Zurrumurru xenofobo eta arrazisten aurkako sareak

Suhiltzaile izateko ahaldundu

Gorroto mezuak susta ditzaketen diskurtsoei aurre egiteko, herritarrak ahalduntzeko proiektuak zabaltzen ari dira. Zurrumurru gaiztoak atzeman eta horiei erantzuteko moduak ematen dituzte: informatu, elkarrizketa bideratu, sentimenduak piztu, jokabideak salatu...
Gasteizen, Salburuko zurrumurruen aurkako sarea eratzeko prestakuntza tailerra.
Gasteizen, Salburuko zurrumurruen aurkako sarea eratzeko prestakuntza tailerra. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Jon Rejado -

2018ko ekainak 13
Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluak «kezka handia» du Europan «sinesmen ezberdinak» dituztenen aurkako «estereotipo ezkorrak» zabaltzen ari direlako. Rosabel Argote CEAR Euskadiko kideak uste du Euskal Herrira ez direla «indartsu» heldu, baina gogorarazi du «sute txikiak» gertatu direla zurrumurruen ondorioz, eta horrek elkarbizitzan eragina duela. Sute horiei aurre egiteko, askotariko estrategiak garatzen ari dira egun. Herritarrak zurrumurruak atzeman eta erantzuteko ahalduntzea xede duten ekinbideak indarra hartuz joan dira 2010etik.

Gasteiz izan da horretan sakondu duen azken hiria. Maiatzean amaitu zen Salburuko Zurrumurruen aurkako eragileen sareko partaideen prestakuntza, eta atzo izan zuten lehen bilera. Gasteizko Udalak sustatu du ekinbidea. Silvia Pardes Bizikidetza Zerbitzuko kidearen iritziz, sarea «berdinen arteko komunikazioa eraldatzeko» tresna bat da: «Harremanak norabide positiboago batean joateko baliabidea da». Herritarrek eta elkarteetako ordezkariek osatzen dute sarea, «konpromisoak» bultzatuta. «Parte hartzaileek ikusi dute elkarbizitza ez dela berez helduko, eta zerbait egin behar dela». Halaber, sare horiek udalak abiarazi baditu ere, «une zehatz batean» autonomoak izateko jaioak dira, Pardesek gaineratu duenez; horrek «boterea» aitortzen diela ondorioztatu du, noiznahi kontuak eska diezazkieketelako arduradun politikoei.

Sustraituz doan sarea

Zurrumurruen aurkako sareak Bartzelonan sortu zituzten, 2010ean. Ordutik, Europan zabaldu dira. Euskal Herrian ere hainbat proiektu jaio dira: Zaska sarea Nafarroan, ZAS Zurrumurruen Aurkako Sarea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan... Azken horren barruan, hainbat administrazio eta elkarte daude. Horietako bat da Amekadi gatazken kudeaketa baketsurako eta elkarbizitza sustatzeko elkartea. Elkarte hori arduratzen da Gasteizko zurrumurruen aurkako eragileak trebatzeaz eta «erraztasunak» emateaz.

Ane Lezama Amekadiko kideak azaldu du sarearen partaideena dela egitasmoa: «Ez dugu parte hartzen, aukerak eskaintzen baizik». Basaurin eta Bilbon ere ari dira lanean. Lezamak gaineratu du zurrumurruak tokiko egoeretara egokitzen direla. Edonola ere, leku guztietan antzekoak errepikatzen direla argitu du, sarri gizarte laguntzekin lotuta. «Antzematen dituzten zurrumurruen edo kezken arabera ematen diegu laguntza». Trebakuntzan jartzen dute arreta berezia, komunikazioan: «Hori da erronkarik handiena; elkarrizketak irabaztea baino, helburua da ulertzea zergatik zabaltzen dituen zurrumurruak maite duzun pertsona batek, eta pertsona horri duda sorraraztea».

Gasteizen, Salburukoaz gain, beste eragile sare bat ari da lanean iaztik. Miguel Sanchez Medrano bertako kide da. Gazalbide auzoko elkarte bateko ordezkari gisa sartu zen prestakuntzan, eta elkartera eramaten du bertan jasotako informazioa. «Formakuntzak balio du norberak bere jarrerak azter ditzan, besteenak ere ulertzeko; batzuetan, borondate ona ez da nahikoa, metodologia ona ere behar baita». Luis de Luz ere iaz sortutako sareko kidea da. Irakaslea da Koldo Mitxelena ikastetxean: «Kulturartekotasuna sustatzeko interesa dago, baina kezka ere bai, hori galaraz dezaketen jokabideen aurrean».

Ordezkariak jomugan

Gasteizko ekinbideak administraziok sustatu ditu, baina badaude kontrako abiapuntua duten lan ildoak ere. CEAR Euskadik, adibidez, herritarrak politikarien aurrean ahalduntzeko tresna bat prestatu du: Herritarrak diskurtso politiko xenofoboen kontra. Suteen aurkako gida. Azken urteetan, CEAR Euskadik hainbat bide urratu ditu; Ez utzi endredatzen kanpaina horren adibide da. Ordea, azken proiektuan, ordezkari politikoen mezu xenofoboei erantzuteko bideak ezagutaraztea bilatu dute. «Politikariek hedabideetan pribilegiozko sarbidea dutela baliatzen dute mezua zabaltzeko», azaldu du Rosabel Argotek.

Mezu horiei erantzuteko hemeretzi baliabide jaso ditu CEAR Euskadik gida batean, Gipuzkoako SOS Arrazakeriarekiko elkarlanean. «Urteetan bilatu badugu ere, ez dago konponbide bakar eta behin betiko bat; askotariko lekuetatik heldu behar zaio egoerari, eta inoiz ez du behin betiko erantzuna emango». Aniztasun hori baliatzeko moduak xehatu dituzte gidan: bide bat hartzeko abokaturik behar al den, doakoa lortzea posible ote den, baldintzak, baliabideak...

Tresna horiek suteetako osagaien arabera antolatu dituzte. Adibidez, lau lan ildo proposatu dituzte jarrera xenofoboak elikatzen dituzten diskurtsoei muga jartzeko, zurrumurruen erregaia eteteko: auzibideak, instituzioen arloa, eremu politikoa eta elkarteen zein herritarren ekinbideak. Tartean daude fiskalarekin harremanetan jartzea, NBEra jotzea, alderdi politikoen diziplina batzordeetara idaztea edo gizarte mobilizazioak abiatzea. «Herritarrek ez dakite zer baliabide dituzten eskura; ez zaie bururatzen erabil ditzaketenik».

Gidaren lehen edizioa Interneten ikus daiteke. Beste bat prestatuko dute datorren urtean, kasu bakoitzaren adibide erreal bat jarriz, tresnak baliagarriak direla erakusteko. «Neurri batzuk epe luzerakoak dira, baina eraginkorrak». Euskal Herrian halakoen ereduak badaudela gogoratu du Argotek; Gora Gasteiz jarri du adibide, Javier Maroto alkate ohiaren jarrera xenofoboei erantzun zien herri mugimendua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna