...eta mihiak martxan dira

Amaitu dute 40 eguneko bidea Lasarte-Orian. Erabilera bultzatu nahi izan dute, eta ia 2.000 herritarrek parte hartu dute. Euskaraz egiteko hitza eman dutenen erabilera 25 puntu igo da.

Jendetza bildu zen atzo Lasarte-Orian, egitasmoaren amaieraren harira. BERRIA.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2016ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Berrogei egunekoa jarri zuten erronka, Baietz 40 egun euskaraz! leloarekin. Euskararen erabilera handitzea eta hizkuntza ohituretan eragitea zuten helburu, proba gisara. Eta pozik dira Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Ia 2.000 herritarrek parte hartu dute. Ulertzen duten guztiei euskaraz egiteko hitza hartu dute batzuek, ahobizi izenpean; beste herritar sail batek, berriz, konpromisoa hartu du hautu horri trabarik ez jartzeko, euskaraz egiten uzteko, nahiz eta eurek euskaraz ez jakin —belarriprest izena eduki dute—. Eta emaitzak bistakoak dira. Lehen datuen arabera, ahobizi direlakoen erabilera 25 puntu handitu da aste hauetan.

Lau urtean behin Euskara Maratoia egiten dute Lasarte-Orian, eta aurtengoari erronka handiago bat erantsi diote. Aurreko hilabeteetan euskaldunen aktibazioari begira egiten ari ziren egitasmoak ikusita —Lutxo Egiak Bilbon hasitakoaren bidetik—, hori herrira eramatea erabaki zuten. 40 eguneko proiektua izan da. Aldi horretan, txapa bat jarri dute belarriprest rola zuten herritarrek, euskaraz ulertzen dutela azaltzeko; ahobizi rolarekin, berriz, astebeteko txanda neurtuak egin dituzte euskaldunek, eta belarriprest rola ere izan dute beste egunetan.

Euskararen Egunarekin zuen amaiera esperimentuak, eta ekitaldi bat egin zuten herrian. Plaza bete jende. 1.927 herritarrek parte hartu dute; ahobizi izan dira 957. Haietako batzuek lekukotasuna eman zuten plazan bertan atzo: familiako ohiturak aldatzea lortu dutela batzuek, euskaraz segitzeko erronka zabaldu dela umeen artean... «Sentsazioa oso ona da. Jendea pozik dago, asmatu izanaren ustearekin. 40 egunetan ikusi dira txapak herrian», azaldu du udaleko euskara zerbitzuko buruak, Iñaki Arrutik. Elkarlanean jardun dute herriko eragileekin.

Emaitzak aztertzeko garaia da oraingoa, baina nabarmentzeko modukoak dira lehen emaitzak. Arrutik azaldu duenez, ahobizi rola izan dutenei galdetegi bat pasatu zieten egitasmoa hasterako, eta amaitutakoan, beste bat. Alde handia agertu da: hasi aurretik jasotako datuen arabera, ahobizien %47k erabiltzen zuten euskara beti edo ia beti; proiektua abian izan denean, berriz, %72k. Erabilera 25 puntu handitu da asteotan, beraz. Gehiago ere badute aztergai, hala ere: ahobizi bakoitzak koaderno bat idatzi du bizipenekin, eta galdetegia pasatu diete belarriprest aritu direnei ere. «Berrikuntza izan da belarriprest: lotsagatik edo gaitasun txikiagatik ezkutuan zegoen jende asko bildu zaigu», dio Arrutik.

Beste herri batzuetan ere jarri dituzte martxan horrelako egitasmoak, aktibazioa helburu: Agurainen, Hernanin, Astigarragan... Arrasaten, mila herritar baino gehiago elkartu dituzte dendetan euskaraz aritzeko konpromisoarekin. Ekitaldi bat egin zuten atzo.

Beste hainbat herritan ere egin zituzten ekitaldiak Euskararen Egunaren harira. Euskarak 365 egun lelopean bildu ziren herri ugaritan, Euskaltzaleen Topagunearen bueltan. Pauso bat aurrera izenburua duen adierazpen bat irakurri zuten, herritarren aktibazioari begira hori ere. «Pauso bat aurrera emateko garaia da; zuk, nik, hark, haiek, guk euskaraz bizitzeko urratsak egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.