Musika

Harribitxiaren aitzakian

Hogeita hamar urte dira The Stems Australiako taldearen 'At First Sight Violents Are Blue' lan arrakastatsua argitaratu zela. Gasteizen eta Donostian joko dute datorren astean.

Australiako The Stems taldeko kideak. BERRIA.
aitor biain
2018ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Zaleengandik bi aldiz agurtzea ez da aski batzuentzat, are gutxiago harribitxi bat esku artean izanda. Hori da Australiako The Stems taldearen kasua. Izan ere, 30 urte dira taldea gorenera eramateaz gain desegitera ere eraman zuen diskoa argitaratu zutela. Ibilbide labur baina oparoa izan zuten australiarrek 1980ko hamarkadan, eta beste hainbeste 2000koan, berriz elkartu ostean. Gasteizen eta Donostian kontzertua eskainiko dute datorren astean.

1983an hasi zuen ibilbidea taldeak, Dom Marianiren eta Richard Laneren bideak elkartu zirenean. Gary Chambers eta John Shuttleworth batu zitzaizkien berehala, eta The Stems izango zena eratu zuten orduan. Urtebete geroago igo ziren agertokira lehen aldiz, ordea, The Triffids eta The Saints taldeekin batera PerthekoOld Civic antzokian (Australia) emandako kontzertuan. Zuzenekoak alboratu gabe, kantu propioak sortu eta grabatzen hasi ziren modu paraleloan, Sydneyko Citadel Records etxea bidelagun. Make You Mine, She Is A Monster, Tears Me In Two eta Can't Resist single entzutetsu bilakatu ziren oso, eta taldea gero eta sona handiagoa hartzen hasi zen Australiako musika independentearen zerrendetan: arrakastaren lehen urratsak ziren haiek. Undergroundaren bidetik abiatuta, poparen eta rhythm and bluesaren zantzuak uztartu ditu beti taldeak, melodia itsaskorrak eta gitarra soinu gogorrak alboratu gabe.

Love Will Grow izan zen taldearen lehen saiakera sendoa, 1986an argitaratutako eta lau abestiz osatutako LPa; etortzear zenaren abisua izan zen. Hurrengo urtean kaleratuko baitzuten taldearen ibilbideko lanik esanguratsuena: At First Sight Violets Are Blue (1987). Goia jo zuen Mushroom Records ekoiztetxearekin argitaratutako The Stems taldearen musika ibilbideko lehen bilduma hark. Milaka kopia saldu zituzten, eta Australian gehien saldutako diskoa izatera iritsi zen 1980ko hamarkadan, nahiz eta irrati komertzialek ez zuten aintzat hartu hasiera batean. Kritika azpimarragarriak egin zizkioten diskoari, batez ere nazioartean. Hori gutxi ez, eta Rolling Stone aldizkariak Australian inoiz argitaratutako 100 diskorik onenen artean sartu zuen 1993an.

Guztira, hamabi abestiz osatutako bilduma izan zen. Tartean dira, esaterako, rock-and-rollaren gitarra soinuak daramatzan Sad Girl, lelo itsaskorrak dituen Rosebud, teklatu psikodeliko dantzagarrien Man with The Golden Heart, For Always melodikoa eta baita The Beatlesen pop kutsua duen Can't Forget That Girl ere.

Dena ondo bidean zela ematen zuen: arrakastaren bidean zihoazen, oihartzun nabarmena zuten AEBetan eta Europan, kantuak zerrenda guztietan zituzten... Baina ez zen nahikoa izan, ordea: taldearen orekari eutsi ezinik, desegin egin baitzen urtea amaitu aurretik. Taldekide bakoitzak bere bideari ekin zion orduan. Don Mariani, esaterako, Someloves eta DM3 taldeetan aritu da; bakarka ere probatu du, eta konpositore fina izaten jarraitzen duela erakutsi. Richard Lanek eta Gary Chambersek, berriz, Chevelles banda eratu zuten.

2003an, hala ere, ibilbide berri bati ekin zion Australiako taldeak; berriz elkartu, eta kontzertu bira erraldoia eman zuen mundu guztian zehar. Hori aski ez, eta iraganetik bizi beharrean, bigarren diskoa ere argitaratu zuen taldeak 2007an: Heads Up. Betiko soinua galdu gabe, lan txukuna ondu zuen taldeak. Kritika bikainak jaso zituen hark ere. Lehenengo bilduma arrakastatsu hura argitaratu zutela hogei urte pasatu baziren ere, abesti arrakastatsuak egiteko zuten gaitasuna azpimarratu zuten, eta bigarren aldiak ere onak direla argitu.

30. urtemuga

Bigarren aldiak, ordea, ezin du inoiz lehena gainditu, are gutxiago lehena harribitxia baldin bada. At First Sight Violets Are Blue hura The Stemsen onena eta txarrena izan zen: alde batetik, taldea gorenera eraman zuen lana izan zen; baina, bestetik, arrakastaren presioak taldekideengan izan zuen eragina ere ikusarazi zuen aldi berean. Nolanahi ere, arrasto ikaragarria utzi du bilduma hark azken 30 urte hauetan.

Bada, arrasto hura berrekuratu nahian, oholtzara itzuli dira berriz bildumaren 30. urtemugaren aitzakian. Australian hasi zuten kontzertu bira, eta Europan zehar ariko dira datozen hilabeteetan. Bira horri lotuta iritsiko dira, hain zuzen, Euskal Herrira —aurrez ere izanak dira Euskal Herrian: 2010ean izan ziren, Andoainen (Gipuzkoa)—. Bi emanaldi eskainiko ditu taldeak oraingoan: Gasteizen bata, asteazkenean, eta Donostian bestea, ostegunean.

KONTZERTUAK

Asteazkena. Gasteizen,EHUko unibertsitate pabiloian. 19:00etan. Sarrera: doan.

Osteguna. Donostiako Kutxa Kultur Klubean. 20:00etan. Sarrera:15 / 18 euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.