Musika

Rock mixtura

The Dustaphonics Londresko rock-and-roll eta soul taldeak bi kontzertu emango ditu gaur Euskal Herrian; Bilboko Satelite T aretoan lehena, eta Eibarko Portalean bigarrena.

The Dustaphonics, zuzeneko emanaldi batean. BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2018ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Hamar urte bete dituen proiektua da The Dustaphonics Londresko rock—and—roll taldearena. Yves Serrano musikari eta DJ frantsesa da taldearen sortzaile eta gidaria; gainerako musikari eta kantariak aldian-aldian eta txandaka aldatu egiten dituzte. Rock—and—rollaren kontzeptu oso zabala izanik, eta hainbat garaitako erreferentziak bilduz, zuzeneko emanaldietan jartzen du indar berezia The Dustaphonicsek. Atzo, Gasteizko Helldorado aretoan aritu ziren, eta gaur bi saio dauzkate. Bilboko Satelite T aretoan ariko dira eguerdian, 13:00etatik aurrera, eta Eibarko Portalea kultur etxean (Gipuzkoa) 19:30ean.

Taldearen sorrerak lotura estua dauka zinemarekin, Tura Santana zinemagile estatubatuarrak—Faster Pussycat Kill Kill filmeko kultuko aktoreak Serranori eskatu baitzion film baterako soinu banda egin ziezaion. Healer Selecta modura urteak zeramatzan lanean Serranok, baina, eskakizun harrezkeroztik, rock—and-rolla, rhythm and bluesa eta soula zuzenean erakutsiko zituen kontzeptu berri bat birpentsatzenhasi zen. Eta hala sortu zuen The Dustaphonics.

Taldeak XX. mendeko bigarren erdian garatu ziren hainbat musika estilo bizi bereganatu eta nortasun propioz taularatzen ditu. Energia handiko taldea da, oroz gain. 50eko eta 60ko hamarkadetako rhythm and bluesa, rock-and-rolla eta rockabillya, eta 70eko hamarkadako surf instrumentala, soula, funka, garagea eta punka uztartzen ditu. Bo Diddley, Dick Dale, Nick Waterhouse eta Imelda May dira aipatzen dituzten erreferenteetako batzuk. Guztia bere koktelontzian sartu eta festa bihurtzen dute, Serranoren gitarra gidari hartuta.

Dan Aykroyd lagunduz

Orain artean egindako ibilbidean, The Dustaphonicsek bi disko argitaratu ditu: Party Girl (2011) eta Big Smoke London Town (2011). Talde ezagun askoren laguntzaile bezala aritu izan dira urteotan guztiotan, eta, besteak beste, Dan Aykroyd The Blues Brothers taldeko sortzailearen zuzeneko talde bezala ere aritu izan dira. Euskal Herrian egiten ari diren biran Hailey Red ari da kantari modura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.