Migel Zeberio.
ANALISIA

Kantuz hornitutako edertasuna

2015eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Izaera, pentsaera eta, finean, kultura anitzetatik edaten aritu gara azken egunotan herriko kantuaren azokan, Tolosako Abesbatza Lehiaketan. Gozarazi digute, eta, halere, epaituak izan dira, hori baitzuten xede. Zaku berean Madrilgo Jorcam haurtxoz osatutako talde xarmanta, ikasketa eta pedagogia lehenesten dituen proiektu interesgarria, maisutasunez zuzendutako Stockholmeko Musikgymnasium eskolako nerabeen taldea edo behingoz garaipena lortzeko irrikan gogor lan egin duen Mikrokosmos (Frantziako Errepublikarenloria).

Lehiaketa bi parametrotan banatzen da; batetik, musika adierarik zabalenean, doinuen bidez sentimenduak pizteko bide erabiltzen duena, eta, bestetik, musikaren era eta garai jakin batzuk lantzeari eskainitakoa. Lehena unibertsalagotzat eta gaur egungotzat jo genezake. Bigarrena, berriz, historian zehar musikak izan dituen garai eta estetika (mendebaldekoak beti) jorratzen dituena. Azken kantaera horiek polifonia saileko zati handia ordezkatzen dute, eredu itxiago eta aurreiritziz beteagokoak dira, eta, oro har, haiek menperatzeko gaitasuna gure garaiko musikarekiko dutenaren aldean nabarmen apalagoa da. Polifonia sailean zenbait garaitako estiloak ordezkatuko dituzten obrak kantatzera behartzen ditu araudiak, eta, noski, haiek egiteko garaikoa omen zen maneran egiteak eskatzen duen malgutasuna eta ezaguera edo, besterik gabe, estilo zaharkitu horri buruz izan dezakeen gogoa hala-nolakoa izan daiteke. Emaitza zuzena da, koru guztiek folklore sailekoaren aldean duten puntu galera litzateke.

Exotismotik harago, Japoniako Suginami & Kikuka-ko ahots zuriengandik etorri zen beharbada doinurik desberdinena, zuzen eta sarkorra berau; lehen ahotsak egiten zituztenen artean gizonezkoa ere bazen, gure harridurarako. Letoniako Emil Darzinsek, berriz, tinbre bero eta sentikorretatik jo zuen eta ezezaguna zaidan T. Machuel konpositorearen euskal kantua ere lortu zuen nonbaitetik guri eskaintzeko. Cantuseko emakume norvegiarrei goxotasuna zerien aldi oro; kanta bikainen artean, E. Barnum- enHeaven Full of Stars eta F. Fjellheim-en Eatnemen vuelie nabarmentzekoak.

Puntuazioari dagokionez, platerik mikatzena Argentinako Tousek jaso du: ehuneneko gutxirengatik laugarren egin du. Polifonia eta folklorean, tango erritmo eta Pampa usainak gurera ekarri, baina ezin saririk eraman.

Haurrei dagokienez, Estoniako Musamari koruko neskatoek talde polita osatzen dute, eta era jolaskorrean lan egiteko aukeraz baliatzen dira, Jorcam madrildarren antzera. Lehengaia haurrak izanik, modu ona dela deritzot haurren heziketa lehenesteko. Tiara Rigako Katedraleko neskek, berriz, adinean nerabezaro inguruan izanik, emakume korutik hurbilago dagoen kontzeptu serioagoaren arabera zuten antolatua lana, indartsu eta malgu. Ur sakonetan arakatzen aritzeko moduko taldea da. Ezustekoa, berriz, Herrialde Katalanetako Amics de la Unio haurren koruak eman zuen. Koreografiari eta mugimenduari tarte zabala eskaintzeaz gain, teknikoki oso zorrotz ibili zen taldea, freskotasunik galdu gabe afinazioari eusteko gaitasun handiz, eta zuzendariaren musika kontzeptu landuak argitasunez erakusteko trebeziaz. Amaitzeko, Mirokosmosi buruz zerbait esan behar: saio bakoitza loturazko motibo baten inguruan harilkatua eskaini ziguten, kantu guztien artean osotasun bakarra lortuz. Ondo olioztatuko ingenio edo tramankulu sonoroa taularatu zuten, atsedenik gabe martxan dabilena eta giro batetik bestera garamatzana. Emanaldiaren osotasuna, zorroztasuna, jakinduria etagaitasun handiko ahotsen bidez batasunean jositako dozena erdi puskaz osatutako oihal koloretsua osatu arte. Badugu erreferentzia ugari ikasten jarraitzeko!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.