Uxue Razkin.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Jolasean

2021eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Ugariak izan daitezke irratia pizteko arrazoiak. Otu zitzaidan lehena informazioa izan zen. Gaurkotasunak badu pisua uhinetan, ezin da hori uka. Era berean, ikasi ere egiten dugu, batez ere arratsaldeko irratsaio tematikoei esker; literatura, musika, zientzia alorreko azalpenak aditzen ditugu eskolak bailiran. Irratiak konpainia egiteko ahalmena ere badu: behin baino gehiagotan aipatu dugun moduan, bakardadea leuntzen du. Horrez gain, ezin da ahantzi entretenitzea ere jomuga duela, eta saio batzuen lehiaketek zein jolasek entzuleen parte-hartzea sustatzen dutela.

Horri jarraiki, SER kateko La Ventana saioaren El juego de los detectives (Detektibeen jolasa) nabarmenduko nuke. Asteartero, Carles Francino gidari, hiruzpalau kasu agertzen dituzte, esaldi misteriotsu bat hizpide dutelarik. Hori ebazten saiatuko da entzulea, galderak eginez, bai sare sozialen bai telefonoaren bitartez. Esatariak soilik «bai», «ez» eta «ez da garrantzitsua» erantzun ahal izango du, Black stories karta-jokoan gertatu bezala.

Ez nion fede handirik saioari. Hasieran pentsatu nuen aspergarria egingo zitzaidala. Bada, hasi eta gutxira, jolasak harrapatu ninduen. Entzuleen teoria zoroak eta galdera bitxiak zoragarriak iruditu zitzaizkidan; Agatha Christieren eleberriak irakurtzean izaten ditudan burutazioak bezalakoak izan ziren, lar burugabeak. Argi gelditu zen entzuleek detektibe sena oso zorrozturik ez zutela. Halere, hori izan zen dibertigarriena: akats-multzoek sortzen dituzten istorio alternatiboak aditzea.

Jolasari dagokionez, erraza eta dinamikoa da, eta barre egiteko abagunea eskaintzen du. Esataria eta entzuleak behingoaz dimentsio berean aditzen ditugu. Ariketa polita da zuzeneko hartu-eman hori, eta tarteka-marteka halako saio ozarrak izatea. Mundu hori gurera ekarriz, Gazteako Dida!-n bada jolas bat kanta baten letra zati batetik abiatuta euskarazko abestia asmatzea helburu duena. Whatsappen bidez parte har daiteke: letra zatia euskaratu, eta, ondoren, abestia zein den igarri. Bestea baino laburragoa da, baina entretenigarria oso.

Oro har, jolasek irratian duten presentzia oso ñimiñoa da; esan genezake kasik anekdotikoa dela, baina hausnartzeko ematen du: irratiak forma eta eduki ezberdinetara moldatzeko duen gaitasuna zinez da harrigarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.