Durangoko 52. Azoka. BERRIAren liburua

Utzi du, baina ez du utzi

Anjel Lertxundik ia hamabost urtean idatzitako zutabeen bilduma hautatua jaso du 'Hitz Beste 2003-2017' liburuan. Ehundik gora zutabe bildu ditu, ilustrazioz hornituta
Anjel Lertxundi eta Martxelo Otamendi, atzo Durangoko Azokan egindako aurkezpenean.
Anjel Lertxundi eta Martxelo Otamendi, atzo Durangoko Azokan egindako aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Gorka Erostarbe Leunda

2017ko abenduak 7
Utzi du, baina ez du utzi. Utzi dio egunero Hitz beste izeneko zutabeak idazteari BERRIAn. Baina erabat ez dio utzi, ezin utzi. Apirilean idatzi zuen azken zutabea, baina oraindik ere «deskonpresio prozesu batean» dago. «Gaur Durangoko Azokara etorri, eta hiru bat zutabe banerabiltzan buruan. Hori oso polita da batetik, baina baita nekagarria ere». Atzoko egunaz ari da Anjel Lertxundi idazlea. Durangoko Azokan aurkeztu baitzuen Hitz Beste. 2003-2017 liburua (BERRIA), hamalau urtetan ia egunero —astean sei aldiz— idatzitako 4.000 zutabeen antologia.

Hilabeteak igaro dira, baina ezin erabat utzi zutabegile izateari. Hain zituen bereganatuak zenbait mekanismo, hain gorpuztuak zenbait joera, zenbait egiteko, zenbait ariketa. «Normalean, hurrengo egunean zer egingo nuen jakin gabe oheratzen nintzen. Gaueko 04:00ak aldera esnatu sarri, eta burubueltaka hasten nintzen, zer idatziko. Goizean jaiki orduko, hiru egunkari desberdin irakurtzen nituen, eta, puntua topatzen nuenean, orduantxe idazten nuen». Horrela egunero-egunero, 14 urtez.

Bere buruari ezarri baitzion hasiera-hasieratik diziplina hori. «Egunkari batek eguneroko erritmo eta urduritasun bati erantzun behar dio, eta nik ere erritmo eta urduritasun hori bera izan behar nituela erabaki nuen».

Milaka dira urte horietan guztietan idatzi dituen zutabeak. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariaren hitzetan, «marka bat ezarri du», bai kopuruari dagokionez, eta baita kalitateari dagokionez ere; «ez dago hainbeste zutabe eta hain kalitate onekoak idatzi dituenik gurean». Lertxundik umore puntuz gogoratzen du, ordea, ez duela Robert Escarpiten marka ondu. «Joan Mari Torrealdaik tesi doktorea Parisen egin zuen, eta Escarpitek zuzendu zion. Kazetaria zen Escarpit, eta zutabe laburrak idazten zituen egunero Le Monde-n, billete deituak. Torrealdaik esaten zidan hark egindakoa egin behar nuela. Jakina, hark 40 urtean idatzi zituen, eta azkena hil bezperan idatzi zuen...», irribarrez Lertxundik.

Batzuetan, bertsolari kolpez

Testuak prestatzen diziplinatua izanagatik, zutabeak molde desberdinean atera izan zaizkio hamabost urte horietan; batzuk «ia-ia bat-batekoak» izaten ziren. «Zutabeak hain laburrak izateak aukera ematen zidan bertsolari bezala jokatzeko... Gaia aurkezteko orduan pixka bat despistatu, ondoren material zenbait eman, eta, azkenik, errematea jo».

Ez da, hortaz, hain harritzekoa Lertxundiri berari lekukoa hartu diona Andoni Egaña izatea —Letra etzana izeneko zutabea idazten du hark egunero, espazio eta neurri berean—. Martxelo Otamendiren itauna, ea zer gomendio emango liokeen Egañari. Lertxundik erantzuna: «Zarauzko ikastolan ikasle izan nuen Andoni, 11 urte zituenetik 14 urte bitartera. Ez dut uste inoiz gomendiorik eman nionik, eta orain ere beharrik ez du, oso gai delako lan hori primeran egiteko. Berak egiten duena oso bestelako zutabea da, zorionez, hartara BERRIAn ugaritasuna bermatzen baita».

Bertso kolpeak kolpe eta bat-batekotasunak bat-batekotasun, lan handiagoa eman dioten zutabeak ere «asko» izan dira, eta gozatu ere haiekin gozatu du gehien: «Hitz jokoekin, adibidez, edo letra bati tiraka osatutako zutabeekin. Esaterako Barcenasen B kutxari erreparatuz b hizkiaren bueltan egindako harekin, eta Rodrigo Ratori begiratuta r letra eta nire erremerre joera lotuz egindakoarekin. Halakoekin gozatu dut gehiena».

Otamendik gogoan du duela urte batzuk ere egon zela zutabea uztekotan Lertxundi: «Orduan segi zezan konbentzitu ahal izan genuen, bazkari baten bueltan. Oraingoan ez nintzen saiatu, berari eta bere lanari errespetua faltatzea irudituko bailitzaidake. Izugarria da egin duen lana, eta izugarria zor dioguna».

Esker ona itzultzeko du Lertxundik ere. «Aukera eta pagotxa izan da BERRIAn egunero idatzi ahal izatea. Beti idatzi ahal izan dut askatasun guztiarekin; ez dut makula txikiena ere kexatzeko. Zutabea idazteari utzi ostean iradoki izan didate ea zerbait gertatu zitzaidan, eta ez, ez dauka hortik ezertxo ere ez. Kontu pertsonalek eta nire denbora osoa literatur sorkuntzari eskaini nahi izateak eraman ninduten erabakia hartzera, nahiz eta erabaki zaila izan».

BERRIAtik azken enkargu bat eskatu zioten, ordea. Hitz Beste 2003-2017 liburua osatzeko zutabeak aukera zitzala. Lan handia, inondik ere. Zutabeen bilduma «ugaria izan zedin» saiatu zen, «ez zedila alor batera murriztu». Hala sartu ditu euskarari buruzkoak, «politikaren alorrean gaur egun zeresana izan dezaketenak», libertimenduzkoak edota egunerokotasunari loturikoak. Liburua osatzeko, hamabost ilustraziogileren irudiak ere sartu dituzte: Exprai, Maite Mutuberria, Ainara Azpiazu Axpi, Eider Eibar, Zaldieroa, Antton Olariaga, Marko, Joseba Larretxe, Leire Salaberria, Maite Caballero, Asisko Urmeneta, Maite Gurrutxaga, Savanna, Unai Gaztelumendi eta Iñaki Martiarena Mattin.

Utzi zion BERRIAn zutabeak idazteari, baina ez erabat. Ezin. Orain, besteak beste, Hiruko (H)itza idazten du hilean behin...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna