Donostiako 66. Zinemaldia. Zuzendari Berriak. KRITIKA

Etxearen goxotasunean

Uxue Arzelus Lasa.
2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun

'Viaje al cuarto de una madre'



Zuzendaria: Celia Rico Clavellino. Aktoreak: Lola Dueñas, Anna Castillo, Pedro Casablanc. Herrialdea: Espainia - Frantzia. Iraupena: 94 minutu.

Estrella eta Leonor ama-alabak dira. Elkarrekin igarotzen dituzte orduak egongelako sofan; telebistari begira afaltzen, manta azpian siesta egiten edo berogailuaren goxotasunean telesail bat ikusten. Leonorrek, ordea, etxetik alde egin nahi du, baina beldur da amaren erreakzioa zein izan izango den; izan ere, aita hil zenetik ez da askorik irteten etxetik.

Celia Rico Clavellinoren lehen film luzea da Viaje al cuarto de una madre. Ama-alaba batzuen harremanari buruzko istorioa da, galera baten ondorioz elkarren ia menpeko izatera iritsi direnean. Lola Dueñasek eta Anna Castillok dute Estrella eta Leonorri itxura emateko ardura, eta bikote paregabea osatzen dute. Haien arteko konplizitatea hunkigarria da, eta istorio dramatiko bati irribarrea ateratzea lortzen dute.

Istorio samurra dakar zuzendari espainiarrak. Mimoz zaindutako gidoi batek eta oso identifikagarriak diren egoera batzuek film goxo eta hurbilekoa egiten dute, gure etxeko egongelan gerta daitekeen istorioa. Izan ere, ezinbestekoak ez diren pare bat sekuentziatan izan ezik, ez gara ama-alaben etxetik irtengo film guztian. Lau pareta horien artean gertatzen dena, ordea, ez da hutsala; mamia duen kontakizun bat da, eguneroko une sinpleez beteriko kontakizun bat, bai, baina kontatzeko asko duena. Eta beharbada sinpletasun horrek ematen dio indarra Rico Clavellinoren filmari; gogorra eta korapilatsua izan daitekeen egoera bat une txiki baina esanguratsuetan xehatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.