KRITIKA. dFeria

404 Error

Agus Perez.
2021eko martxoaren 20a
00:00
Entzun

'Siveria'



Ekoizpen etxea: K Producciones. Egilea: Javier Suarez Lema. Zuzendaritza: Adolfo Fernandez. Eszenografia: Emilio Valenzuela. Soinu-eremua etaikus-entzunezkoak: Naiel Ibarrola. Argiak: Edu Berja. Interpreteak: Sonia Almarcha, Adolfo Fernandez, Marc Parejo. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: martxoak 18.

«Not found» edo «404 Error» esaten digu pantailak gure bilatzaileak zerbitzaria aurkitzen ez duenean, eta zenbaki horren esangura baliatuta sortu zuen Yelena Klimova errusiar kazetariak Haurrak 404 izeneko webgunea, herri hartako LGTBI haur eta nerabeek jasaten duten bazterkeriari aurre egin eta haiei babes emozionala emateko. Putinen itzalak, ordea, presio pean jarri zuen kazetari aktibista, eta Klimova irabazle irten zen bataila legaletan, baina 2019an hilik agertu zen San Petersburgoko kale batean, gorputzean hainbat sastakada jasota.

Siveria antzezlanaren izenak webgune hari erreferentzia urruna egiten dio, baina gaia berbera da, halako moldez non antzerki dokumentaltzat eta guzti jo baitezakegu, errealitate horren deskribapenean oinarritu baita. Argumentuaren garapena, aldiz, gehiago zentratu da hiru pertsonaien barne draman eta egoerak sortutako suspensean.

Esan bezala, Javier Suarez Lemak (Corcubion, Galizia, 1979) hiru pertsonaia baino ez ditu sortu antzezlan honetarako —Klimova bera, hura galdekatzen duen polizia, eta kazetariarekin bizi den lagun bat—, eta haietariko bakoitzak joko handia eman du bere dentsitate dramatikoagatik. Hasierako eszena galdeketa-gelan gertatu da, batere atarikorik gabe, eta horretan hasiko gara ezagutzen polizia adeitsuaren pentsamendu atzerakoi orokorra eta partikularki homofoboa. Egia esan, aukera garbia egin du egileak polizien artean ona baino ez aurkezten, uste orokortua izaten delako edukaziozko jendea ez dela genero kontuetan hain erasokorra. Tragediaren benetako muina, ordea, ikusleak espero ez duen unean eta ezusteko leku batetik etorriko da, eta alde horretan esan daiteke egileak maisuki jokatu dituela bere kartak.

Alderdi eszenikoari begira, txukuntasun handikoa iruditu zaigu bere itxura erdi naturalista erdi eskematikoa. Izan ere, oso dotore geratu da argiztapen diskretu baina efikazaren laguntzaz, galdeketa gela eta Klimovaren etxea leunki desberdinduta eta pantailak zein proiekzioak neurrian erabilita. Azkenik, Adolfo Fernandezen zuzendaritzapean erritmo lasaia baina sostengatua eduki du emanaldiak, dramatismo merkeetan jausi gabe eta sinesgarritasun osoa hartuz hiru antzezleen jardun eredugarriari esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.