Vittorio Taviani

Anaia zurtz utzi du, baita bien sorkuntza ere

Vittorio Taviani zinemagile italiarra zendu da, 88 urte zituela. Paolo anaiarekin batera, konpromiso sozialez eta poetika propioz hornitutako ibilbidea osatu zuen zineman, 60ko hamarkadatik aurrera.
QUIQUE GARCIA / EFE

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko apirilak 17
Gavino Leddaren autobiografia nobelatuan oinarrituriko filma da Padre padrone, Paolo eta Vittorio Tavianik sentiberatasun apartekoz pantailaratu zutena, 1977an, eta, Italian ez ezik, nazioartean ere oihartzuna eskuratu zuena. Bere aitaren despotismo eta tirania molde autoritarioei aurre egiten dien artzain gaztearen istorioa kontatzen du filmak. Cannesko zinema jaialdian Urrezko Palma irabazi zuen urte horretan bertan. Iragan igandean hil zen Vittorio Taviani, 88 urte zituela. Gavino Leddak zinema zuzendari zendu berriaren alderdirik gizatiarrena oroitu zuen albistea jakin bezain pronto. «Filma Erroman estreinatu ondoren, gaizki sentitu nintzen, eta deitu egin nion Vittoriori. Bera eta Paolo segituan etorri ziren nire hotelera, eta mediku bat eraman zuten. Osatu arte, nirekin egon zen. Vittorioren gizatasun eta altruismo guztia erakusten du gertaera soil horrek».

Vittoriok anaizurtz utzi du Paolo, eta baita sorkuntzarako lagunzurtz ere, bien artean ondu eta osatu baitute mende erditik gorako ibilbidea zinemagintzan. Elkarrekin zuzendu zituzten ia hogei film inguru, 1954an San Miniato, luglio '44 film laburra egin eta gero. Italiako herrixka horretan, Bigarren Mundu Gerran tropa naziek egindako sarraskia kontatu zuten.

Tavianitarrek unibertso eta lengoaia propio bat sortu zuten, euren estiloa ezaguterraz bilakatuz urteek aurrera egin ahala. 60ko hamarkadaren amaiera aldera konpromiso sozialez eta salaketa politikoz ondo hornitutako istorioak lantzeko trebeziagatik nabarmentzen hasi ziren. Formari ere garrantzia ematen zioten, lengoaia poetiko bat erabiliz.

Aita, abokatu antifaxista

Vittorio 1929an jaio zen, anaia baino bi urte lehenago, Toscanako San Miniato herrixkan. Unibertsitatera ere anaiarekin batera joan zen, zuzenbidea ikastera. Marcello Mastroianni aktoreak —bi anaiekin lan egin zuen Allonsanfan filmean, 1974an— pertsona bakarra balira bezala tratatzen zituen, Paolovittorio izendapenarekin.

Abokatu antifaxista baten semeak ziren, baina ikasketak alboratu zituzten biek, zinemagintzan buru-belarri sartu nahi baitzuten. Elkarrekin zuzendu zuten lehen film luzea I sovversivi izan zen, 1967koa. Palmiro Togliattiren heriotzaren osteko Italiako alderdi komunistaren egoera zein zen azaldu zuten film horretan. Padre Padrone-ren ondoren, La notte di San Lorenzo filmak eman zien ospea eta oihartzuna. Bigarren Mundu Gerra ostean euren jaioterriko biztanleen egoera tamalgarria islatu zuten. 1982an filmatu zuten, eta epaimahaiaren sari nagusia jaso zuten Cannesko jaialdian. Zenbait gorabehera izan ondoren, 2012an berreskuratu zuen publiko nahiz kritikaren onespena, Cesare deve morire lanarekin. Erromako Rebibbia espetxeko presoen inguruko istorio berezia kontatu zuten film horretan. Vittoriok 83 urte zituen ordurako, eta Berlingo zinema jaialdiko Urrezko Hartza saria eskuratu zuten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna