Musika

Bizitza bat hiru aletan

«Esateko zerbait» duenean baino ez da sartzen estudiora Nick Garrie. Horrek musikari ezkutuko bihurtu du, nahiz eta haren lanek musikari dotore eta dirdiratsua dela erakutsi.

Nick Garrie, bere azkeneko diskoaren azalean ageri den argazkian. BERRIA.
mikel lizarralde
2018ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Hiru disko mende erdian. 50 urte ibilbide artistiko bat osatzeko. Eta 68 urte bizkarrean. Musikari batek—edo artista batek— bete ohi dituen parametroetatik kanpo kokatzen da Nick Garrieren ibilia (Ingalaterra, 1949). The Nightmare of J.B. Stanislas (1968) diskoak haren dohainak erakutsi zituen arren, Garrie musikaren industriaren gurpiletik kanpo gelditu zen 60ko hamarkadaren amaieran, eta dela berak ez duelako askorik landu autosustapena, dela haren musika belarri gutxitara iritsi delako, 50 urte hauetan grabatu dituen hiru diskoak pop barrokoaren harribitxi ezkutuak dira oraindik ere. Azkena, The Moon & The Village, 2017aren hondarretan kaleratu zuten, eta Garrieren dohain guztiak uzten ditu agerian.

Disko madarikatuak asko dira pop musikaren historian. Tratu txarra jaso duten maisulanak, egileek berek errefusatu dituzten lan apartak, beren garaian ulertu ez ziren disko berritzaileak... Gutxi izango dira, ordea, The Nightmare of J.B. Stanislas-ek adinako zangotrabatzea jasango zutenak. Garrie Frantzia hegoaldean bizi zen 1968an, eta Lucien Morisse AZ diskoetxeko buruak —Brigitte Bardotenak ere kaleratzen zituen— berehala ikusi zuen talentu handia gazte harengan; hainbesteko talentua, non bere zigilurako fitxatzeaz gain, 56 musikariz osatutako orkestra bat ere jarri zion kantu eder haiek atontzeko, nahiz eta Garriek nahiagoko zuen modu soilean grabatu. «56 musikarirekin, nik galduta ikusten nuen neure burua. Gustatzen zaizkit kantuak, baina nirea ez den zerbait bezala ikusten dut diskoa. Ahotsa, gitarra eta teklatua nahikoa zirela uste dut», adierazi zuen orain dela urte gutxi batzuk, diskoa oroitzean.

Morisseri apustu egitea gustatzen zitzaion —eta ez bakarrik apustu artistikoak—, eta, zorrek itota, bere buruaz beste egin zuen diskoa kaleratu eta egun gutxira. Diskoa umezurtz eta inolako sustapenik gabe utzi zuen. «Inor ez zen ohartu diskoaz. Gerora, denborarekin, kultuzko disko bihurtu da, eta pop barrokoaren obra gailentzat ere hartu izan dute. Ale batengatik 1.200 euro ere ordaindu du baten batek».

Sotoren batean pilatutako eta inork mugituko ez zuen disko sorta bat besterik ez zitzaion gelditu. Eta ahaztura jarraian. Ikusita zenbateko kasua egin zioten, erretiratu egin zen, esperientzia hura ahazteko asmoarekin. Gero, 1980ko hamarkadaren erdialdean, eta Nick Hamilton izena hartuta, Suitcase Man diskoa kaleratu zuen —harrigarria bada ere, Espainian arrakastatsua izan zen, eta Leonard Cohenekin bira bat egin zuen bertan—, baina Garrieren izena berreskuratzeko urte batzuk igaro beharko zuten artean.

Jarraitzaileen sostengua

Berrogei urte. Hori behar izan zuen Garriek bere bigarren diskoa grabatzeko (49 Arlington Gardens, 2009) eta bere estreinako lana berrargitaratua eta goratua ikusteko. Eskoziako lagunen —Teenage Fanclub, BMX Bandits eta The Delgadoseko kideen— sostenguarekin itzuli zen Garrie, garaiz kanpokoak diruditen kantu ederrez osatutako lan dotore batekin. Ez iraganean ukatu zitzaion oihartzuna lortzeko asmoarekin, baina bai bere kantuen distira erakusteko helbuarekin. Itzulera hark ekar zezakeenaren kontra, ordea, beste hamar urte behar izan ditu hirugarren lana argitaratzeko. Horrek, baina, ez dio loa kentzen. «Zerbait kontatzeko dudanean baino ez naiz sartzen estudioan».

The Moon & The Village-k sakondu egiten du aurreko diskoak markatutako bidean. Dir-dir egiten duten melodiak biltzen ditu, John Caleren edota Kevin Ayersen disko batzuei zerien dotorezia klasiko baina jostalaria dario, eta konponketa finez jantzia dago —ez da harritzekoa, The Ladybug Transistor taldeko kideak atzean egonda—. Ordu erdi eskasean 11 kantu bildu ditu Garriek, laburrean erakutsiz bere oinarrian Cat Stevens eta Donovan egon daitezkeela, baina ahots —bi adieratan— propio bezain iradokitzailea duela. Adinak sakontasuna eman dio haren bozari, baina goxotasuna eta hurbiltasuna ez ditu galdu bidean, The Moon & The Village kantu malenkoniatsuak, country ahaireko Music from a broken violin-ek eta beste hamaika kantuek erakusten dutenez.

Orain, ea ez den beste hamarkada bat pasatzen beste disko bat grabatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.