«Libre» aldarri Suitzatik ere

Plataforma bat sortu dute Nekane Txapartegi aska dezatela eskatzeko. Torturatu egin zutela salatu zuen; 18/98 auzian zigortu zuten, 2007an, eta Suitzan dute preso apiriletik.

Nekane Libre plataformaren aurkezpena, Asteasun, ekainaren 11n. BERRIA.
Hodei Iruretagoiena.
2016ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Suitzan bizimodu arrunta egin eta «guztiz integratuta» egotetik, «kolpe batean», espetxean sartu zuten Nekane Txapartegi asteasuarra, Zurichen. Bakartuta eta alabarengandik bananduta eduki dute joan den astera arte, Nekane Libre plataformako Mikel Egibarrek azaldu duenez. Baldintza gogorretan zutela kontatu du: eguneko 23 ordu ematen zituen ziegan, eta ordubete patioan. Dutxa, esaterako, astean bitan soilik har zezakeen. Bisita bakarra zeukan astean, kristalarekin beti. Zurichetik ordu erdi batera dagoen beste kartzela batean daukate orain.

18/98 auzian atxilotu, inkomunikatu, espetxeratu, epaitu eta zigortu zuten Txapartegi, Xaki atalean. Torturatu egin zutela salatu zuen, eta testigantza ere eman zuen ahozko epaiketan. 1999an atxilotu zuten, eta, hamasei hilabeteko epaiketaren ondoren, fiskalak eskatutakoa baino zigor handiagoa jarri zion Auzitegi Nazionalak, 2007an: 11 urtekoa. 2009an, Auzitegi Gorenak sei urte eta bederatzi hilabetera kondenatu zuen, baina zigorra ez betetzeko, alde egitea erabaki zuen.

Lehenengo atxiloketatik hamazazpi urtera iritsi da bigarrena. Apirilean atzeman zuten Txapartegi Zurichen, eta Egibarrek gogora ekarri du hango bizimodura egokitua zegoela ordurako. Alemana ikasia du, eta hango eskola batean dabil alaba —euskaraz eta alemanez hitz egiten du—. «Atxiloketa izan zen, nolabait, Suitzan egoera irregularrean egoteagatik», azaldu du Nekane Libre plataformako kideak. «Nekanek berak antzeman zuen orain dela hilabete batzuk Espainiako poliziakatzetik zeuzkala. Eta oso argi ikusten dugu atxiloketa Espainiako Estatuaren agindu batetik datorrela. Automatikoki, Espainiak eskatu du estradizioa».

Oliver Peters abokatuak darama Txapartegiren kasua, eta,haren arabera, ez dago antzeko aurrekaririk Suitzan: lehen aldia da Espainiak euskal indepedentista baten aurkako estradizioa eskatzen diola herrialde hari. Egibar: «Tortura tartean egonda, eta alabarekin duen egoera kontuan hartuta, abokatuaren ustez badago aukera Suitzak sentsibilitate berezi bat erakusteko».

18/98 auzian dago jatorria. «Dena da ETA» teorian, Egibarrek nabarmendu duenez: «Nekane nazioarteko talde batean zebilen; haren lana zen Euskal Herriaren errealitatea nazioartean ezagutaraztea. Beste erakunde batzuk bezala, kriminalizatu egin zuten, atxilotu zuten Nekane, eta,torturen bidez, Espainiako Estatuarentzat hain garrantzitsua den autoinkulpazioa lortu zuten».

Genero aldagaia ere aipatu du Egibarrek. «Errepresioa, generoaren ikuspegitik, sekula ez da neutroa. Emakume izateagatik, badu larritasun erantsi bat». Adibide bat jarri du, bere larruan bizi izandakoa —18/98 auzian atxilotu zuten Egibar ere, Txapartegirekin batera—. «Bera kaputxa batekin zegoen, eta ni ere bai. Eraman gintuzten, guk jakin gabe, gela berera. Han, berari [Txapartegiri] galdera bat egiten zioten, eta nik isilik egon behar nuen. Nik, haren ahotsa entzutean, esan nion: 'Nekane, egon zaitez lasai'. Horregatik bakarrik, izugarrizko jipoia jaso nuen. Baina bera, juxtu horren ondoren bortxatu zuten. Egoera berean egonda, nire kasuan jipoia izan zen; egia da umiliazio sexuala ere jaso nuela, baina Nekane bortxatu egin zuten».

Torturen ondoren «bigarren fasea» hasi zen: «Ukazioa». Inkomunikatuta, espetxera bidali zuten Txapartegi. Egibar: «Ukazioa da sistemak ezartzen duen errealitatea. Tortura ez da existitzen, eta pairatutako dena ezerezean geratzen da. Horrek erakusten du tortura gurean sistematikoa dela, guztiz egiturazkoa, eta orokortua dagoela euskal militante independentisten kontra».

Estradizioaren aurka

«Torturen eta sasi epaiketaren ondoren» Txapartegik alde egitea hautatu izana azaldu du Egibarrek: «Hala zioen: 'Ni ez nago prest, emakume gisa ere, nire bizitzako zati garrantzitsuena espetxean emateko'. Galdera da: espetxean egon balitz, Espainiako Estatuan euskal presoek pairatzen duten sakabanaketa eta egoera latza ikusita, gaur egun daukan alabaren ama izango zen?».

Estradizioari aurka egitea da plataformaren lehen xedea, Txapartegik «nahi duen lekuan, nahi duen pertsonekin bizitzeko». Suitzan izan ziren hilaren hasieran plataformako eta Torturaren Aurkako Taldeko kideak, hitzaldi batzuk ematen. Maila ekonomiko altuko jendearen «estereotipoaz» gain, Egibarrek kontatu du jende «sozialagoa, hurbilagoa eta internazionalistagoa» ere badagoela han. «Eta oso antolatua». Kasuak interesa piztu duela dio, eta plataforma bat ere sortu dutela, «plurala». Sinadurak biltzen eta Suitzako Justizia ministroari gutunak bidaltzen ari dira orain Nekane Librekoak, eta, gero, Suitzako Gobernuari estradizioaren aurkako eskaera egino diote.

Txapartegiren senideei laguntzea da plataformaren beste zereginetako bat. «Esaterako, laguntza juridikoa ematea, Suitzako egoera kontuan hartuta, horrek daukan gastuarekin. Senideek beti izango gaituzte ondoan». Azken helburua, berriz, Txapartegiren askatasuna aldarrikatzea da. «Beste preso politiko guztiak bezala, Nekanek ere kalean egon behar du. Garaia da, konfrontazio bortitz eta gogor baten ondoren, urte horiek bukatutzat emateko, eta normalizazio politiko batera iristeko. Eta hor euskal presoek ere gure artean egon behar dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.