Tabakalera eta Tekniker, bat eginda arte sormena eta zientzia uztartzeko

Bi erakundeek lankidetza hitzarmen bat egin dute sortzaileen lana beste esparru batzuetara zabaltzeko. Lehen proiektu bat garatzen hasiak dira

Bi erakundeetako ordezkariak, atzo, Donostian. BERRIA.
aitor biain
2021eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Donostiako Tabakalerak eta Tekniker teknologia zentroak bat egin dute sormen proiektuei bultzada berri bat emateko. Lankidetza hitzarmen bat sinatu dute bi erakundeek, eta helburua da ezagutza berriak «gizarteratzen» lagunduko duten proiektuen garapena sustatzea, batez ere sortzaile artistikoek industrian eta zientzian duten «ahalmen berritzailea» bultzatzeko, eta sortzaileak profesionalizatzeko aukera berriak lortzeko.

Bi erakundeak elkarrekin ari dira lanean dagoeneko, eta lehen egitasmoa ere aurkeztu dute: Dream painter (Amets-margogailua) izenpetu dute. Arduradunek azaldu dutenez, gizakien eta roboten arteko elkarrekintza emozionala ikertu asmo duen proiektu bat da, hau da, sormen artistikotik abiatuta, aztertu nahi dituzte pertsonen eta roboten arteko konfiantza harremanak, hizkuntza naturalaren komunikazioa eta roboten eta sormenaren arteko loturak.

Varvara & Mar artista bikotearekin batera ari dira egitasmoa lantzen, eta diseinu fasean dago instalazioa oraindik. Proiektuaren arduradunek azaldu dutenez, «robot sozial bat» da: bisitariek beren «ametsak» kontatuko dizkiote robotari, eta hark ondoren, kontakizun horietan oinarritutako mural bat margotuko du. Uneotan robotak erabiliko duen teknologia definitzen ari da lantaldea, eta emaitza udazkenean aurkeztea aurreikusten dute.

Sorkuntza artistikoa ikerketa baliabide gisa hartzen duen lan ildo berria iaz abiatu zuen Tabakalerak, Medialab sorkuntzarako liburutegi-laborategia martxan jartzearekin batera. Eta, orain, Teknikerrekin lankidetzan, «beste urrats bat» egin nahi du bide horretan, eragin berritzaile handiagoa izateko eta sektore sortzaileen, zientifikoen, teknologikoen eta industrialen arteko lankidetza espazioak sustatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.