Betiereko erregina

Kontzertuak emateari utziko dio Aretha Franklin abeslariak datorren urtetik aurrera. Irailean disko berria kaleratu, eta aurkezpen birarekin agurtuko ditu entzuleak.
Aretha Franklin kantuan, Detroiten egindako ekitaldi batean, 2011ko irailean.
Aretha Franklin kantuan, Detroiten egindako ekitaldi batean, 2011ko irailean. JEFF KOWALSKY / EFE

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2017ko otsailak 19
Esan beharra daukat, aurten erretiratuko naiz». Lady soul edo soularen erregina ez da oholtza gainean berriz izango datorren urtetik aurrera. 56 urte musikari eskaini ondoren, mikrofonoak utziko ditu Aretha Franklinek (Memphis, AEB, 1942). Zuzenean ez dira gehiago entzungo Think, Respect edo Baby I Love You abestiak. Ez dio abesteari utziko, ordea. Diskoak grabatzen jarraituko duela azaldu du. «Lan bereziak egiten jarraituko dut». 75 urte betetzear da abeslaria, eta irailean kaleratuko duen lana prestatzen dabil. Stevie Wonderrek ekoitziko du albuma, eta estudioan grabatutako 42. diskoaren aurkezpen bira izango da soularen eta gospelaren ikurraren azken agurra.

Aurpegi asko gordetzen dira Franklin bakarrean. Soul estiloan koroa jarria badiote ere, eroso mugitzen da jazz, gospel, rock eta popean ere. Ahotsa du musika tresna, eta, ezbairik gabe, abeslari handienen zerrendan dago gaur egun. Rolling Stone musika aldizkari sonatuaren arabera, historiako abeslaririk onena da. Alisson Krauss abeslariaren ondoren, Grammy sari gehien irabazi dituen kantaria ere bada —hemezortzi ditu—. Musika garaikidean eragin gehien izan duen artistetako bat da Franklin; ondorengo abeslarien inspirazio iturri, eta soularen munduak duen ikono nagusia. Berrogeita hamar urte baino gehiago dira abesten hasi zela, eta, zuzeneko ahotsa itzaliko badu ere, bozgorailuetatik luzaro entzungo dira haren doinuak.

Gospelarekin hazi eta hezi

Gospela erroetan darama Franklinek. Abeslariak zituen aita eta ama ere, eta txikitatik datorkio musikarekiko zaletasuna. Ama etxetik joan ondoren, Detroitera egin zuen sei urterekin, aita eta bi ahizpekin batera. Sermoigilea izan zuen aita, Clarence L. Franklin, Detroiteko New Bethel Baptist elizan, eta zuen karismagatik eta arrazakeriaren aurkako mezuengatik, milioi bat dolarreko ahotsa goitizenez egin zen ezaguna AEBetan. Martin Luther Kingen konfiantzazko laguna ere bazen. Sermolariaren alabak berak abestu zuen, gerora, Luther Kingen hileta elizkizunetan.

Giro horretan hezi eta hazi zen soularen dama: Elizaren, AEBtako eskubide zibilen aldarrikapenen eta arrazakeriaren artean. Rosa Parksen autobus eserlekuaren eta Dinah Washington jazz abeslariaren ahotsaren artean. Bederatzi urte zituenerako, aitaren elizan abesten ziharduen, eta pianoa ere bere kabuz jotzen hasia zen. Hamalaurekin grabatu zuen estreinako diskoa, gospel doinuekin.

Eliza giroa utzi, eta etorkizun bila jo zuen Manhattanera, hemezortzi urte zituela. Columbia Records diskoetxearekin eta John Hamond produktorearekin hasi zen lanean han. Hamondek ez zion Franklinen ahotsari askatasunik eman, ordea. Billy Hollidayren ordezko gisa hartu zuen abeslari gaztea, eta pop estilora mugatu. Hamar disko grabatu zituen diskoetxearekin, eta horien artean bakarra egin zen ezaguna: Rock a Bye Your Baby with a Dixie Melody.

Hegoak moztu zizkioten urte horietan guztietan. Bere sustraietara itzultzeko gogoz, Atlantic Records etxera jo zuen 1966an. Berezko dohainak atera, eta eztanda egin zuen Franklinek orduan. Gerora etorri ziren arrakasten zerrenda luzeko lehen lana kaleratu zuen, 1967an: I've Never Loved a Man. Soul, gospel, rock eta pop estiloak nahasi zituen, eta ordukoak ditu lanik ezagunenak. Tartean, Respect. 1965ean Otis Redding abeslariak idatzi eta grabatutako abestiaren bertsioa egin zuen Franklinek, eta emakumeen eta eskubide zibilen sinbolo bihurtu zen doinua berehala —Negu Gorriak musika taldeak ere egin zuen Reddingen abestiaren bertsioa, Salam, Agur diskoan, Errespetua izenburupean—. Bildu dituen hemezortzi Grammy sarien lehen aleak jaso zituen abeslariak Respect kantuarekin, eta bere ibilbideko lanik oparoenak ekoitzi zituen ondorengo urteetan; besteak beste, Baby I Love You, Chain of Fools, Since You've Been Gone eta Aretha Now. Orduko arrakastatatik datorkio Soularen erregina goitizena.

1970eko hamarkadatik aurrera atera zituen lanak ez ziren horren sonatuak izan. Disko bat bestearen atzetik kaleratzen jarraitu zuen, edonola. Eta harribitxiak utzi zituen bidean: Free Way of Love, kasurako. Hala ere, mende berriarekin batera kaleratu zuen, hainbat adituren arabera, haren ibilbide osoko lanik onena dena: So Dam Happy. Garai berrietara egokitzen dakiela erakutsi zuen abeslariak lan harekin, eta belaunaldi berriak erakartzeko gaitasuna ere aitortu zitzaion.

Ordutik hona kaleratu dituen hiru albumak hainbat abeslarirekin batera grabatutako abestiekin osatu ditu. Askoren artean, Whitney Houston, Elton John, George Michael eta Mariah Carey abeslariekin. Irailean aurkeztuko duen 42. diskoa abesti berriekin osatu duela iragarri du, eta Franklinen hitzetan, «norabide askokoa» da lana. «Ez dut estilo bakarrean sailkatu nahi». Grabatutako disko horiez guztiez, 98 single ere baditu 74 urteko artistak.

Mugimenduen ikur

Franklinek ez du sekula aldarrikapen politikorik gidatu, baina haren ahotsa belaunaldi oso baten ikurra izan da. Arrazakeriaren aurkako eta afroamerikarren eskubideen aldeko mugimenduari estuki lotuta joan dira haren doinuak, batez ere. Rock and Roll Hall of Fame museoan sartu duten lehen emakume abeslaria ere izan da.

Dama, erregina eta autodidakta. Agur esango du, agur esan gabe. Ez du zuzenean gehiago abestuko. Baina, oraindik ere, maiz kantatuko dira haren abestiak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna