Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Bizigiro «Ezin dut sinetsi hizkuntza politikaren arduradunak borondate onez ari direnik»

Publizitatea

Bizigiro

Juan Inazio Hartsuaga. Euskaltzalea

«Ezin dut sinetsi hizkuntza politikaren arduradunak borondate onez ari direnik»

Enpresa eta euskaltzaletasuna formula originalean biltzen ditu antropologo tolosarrak. Mitoak aztertu ditu, baita bizikletak gordetzeko gailu praktikoak asmatu ere. Azken boladan Interneten dabil, euskara eta euskaltzaleen inguruan idazten.
Argazkia: ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

2017-07-02 / Edu Lartzanguren

Juan Inazio Hartsuagak (Tolosa, Gipuzkoa, 1957) euskara zabaltzeko marketin plangintza gradu tesia egin zuen, Parisen antropologia ikasi aurretik. Euskal mitologiaren alorrean egin zuen doktore tesia. Azken boladan Zuzeu.eus atarian dabil, euskaltzaletasuna eta antropologia berriz uztartzen.

Nondik dator zure euskaltzaletasuna... familiatik?

Sustraiak familian ditu, baina bizitzan ez naiz beti euskaltzalea izan. Hogei bat urterekin egin nintzen euskaltzale. Gure familiak duela 100 bat urte ordaindutako bertso paperak ikusi ditut, eta han euskaltzaletasuna aipatzen dute.

Hogei urterekin zalditik erori zinen, beraz, eta euskaltzale bihurtu. Nola?

Elizkoi samarra izan nintzen gaztetan. Euskaltzaletasunerako trantsizio naturala izan nuen. Izan ere, batean zein bestean bizitzan norberari helburu bat jartzea da, gauza materialez harago. Hautu hori egin nuen, eta gaurdaino segitzen dut.

Baina ikasi, enpresa zientziak ikasi zenituen. Zergatik?

Ez nekien zer egin. Beti zalantzan bizi izan naiz. Oraindik ere ez dakit zientzietakoa edo letretakoa naizen, eta uste dut jakin gabe hilko naizela. Bokazio profesionalik ez dut inoiz izan. Baina banekien hemen inguruan jarraitu nahi nuela, ez nuela urrutira bidaliko ninduen lanbiderik nahi. Kuadrillako bi lagun fisikariak dira, eta ikasketak amaitzen ari ginela brometan esaten nien: «Zuek fisika ikasita, orain kondenaturik zaudete bizitza osoan fisikariak izatera. Nik, berriz, enpresa ikasketak eginda, ezer ikasi ez dudanez, edozein gauza izan naiteke».

Eta egia da: enpresa zientzietatik euskal filologiara eta, azkenean, antropologiara egin zenuen jauzi. Azken horretan aurkitu zenuen zeure ezinegonarentzako larre gozoa?

Hor topatu nuen gustuko gaia. Baina, ikasketak bukatuta, Paristik bueltan, hemengo unibertsitatearen egiturekin egin nuen topo. [Fernando] Savater delako bat zegoen antropologiak egon behar zuen sail osoaren buru. Joxe Martin Apalategi zenak kontatzen zuenez, Savaterrek esaten zuen Greziako mitologia bazela, baina euskal mitologiarik ez. Etorri nintzenean aurkitu nuen giroa oso etsigarria zen. Apalategik esan zidan: «Segi enpresa zientziekin, zeren eta hemen euskal mitologiarekin jai baitaukazu».

Fermin Etxegoienek bere pertsonaien bidez salatu zuen euskal mitologia apaingarri merke eta itsusi bat besterik ez dela gaur. Pena ematen al dizu horrela ikusteak?

Horixe baietz, baina pena handiagoa ematen dit Euskal Herria nortasuna erabat galduta ikustea. Gaur egun, euskal gizartea beste ardatz batzuen inguruan antolatzen da: eskuin-ezker ardatza, EAJ-ezker abertzalea, abertzale-unionista... Ikusi nahi nuke euskal gizartea euskaltzale-erdaltzale ardatza finkatuta.

Hori ez al litzateke arriskutsua, euskaldun-erdaldun proportzioak ikusita?

Ardatz hori behar dugu, euskarak iraungo badu. Baina horrek ez du esan nahi horretan bihar hasi behar dugunik zenbaki horiekin. Hizkuntza gutxituak indarra eta aurrera ateratzeko aukera duela ikusten den leku guztietan, euskaltzale-erdaltzale bezalako ardatz hori sendo finkatuta egoten da: Katalunian ikusten da, Flandrian ikusten da: frantsesez dakitenek ez dute hitzik ere egingo frantsesez, ezta dakitenik esan ere. Hemen, ordea, ezker abertzaleko giro batean sartzen zara, eta beti dago erdaraz jo eta ke dabilen tipo sinpatiko, jator eta abertzale sutsu bat. Eta inork ez du haizea hartzera bidaltzen. Eta ezker abertzalea esan dut, euskaltzaleak aurkitzekotan hor aurkitzea espero dudalako; batzokietan sartuz gero, zer esanik ez...

Baina nork esango dizu ez dela euskaltzalea?

Zaletasuna erraz neur daiteke. Zenbat segundo behar dituzu Euskal Telebistan agertzen den baten bat, nahiz eta euskaraz ondo egin, euskaraz maiz egiten duen edo ez jakiteko? Bi, hiru segundo? Segituan nabarmentzen zaio ohitura duenari.

Asmatzailea ere izan zara. Patentatu dituzu hainbat gailu, bizikletak kalean gordetzeko tramankulu bat tartean. Nondik datorkizu horretarako sena?

Egokitu zaidan industrian ibili naiz, urte luzetan, batere etorkizunik gabeko hainbat alorretan. Izan ere, nik pasatutako enpresa ia guztiak itxita daude. Ez bakarrik enpresak, alor osoak. Gomazko botak egiten aritu nintzen, Gore-Texa etorri zenean. Barautsak egiten aritu nintzen Laborde lantegian... Inprimagintzan ondoren... Alor guztiok pikutara joan dira, zaharrak zirelako eta produktu berrientzako lekurik ez zutelako. Azkenean, horrekin nazkatu egin nintzen, eta berrikuntzan sartzea erabaki nuen. Baina berrikuntza ere ez da pagotxa. Gero izan dut [Nikola] Teslaren historiaren berri, hark [Thomas Alva] Edisonen aurrean pairaturiko porrotak neure soinean bizi eta gero.

Euskal Herriko Teslatzat duzu zeure burua?

Ez, noski. Oso maila apaleko asmakizunak izan dira nireak harenen ondoan. Baina hari bezala, niri ere noizbait egokitu zait ikustea nik ereindakoaren uzta beste norbaitek biltzea. Bizikletak gordetzeko Biztrina —plastiko gardeneko kutxa euskailu ezin erosoago bat— polita, merkea eta praktikoa zen, baina ez nuen behar nuen laguntza lortu, tarteka arrazoi xelebre samarrak entzunda gainera. Euskal hiriburu bateko udal teknikari batek zera esan zidan behin, kroketaldi batean mihia arinduta: «Holako bi jartzen baditut, hurrengo egunean berrehun jartzeko eskatuko didate, eta ezin dut hori egin».

Tetrabrik ontzietako materialak bereizteko eta errazago birziklatzeko makina bat asmatu zenuen. Zer gertatu zen harekin?

Makina egin genuen, eta primeran funtzionatzen zuen. Baina tetrabrikek tapoirik ez zuten garaian diseinatu genuen, eta, bat-batean, tetrabrikak tapoiarekin egiten hasi ziren. Horrek teknikoki dena aldatzea eskatzen zigun eta berriro hutsetik hastea. Inbertsio astuna, etsai handiegia eta birziklatzeko motibazio ahulegia. Bertan behera utzi behar izan genuen. Nire asmakizunen fasea amaitu da. Antropologiara itzuli naiz, herri nortasunaren gaia ardatz hartuta. 2010ean, Euskal Mitologiaren inguruko parke tematiko bat egiteko proiektua garatu nuen Ataungo Udalarentzat. Orduko EAJko alkateak onartu egin zidan, bere gusturako ezker abertzalearen proiektuaren antz handiegia zuen arren. Gero, ezker abertzaleak udaleko agintea hartu zuenean bertan behera utzi zuten. Duela gutxi beste herri batetik adierazi didate interesaturik egon litezkeela proiektuan, baina oraingoz ez dago ezer irmorik.

Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuak esan du ertzainek ez dutela euskararik ikasi ETAren erruz. Zer ikusten du antropologoak argudio horretan?

Bi gauza: alde batetik, disparatea, eta, bestetik, horri heldu eta behar bezalako erantzuna eman beharrean, Urruzunoren erreakzio traketsa. Tristea. Hainbeste erantzun erraz zituen: Osakidetzan ETAk zer eragin duen, esaterako. Ezertarako balio ez duen hamaikagarren bronka antzua.

Euskaldunen taxonomia bat idatzi duzu, eta espezietako bati misiolari zaharra deitu zenion, hau da, euskara beste jainko baten mesedetan erabiltzen duena. Asko dira?

EAJk euskararen gaian Sabino Aranarekin eteten ez duen bitartean ez dago zereginik. Aranak idatzi zuen Errores catalanistas izeneko artikulu bat: Katalanak oker zeudela, idatzi zuen, kanpotik etorritako guztiei katalana irakatsi eta katalanez mintzarazi nahi zietelako. Nola, baina? Horretan jarraitzen dugu. Gure alderdi nazionalista nagusia ez da euskaltzalea.

Euskararen txantxangorria metaforarik okerrena dela uste duzu. Zergatik?

Euskararen etsairik handienak ez luke metafora hobea aukeratuko: txantxangorria, kukuaren arrautzak hazten dituen txori zoroa. Horiek dira erdara euskara bezain gurea dela esaten digutenak. Egoeraren gaitza hor dago.

Euskararen proxenetak ere identifikatu dituzu. Jende asko mindu duzula uste duzu?

Independentziatik saiatzen naiz zintzo baina beldurgabe izaten idazten ditudanetan. Lagunak egiteko ez du balio. Euskararen mundua proxenetaz beteta dago, eta, hala bada, esan beharra dago. Euskaratik bizi dira eta euskararekiko esker txarrekoak dira. Ogibide eta esker txarra. Axioma gutxiko pertsona naiz, baina badut bat: ereiten dena jasotzen da. Zer irakatsi diegu haurrei eskolan, euskara ala euskaltzaletasuna? Euskara irakatsi diegu apaizei latina apaiztegian bezala. Zer lortu dugu? Euskaraz dakien erdaldun mordoa. Hezkuntza sistema hori fabrikatzeko diseinaturik dago. Baikor izateko arrazoi gutxi ditut.

Non dago erantzukizuna?

Uste dut jendeak gehienetan borondate onez egiten dituela gauzak, baina gizakiak bere burua engainatzeko ahalmen handia du. Halere, batzuetan zaila da bereiztea noraino den nor bere buruaren engainua eta non hasten den zinismoa. Duela 30 urte hizkuntza politikaren hastapenean ginen eta zilegi zen iritzi batzuei edo besteei eustea, dena ikusteke zegoelako; baina 30 urte pasatu eta gero, eman duena ikusita, darigun hilotz kiratsa sumatuta, politika hori gauzatu dutenek gauza bera egiten jarraitzea, nekez esan daiteke borondate onez egiten ari dela. Zinismoa da: badakigu gaizki ari garela, baina ez dago beste biderik baldintza politikoen menpe gaudelako. Hemen jarraitzen dugu plantak egiten. Dagoeneko, ezin dut sinetsi hizkuntza politikaren arduradunak borondate onez ari direnik.

Gailuren bat asma zenezake egoera birziklatzeko?

EFQMren antzeko azterketa-galdetegi bat prestatzen ari naiz, balioen inguruko argazkia ateratzeko hezkuntza sisteman, herri-nortasun berria diseinatzeko ahalegin horretan abiapuntua zein den garbi ikus dadin. Bada horretan interesaturik agertu denik, baina ikusiko dugu norainokoa den interes hori. Euskalgintza eta euskal nortasunaren alorretarako ditudan ekarpenak ez baditu inork estimatzen, hemen jada sobera nagoeneko irudipena arrunt sendotuko zait. Ez nago emigrante bihurtzeko adinik egokienean baina nork daki... Agian zalditik berriro erortzeko nago.

Publizitatea

Sortu kontua
Edu Lartzanguren Edu Lartzanguren

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak