Musika

Jazarpenaren kontra, dantza

Ibilbide harrigarria egin du U.S. Girlsek; noise-ambient ilunetik aldarrikapen kutsu ageria duen soul eta funk dantzagarrira. 'In a Poem Unlimited' du azkeneko lana Meg Remyk.
Musika beltzaren eragin nabarmena dute U.S. Girlsen azken lanek.
Musika beltzaren eragin nabarmena dute U.S. Girlsen azken lanek. BERRIA

Mikel Lizarralde -

2018ko martxoak 18
Lehen entzunaldi batean, harridura sor diezaioke 2000ko hamarkadan U.S. Girls taldearen lehenengo diskoak entzun zituenari Meg Remyren proiektuaren azkeneko lanak. Ez In a Poem Unlimited-ek (2018) aurreko guztiarekin hausten duelako, baina bai orain dela hamar urte grabatu zituen aurreneko lan haiekin (Gravel Days eta Introducing...) zerikusi gutxi duelako musikari estatubatuarraren azkeneko diskoak. Estreinako lan haiek bere barrura begiratzen zuen artista gazte bat aurkezten zuten, droneetan eta errepikapenean oinarritzen zen musika ilun eta hermetikoa lantzen zuen musikari bat. Go Grey (2010) eta U.S. Girls on KRAAK (2011) lanek zabaldu egin zuten U.S. Girlsen proposamena, pop doinu batzuei ere lekua eginez, baina artean ilunpeetan eta abstrakzioan mugitzen zen Meg Remy.

Argia ikustearekin batera, kanpora begiratzeari ekin zion arte. Lehen, musika bera zuen diskurtsoaren mezu nagusi Remyk —nahiz eta, kontuan izanik bera dela taldeko kide bakarra, proiektuaren izenak ezkutatzen duen ironia ukitu bat—, baina Gem (2012), eta batik bat, Half Free-rekin (2015) U.S. Girlsen musikak, diskurtsoak alegia, aurrerapauso nabarmen bat eman zuen. Remyk goxotu eta leundu egin zuen bere proposamen musikala, arnasa hartzen utzi zion bere musikari, eta pop konbentzional edo mainstream-aren ukituak hartu zituzten bere kantuek. Poliki-poliki eta urrats txikiak eginez. In a Poem Unlimited da, oraingoz, garapen horren azkeneko alea, eta U.S. Girlsek egin duen bidearen erakuslerik nabarmenena. Musika inoiz baino leunago eta dantzagarriagoa ageri da, soul, funk eta disco garaikidetik hurbil; baina, era berean, hitzetan inoiz ez bezala ageri da Remy: gogor, gordin eta aho bizarrik gabe. Gauzak ditu esateko.

Patriarkatua jomugan

In a Poem Unlimited-en aurrerapen gisa, joan den urteko azaroan Velvet 4 Sale singlea argitaratu zuen U.S. Girlsek, 1970eko hamarkadako R&B leunaren aztarnak dituen kantua. Bertan, sexu jazarpena egiten dieten gizonezkoen kontra armaz altxatzen diren emakumeez osatutako mundu bat irudikatzen du Remyk. «Ez nago indarkeriaren alde», zehaztu du musikariak. «Ez da eraginkorra. Eta nahiko nuke emakumeak ez armatzea egiazki gizonen aurka... Baina gizonezkoak zortekoak dira mendeku hipotetiko hori orain arte gauzatu ez dugulako».

Beste musikari estatubatuar asko Donald Trumpez oroitzen diren garaiotan, Remyk Barack Obamaren kontra egiten du, gogoraraziz Ekialde Hurbileko herrialdeen aurka hark egindako erasoak (M.A.H.). Baina In a Poem Unlimited-en oinarrian, Remyren beraren bizipenak eta iritziak ezkutatzen dira batik bat: «Nire bizitzako zenbait istorio kontatzen ahalegintzen ari naiz; bizi izan ditudan hainbat esperientziarekin zintzoa izaten». Azkeneko hilabeteetan #MeToo kanpainari esker azaleratu diren jazarpen eta eraso kasuek horretarako bidea eman diote kantari eta musikari estatubatuarrari. «Badakit neure burua erakusten dudala, arrisku bat hartzen dudala, eta zailagoa dela horrela [diskoa] saltzea... baina ez dakit ahoa itxita edukitzen».

Mezu gordinak janzteko eta biltzeko, baina, U.S. Girlsek bere ibilbideko soineko erakargarrienak jantzi ditu, eta, hala, disco klasikoaren aztarnak (M.A.H), soul sofistikatua (Time), Madonnaren La isla Bonita-ren berrirakurketa dirudiena (Pearly Gates) eta funk industriala (Incidental Boogie) azaleratzen dira diskoan. Beti ukitu sofistikatu batekin, baina dantzarako beta ematen duten estiloak.

Half Free-k ireki zuen In a Poem Unlimited honetarako bidea, baina harekin alderatuta, ezaugarri bereizgarri bat dauka lan berriak. Orain arte sintetizadore, erritmo kutxa eta sekuentziadoreez lagunduta egiten zuen lan Remyk; orain, ordea, egiazko banda batek lagunduta grabatu du diskoa. Hor egon daiteke In a Poem Unlimited-eri darion hurbiltasunaren eta goxotasunaren gakoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna