Julen Gabiria.
Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Wouter

2022ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Azken urtea du aurten profesionaletan Wouter Weylandtek, hala iragarri zuen denboraldi hasieran. 38 urte beteko ditu irailean, hemezortzigarren denboraldia du aurtengoa, eta, hala ere, lehenengo aldiz dabil Euskal Herriko errepideetan, sinestea ere nekeza den arren.

Hain zuzen ere, berak eskatu zion Trek-Segafredo taldeari uzteko etortzen, jakinda ere Itzulia ez dela esprinterrentzako lasterketarik egokiena; tira, esprinterra diot, zerbait esatearren, Wouterrek aspaldi utzi baitzion esprinterra izateari, apurka-apurka bihurtu arte denetarako balio duten txirrindulari horietako bat, berdin azken metroetako bideratzailea, ordekako zaldi trostaria, mendatean gora erritmo itogarria jartzen duen lehen gizona, edo haize-babesen eragile beldurgarria; edozer izan daiteke gaur egun, baina ez esprinterra jada: 38 urte ditu, ez dezagun ahaztu.

Bertatik bertara ezagutu nahi zuela hemengo giroa, ez zuela txirrindularitza utzi nahi Euskal Herrian aritu gabe, hori esan zuen. Eta ez zuen esan, baina inplizituki zihoan haren hitzetan, lehen eta azken aldiz jaso nahi zituela euskal zaleen animoak eta aupadak mendateetan: egingo zuela egin beharreko lana mendateen hasieraraino, baina gero poliki igoko zituela, berotasun horretaz gozatuz, bere izena entzunez denen ahotan, maitatua baita, eta ondo daki berak.

Eta ez zuen esan, baina buruan zuen, eta hala egin du: Alizée alaba ekarri du, hamaika urtetzar dagoeneko neskatoak, azken aldiz ikus dezan aita bizikleta-karrera batean, eta goza dezan lehen aldia balitz bezala. Benetan hala baita: lehen aldia, alegia; Wouter 2011ko Giroan hil eta handik lau hilabetera jaio baitzen Alizée, Passo del Boccon behera bata, Ganten gora bestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.