Joko onari hiru puntuen saria gehitzen saiatuko da gaur Osasuna

enaut agirrebengoa
2018ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Indartuta atera da Osasuna azken jardunaldian Zaragozaren kontra jasotako kolpe mingarritik. Kale egin zuen aurkari zuzen baten aurka; gainera, Sadarren. Baina aspaldi ez bezala jokatuta. Diego Martinez entrenatzailearen arabera, partida galdu arren, «nortasun bat» aurkitu zuen taldeak. Izan ere, distira eta grina berreskuratu zuten gorritxoek, eta horrek Sadarreko harmailekin bakeak egiteko balio izan zien. Ate aurrean asmatzea falta izan zitzaien soilik, merituak sobera egin baitzituzten hiru puntuak patrikaratzeko. Bada, gaur ildo horri eutsi, eta, era berean, eraginkorrago jarduten ahaleginduko dira, Bartzelona B-ren zelaian.

Osasuna kanporaketa postuetatik irten zen iragan jardunaldian, eta hamargarren posturaino erori. Bi puntura du seigarren sailkatua, Zaragoza, eta hamarrera, berriz, sailkapenaren buruan diren bi taldeak: Rayo eta Huesca. Aurreko egunean bezala jokatuz gero, ez dago ezinezkorik nafarrentzat. Hori bai, hamaika partida gelditzen zaizkie, eta hutserako tarte geroz eta murritzagoa dute. Irregulartasun handia erakutsi dute azken hilabeteetan, eta orain azeleragailua sakatu beharrean dira, baldin eta mailaz igotzeko aukerei eutsi nahi badiete. Hala, joko onari emaitza txukuna gehitu behar diote Mini Estadin, kosta ahala kosta. Atzerapauso handia litzateke berriro estropezu egitea.

Gorritxoen teknikariaren arabera, «kemena eta erabakimena» erakutsi beharko dute gaur Bartzelonaren harrobiko taldearen kontra, «garbi izanik partida batek xehetasun bakarrean egin ahal dizula ihes». Halaber, uste du ez dela erraza izango erasoan azken norgehiagokan bezain emankor aritzea. «Partida ezberdina izan daiteke, eta beste gauza batzuen menpe egon, Bartzelona B-k kalitate eta talentu handia baitu». Oraintxe, hamabosgarren postuan dago Gerard Lopezen taldea: jaitsiera postuekiko lau punturen aldea du. Gaur irabazita, pauso galanta emango luke. Zortzi jokalariren hutsunea izango du; batzuk min hartuta daude, eta besteak selekzioekin dabiltza.

Torro, deialdian

Osasunaren kasuan, ezingo dute jokatu Oierrek, De las Cuevasek eta Tanok. Kapitaina zigortuta dago, erdilaria minez, eta atzelaria Dominikar Errepublikako selekzioarekin ari da jokatzen egunotan. Torro gaixo ibili da, eta atzoko saioan hartu zuen parte bakarrik; edonola ere, deialdian sartu da. Hasieratik aritzeko moduan ez badago, Arzurak beteko du haren tokia. Bestalde, Aridanek ordeztuko du Oier. Unai Garciarekin osatuko du bikotea defentsaren erdialdean. Diego Martinez ez da mintzatu hamaikakoaz, baina litekeena da Zaragozaren aurka eginiko apustuari eustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.