Ikasturte politiko berrirako apustuak

2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Bukatzear da (ofizialki, behintzat) neurketak ditugunetik jasan dugun udarik beroena. Euskal Herri osoan egun dezente 30 gradutik gora igaro dugun uda honetan, pandemia atzean utzi dugunaren zantzu nabariak ikusi ditugu. Oporretara joan gara, turistak bueltatu dira eta festaz festa ere ibili gara gure herrietako plazetan. Nolabaiteko errutina berreskuratu dugu, azken bi urteetako salbuespen egoeren ondoren.

Gehiegitan gutxiesten dugun terminoa da errutina. Kutsu negatiboa jartzen diogu, aspertu egingo bagintu bezala. Baina errutinak gure egunerokoa kudeatzen laguntzen digu, goizero alarmak jotzen duenean automatikoki keinuak egiten. Errutinak uzten digu errutina haustearen plazera baloratzen.

Eta aspaldian ohiko errutinetako bat lau urtean behin gure udal eta foru ordezkariak aukeratzearena da. Ipar Euskal Herrian iaz osatu zuten prozesua, eta ikasturte honetan osatuko dugu Hego Euskal Herrian.

Ez dago, oraindik ere, hautagai guztiak izendatu dituen alderdirik. Erakunde nagusiei begiratuz gero (Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko udalak eta lau aldundiak), galdera asko daude mahai gainean. EAJk, oraindik, ez du hautagairik izendatu, nahiz eta, zurrumurruei kasu eginez gero, aurpegi berriak espero daitezkeen, Gipuzkoan eta Araban behintzat. EH Bilduk Gipuzkoako zein Donostiako hautagaiak izendatzeke dauzka, gainontzekoak dagoeneko esanak baditu ere. PSE-EEk ere ez ditu izendatu hautagaiak, nahiz eta primarioetako mugimendu batzuk ikusi ditugun; Donostian, esaterako. Elkarrekin Podemosek oraindik ez du baieztatu ere egin bere hauteskunde formula, eta PPk ere ez du izenik jarri mahai gainean. Goiz da, agian, inolako apusturik egiteko, baina, era berean, momentu ona da horretarako. Gauzak horrela, badira ikasturte hasiera honetan, eta kanpainan eta kanpainaurrean asko murgildu aurretik, lurralde bakoitzari begira plantea ditzakegun erronkak edo galderak.

Araban, zurrumurruei kasu eginez gero, interesgarria izango da aldundirako hautagaitza berriek emaitzetan izan ditzaketen eraginak ebaluatzea. Aldatuko al du EAJk bere ahaldun nagusi izateko hautagaia? Eta, hala izatekotan, zein emakumek hartuko du egungo ahaldun nagusiaren tokia? Nola eragingo du Gasteizen Miren Larrionen erreleboak? Eta Gorka Urtaranek handituko al du egun duen gehiengoa?

Bizkaian, zalantza nagusi bat egon daiteke: EAJk lor dezakeen emaitza. Lortuko al du oraingoan gehiengo osoa Bilboko Udalean eta Bizkaiko Batzar Nagusietan? EAJk helburu hori jarriko dio, ziurrenik, bere buruari. Gainontzean, EH Bilduk Bilborako egin duen apustuaren eragina ere ikustekoa izango da. Alternatibako buru Maria del Riok ibilbide, adin eta profil oso diferenteak ditu orain arte bozeramaile izandako Jone Goirizelaiarekiko. Adi egoteko moduko mugimendua izango da.

Gipuzkoa da, momentuz, irekien dagoen eszenatokia. Dirudienez, hautagaitza erabat berriak aurkeztuko dituzte aldundira, bi alderdi nagusietan behintzat. Zurrumurruen arabera, emakumeak izango dira biak. Ikusteke dago beste erakunde batzuetan esperientzia luzea izandakoak diren edo azken urteetan Gipuzkoan bertan ikusi ditugunak ote diren. Edozein kasutan, argi dago lurralde osoan estua izango dela lehia. Donostian ikusi egin beharko da EAJko Eneko Goia eta PSE-EEko Odon Elorzaren arteko lehia izango ote den, nahiz eta, apustuak egiten hasita, ziurrenik halakorik ez dugula ikusi ere egingo esango nukeen.

Nafarroan, azkenik, lehia biziagoa izango da aldaketaren gehiengoaren eta UPN buru izango duen eta inoiz baino zatikatuago aurkeztuko den eskuinaren artean. Lehen galdera hementxe: zein izango da oraingoan aldaketaren barneko indar korrelazioa? Orain artekoa mantenduko ote da? Eta nola osatuko dute indar korrelazio hori? Bigarren galdera eskuinaren osaketari buruzkoa da: PPk aurkeztuko ote du hautagaitzarik bere horretan? Zer egingo dute Sayasek eta Adanerok? Eta Voxek? Nago, horiei guztiei baiezkoa eman beharrean egongo garela inoiz baino banatuago aurkeztuko den eskuin batean. Eta nola eragingo dio horrek Iruñeko Udalari? Lortuko al du Asironek alkatetza errekuperatzea?

Lurralde logikatik at, komeni da alderdiei begirako apunte batzuk egitea: alde batetik, eta Yolanda Diazek Bilbon egindako ekitalditik astebetera, zein izango da Podemosek, Ezker Anitzak eta gainerakoek udal eta foru hauteskundeetara joateko aukeratuko duten formula? Batuta joango al dira oraingoan? Bigarrenik, benetan aprobetxatuko al du Euskadiko Alderdi Sozialistak hainbeste aldarrikatzen duen giltzarri izateko aukera? Eta hala izango al da benetan? Hirugarrenik, lortuko al du Iturgaitzen PPk hautesleentzako erakargarri izan daitekeen eskaintza bat artikulatzea? Eta, azkenik, aterako al du Voxek zinegotzirik erkidegoan?

Ikasturte politikoa hasi dugun honetan, urrun dirudite aipatutako kontu askok. Edozein kasutan, eta emozio apur bat jartze aldera, ni prest nago hurrengo pausoei begira apustuak egiteko eta publikoki adierazteko. Jar diezaiogun honi guztiari emozio apur bat. Juantxoko bokadilo bat jokoan!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.