Alavesek ez du hutsik egin nahi Leganesen zelaian

enaut agirrebengoa
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Athletici gailendu ostean, azken estutua egiteko garaia du Alavesek. 30 punturekin, gertu dakusa helmuga. Salbu legoke beste hiruzpalau irabaziz gero. Bada, horietan lehena gaur bertan irabazi nahi du, Leganesen zelaian. Horretarako, hobetu egin beharko du etxetik kanpoko azken lehian emaniko itxura. Orduan ere, aurkari zuzen bat izan zuen aurrean: Mallorca. Eta, halaber, derbi bat irabazita iritsi zen —kasu hartan, Eibarren aurka—. Aukera ona izan zuen mahai gainean kolpea emateko, baina esku hutsik itzuli zen Gasteizera (1-0). Hori horrela, egoera bertsuan bestelako emaitza bat lortzen saiatuko da gaur.

Mallorcako hutsak ez errepikatzeko, «garrantzi berezia» eman diote lanketa mentalari. Hala azaldu zuen atzo Asier Garitanok. Alaveseko entrenatzailearen aburuz, neurketa haren antza izan dezake gaurkoak, eta orduan gaizki egindakotik «ikasi» izana espero du. Partida berezia izango da Garitanorentzat, bost denboralditan eseri baitzen Butarqueko etxeko aulkian. Horren harira, aitortu zuen norgehiagoka «ezberdina» izango dela gainontzekoen aldean; baina, era berean, garbi utzi zuen zelaian ez duela lagunik: «Sentimendurik ez dago futbol profesionalean». Iragan sasoian itzuli zen aurrenekoz Leganesera bisitari moduan, Realarekin, eta binako berdinketarekin bukatu zen lehia.

Espainiako taldea jaitsiera postuetan dago katigatuta, eta gaurko lehiari final bat balitz bezala helduko dio. Beharra da hausporik onena, eta Alavesek premia gorria duen aurkari bat izango du aurrean. Gainera, Lehen Mailan oraindik ez dio irabazi Leganesi. Zazpi aldiz jokatu dute elkarren aurka elitean, eta arabarrek bost puntu baino ez dituzte lortu, beste horrenbeste partida berdindu, eta beste biak galduta —biak ere, Butarquen—. Sasoi honetan, bana berdindu zuten Mendizorrotzan.

Bere talde ohiaren bertuteei buruz, etxeko sendotasuna azpimarratu zuen Garitanok: «Bizi eta zuzen jokatzen du. Oinarrizko gauzak oso ongi egitera behartzen zaitu. Indartsua eta fidagarria da etxean». LeganesekEn-Nesyri eta Braithwaite galdu ditu, eta irteera horiek «min» egin diotela iritzi dio teknikari gipuzkoarrak. Alabaina, ez du uste etsiak jota gelditu denik. «Batu egin dira zailtasunen aurrean, eta ondo ari dira lehiatzen».

Garitanok jokalari guztiak ditu eskuragarri, min hartutako Pina eta Roberto Jimenez izan ezik. Azken bi lehietan 4-4-2 sistema erabili du, baina gaur irmotu egin lezake zelai erdia, Camarasa eta Manuren atzetik Fejsa ipinita.

LEGANES-ALAVES
Leganes. Cuellar; Rosales, Awaziem, Omeruo, Siovas, Kevin Rodrigues; Recio, Ruben Pérez, Eraso, Oscar; Carrillo eta Guerrero.
Alaves. Pacheco; Ximo, Laguardia, Ely, Duarte; Fejsa, Manu Garcia, Camarasa; Vidal, Joselu eta Lucas Perez.
Epailea. Martinez Munuera.
Lekua. Butarque futbol zelaia (12.454 ikusle).
Ordua. 18:30 (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.