratokietatik —sei mila metroen bueltan dabiltzan sumendietatik—, amaigabea dirudi zerumugan galtzen den lautada berdeak. Tontor izoztuetatik, behealdetik datorren bero tropikala desiratzen da, eta alderantziz.

Ingurune aldakor horiek bizikleta gainean esploratuko ditugu. Bidaiatzeko era hori ahal dugun guztietan laudatu ohi dugun arren, oraingoan ez dugu aldeko argudioen zerrenda luzea izendatuko. Zuri utziko dizugu, irakurle, hurrengo lerroetan aurki ditzazun horiek.

Bidegurutzean

Isatsetik ekin diogu herrialdeari, Peruko mugatik, eta oihan berotik goi lurretako freskotasunerako trantsizioa izan dira lehen etapak. Herrixka minimoak lotzen dituzten lurrezko bideetatik ibili gara, lehortzen jarritako kafe eta kakaoa usainduz eta kolibri iheskorrak argazki-kamerarekin ehizatu nahian. Altuera hartzen joan ahala, nabarmen hoztu du giroa; ia beti behe-lainopean dagoen baso hezean gaude. Iratze erraldoien hostoei so, arnasa hartu dugu, sakon: oxigeno purua sumatzen da biriketan sartzen.

Aire garbiak indarberrituta, aurrera jarraitu dugu bidegurutze batek geldiarazi gaituen arte. Ezkerretik, kostaldetik, datorren haize beroak musika dantzaria dakar berarekin: «Guayaquil City lehertzear da, horrenbeste bero ezin da jasan...». Gainera, nahasirik dator abestia metropoli handiko zarata eta kutsadurarekin. Ez da, beraz, itsasaldera jaisteko mementoa. Eskuinaldetik, Amazoniako soinu eta zapore exotikoak iritsi zaizkigu. Horiekin batera, ordea, bero latz eta eltxo-armadak ere antzematen dira. Aurrera begiratuta, mendialdetik jarraitzen du galtzadak: behiak larrean, patata- eta azenario-baratzeak eta klima freskoa; kontrolatzen dugun ingurunea. Eskuinera ala aurrera? Zalantza egin dugu. Azkenean, abenturari traizio txiki bat egin eta zuzen jarraitu dugu, mendiak ere erakartzen gaitu-eta: eurite-garaia amaitzear, berde-berdea dago paisaia.

Endredaturik

Mendi-bidean, gauza asko eskaini dizkigute bertako biztanleek: fruta freskoa, kafe egin berria, bazkaltzeko gonbidapena... Segur aski, gozatzen ari garen eskuzabaltasunak badu zerikusirik gure ibilgailuarekin: bizikletak leundu egiten du munduko zonalde pribilegiatutik gatozenon eta herrixketako bizilagun umilen artean, ezinbestean, sortzen den botere-harremana. Egoera irauli egiten da: une horretan bakarrik bada ere, gu gaude beharrean eta haiek laguntzeko moduan. Bi aldiz pentsatu gabe, behartsuak eman egiten dio hurkoari, segituan sentitzen duelako premian dagoenarekiko enpatia. Lezioa ikasi eta enkontru horiekin aberastea besterik ez zaigu geratzen guri.

Halaber, gonbidapen guztien artean, norberaren etxera sartzekoa izan ohi da guretzat aberasgarriena —eta eskaintza hori maila ekonomiko orotako pertsonen eskutik jaso dugu—. Gaua igarotzeko, kanpatzeko lekua eskatu ohi dugu maiz, eta askotan suertatu zaigu anfitrioiak belardia edo garajea eskaini ordez, zuzenean etxeko ateak irekitzea. Baina, Ekuadorren, maila bat gora egin du abegi onak; guk eskatu aurretik hasi zaigu jendea etxera gonbidatzen: herriko plazan bazkaltzen ari garela, bidean gu ikusi eta autoa geldituta... Aldaketa horren atzean, hospitalitate-kontzeptuaren irakurketa ezberdin bat dago; ez digute atea ireki guri faborea egin eta aterpea eskaintzeagatik bakarrik, beraiek ere jasotzea espero dute trukean: gure bidaiaren berri izan, gure herriko bizimodua ezagutu... Konpartitzearen plazera. Ondorioz, naturalki luzatu ohi da egonaldia: «Nola gau bakarra egingo duzuela gurean? Geratu mesedez gehixeago, asko daukagu-eta oraindik partekatzeko!». Eta, guretzat ere luxua denez bertako familien egunerokoa ezagutzea, behin eta berriz endredatu gara Ekuadorreko etxeetan. Hori dena gutxi balitz, batzuetan alkimia gertatu da: ezezagunak ireki digu atea eta, handik egun gutxira, laguna agurtuz irten gara ate beretik.

Sumendietan

Familia-egonaldi horien ifrentzu egokia dira naturako kanpaldi bakartiak, eta oreka hori bilatu nahian jarraitu dugu mendikatean gora. Pixkanaka, altuera hartu ahala, zelai berdeetan bazkan zebiltzan behien ordez llamak, bikuinak eta kinua-landareak agertu zaizkigu bide-ertzetan. Eta, hodei artean justu-justu bada ere, lehen sumendiak ikusi ditugu. Horietarik altuena den Chimborazora hurbildu garenean, ingurunea hotza eta idorra bilakatu da. Kolore mehatxagarria duten lainoei kasurik egin gabe, 4.800 metroraino igo gara bertan kanpatzeko asmoarekin. Eguraldiak, baina, txarrera egin du, eta, elur-ekaitzaren erdian, atzera egin behar izan dugu. Sudurra gorrituta daukagunez, ezingo dugu umorea galdu: «Hau da marka, Ekuador tropikalean eta pedalei elurretan eragiten!».

Giro hobea aurkitu dugu Quilotoara gerturatu garenean. Berezia da ingurua: itzalitako krater erraldoi batean eratutako aintzira. Baina ez da tontor konikorik igo behar bertara iristeko; goi-lautadaren erdian, zuloan baitago galdara. Amildegi ertzetik hogei metrora egonda ere, ez dugu usaindu ere egin iristear dena: begiratokira hurbildu eta kolpetik agertu zaigu ikuskizuna: bostehun metro beherago dago lakua, mendi-harresiak inguratuta. Malkarretik ia zintzilik dagoen lautada txiki batean muntatu dugu kanpalekua, egunsenti ederraren esperantzan. Asmatu dugu.

Festarekin jarraitzeko, Cotopaxira gerturatu gara. Hura da sumendietan sumendiena, ideien mundu platonikoan aurkituko genukeen molde perfektua. Ia sei mila metrora dagoen krater elurtuari fumarola dario; alerta-egoeran dago, leherketa-zantzuak ematen hasi baita azken hilabeteetan. Gaurkoan bare jarraituko duela sentitu dugu, inguratzen gaituen lasaitasunak kutsaturik agian, eta patxadaz ezarri gara mendi magaleko aintziraren alboan. Ilunabarra paregabea izan da: zerua garbi, giza presentziarik ez, kaio andetarren txio lekuz kanpokoak....Afaldu ondoren, zero azpiko tenperaturari aurre egin behar izan diogu izarren ikuskizuna gozatzeko.

Tumbacoko Casa Ciclista

Sumendietako egun eder bezain hotzen ostean, ekuadortarren goxotasunaren bila jaitsi gara Quitora. Periferian geratu gara, ordea, Tumbaco izeneko herrian, oasia baitago bertan bizikleta-bidaiariontzako: Santiago eta familiaren Casa Ciclista. Atsedenerako doako lekua eskaintzen dio familia horrek bizikletan bidaiatzen duen orori, baina etxe hau hori baino askoz gehiago da. Batetik, aukera paregabea dago bertan beste bizikleta-bidaiariak ezagutu eta informazio nahiz esperientziak trukatzeko —ohikoa da hamar txirrindularitik gora elkartzea—. Bestetik, eta batez ere, familia maitagarri horren parte izateko aukera eskaintzen dizute. Santiagok daukan bizikleta-tailerrean, laguntzeko aitzakian, orduak eman ditugu etxe horretan gertatu diren anekdota amaigabeak entzuten —26 urtean 1.600 bidaiaritik gora hartu dituzte—. Horretaz gain, Doña Aura amonaren istorioak entzunaz duela zortzi hamarkadako Ekuador ezagutu dugu, baita gaur egun hiriburuan dagoen parranda-giroa ere Ana Carolina alaba eta lagunen eskutik.

Kostaldera

Berriro ere, bidegurutzea topatu dugu Tumbacotik irten eta berehala. Oraingoan, aldiz, ez dugu zalantzarik egin, kostaldetik datozen seinaleek zentzumenak aztoratu baitizkigute: arrain frijituaren usaina, olatuen erritmo atsegina... eta jatorria antzeman ez diogun ulu moduko bat. Zer ote? Hipnotizaturik, ziztu bizian abiatu gara itsasaldera.

Ezberdina da kostaldeko bizimodua, dena patxadarekin hartzera behartzen du-eta klima beroak. Azkenaldian izan ditugun hotzak ahaztu nahian, segituan moldatu gara ingurune berrira: sandaliak jantzi, bustitako toalla pirata-bandera gisan zintzilikatu eta presarik gabe ibili gara arrantzale-herrixkak lotzen dituzten bidexketan barrena.

Arrantzaleek portuan kanpatzeko txokoa eskaini digute Estero del Plátano herrian, eta bi egun eman ditugu bertan. Eguerdian, ohikoa dugun karbohidratozko menua alboratu eta itsasertzeko plater tipikoak dastatu ditugu, plazer handiz: olagarroa eta arraina koko-saltsan, banana frijituak eta mangladietan hazten diren ostrekin egindako ceviche-a. Bazkalostean, berriro entzun dugu bidegurutzean aditu genuen ulua. Oraingoan, aldiz, misterioa argitu dugu: baleak dira! Talaiara igo beharrik gabe, jatetxeko terrazatik ikusi ditugu salto egiten. Aukera baliatuz, txalupa batera igo eta bertatik bertara ikusi dugu balekumea, jostalari, gure inguruan jauzika.

Aipatu dugun moduan, erritmo lasaiagoan bizi dira kostaldeko biztanleak. Eguneroko banana-dosia erostera dendatxora gerturatu garenean, hamakatik altxa gabe zerbitzatu gaitu ile zuriko andre beltzak. Sinetsi egingo genukeen, kontatu izan baligute kapitalista eta arrantzalearen parabola sonatua herrixka horietako batean gertatua zela. Kapitalismoak ez du atsedenik hartzen, ordea; lanaren etikarekin lortu ez zuena kontsumismoarekin ari da lortzen: jendea hamaketatik altxatzen hasi da, telefonoa deika hasi zaie-eta.

Kostaldea bisitatu ostean, bidegurutzera itzuli gara. Eta, beste behin ere, zalantza egin dugu: mendialdetik ala oihanetik sartuko gara Kolonbiara? Berriro ere, mendia aukeratu dugu. Horrenbeste endredorekin, hiru hilabeteko bisa jada iraungi zaigu eta mendialdetik gertuago dago muga. Izan ere, zer arraio! Presaka ibili baino, hobe izango da Amazonas denborarekin ezagutzea. Ekuadorrera bueltatzeko arrazoi polita daukagu, beraz. Beti baita zirraragarria lagunak bisitatzeko aitzakian herrialde batera itzultzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.