Literatura. 'Hitzen ahairea'

Hitzak eta poemak

Idazlea: Gotzon Barandiaran. Argitaletxea: Susa.

2018ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Gustatzen zaizkit galderekin hasi eta galderekin bukatzen diren saiakerak, eta halakoxea ondu digu Gotzon Barandiaranek Hitzen ahairea izenburuaren azpian. Irakurleari hasierako eta bukaerako galderen artean garatzen zaio saiakeraren mamia, ia galderen parentesi moduko baten artean, zeinak argi uzten duen funtsean galderak baino ez ditugula, horiek direla gogoeta ororen akuilu eta helburu. Guztiz estimatzekoa iruditzen zait jarrera hori; azken finean, zintzotasun intelektuala baino ez da, saiakera batek baino gehiagok faltan duten ezaugarri bat.

Lan honetan, Barandiaranek kantagintza eta poesia uztartzen dizkigu, batari bestearen begietatik so egiteko, lehengaitzat harturik euskal kantariek musikaturiko poemak, bai eta euskal poetek idatzitako kanturako hitzak ere. Hain baita lausoa eta aldakorra bi horien arteko muga. Muga bainoago, esango nuke bidegurutze bat dagoela bien artean, edo bidegurutze ugari, nahi bada, eta egileak ederki asmatu duela, batetik, bidegurutze horiek urrunetik begiztatzen —ni neu behintzat, nire xaloan, guztiz ohartu gabea bainintzen—, eta, bestetik, behar bezala lantzen.

Izan ere, saiakerak errepaso polita ematen dio azken mende eta erdiko kantagintzari, Iparragirrerengandik Anarirenganaino. Errepaso horrekin, baina, Barandiaranek beste gai franko ukitzen ditu, guztiak ere euskalduntasunaren —edo dena delako tasun horren— bihotzean daudenak. Ez alferrik, hauxe da saiakeraren azpititulua: Zeri kantatzen diogu euskaldunok? Halatan, euskara, aberria, deserria, askatasuna eta beste hainbat kantagai agertzen zaizkigu saiakera osoan. Nolabait laburtu beharko banu, esango nuke Hitzen ahairea-k ezin hobeto islatzen duela euskaldunon autokontzientziaren bilakaera, zeina erabat zeharkatzen duten zer da nazioa, zer da lurraldea, zertan da euskara eta halako galderek, funtsean nor gara galderatik ateratzen diren horiek.

Halaber, iruditzen zait Hitzen ahairea aukera ezin hobea dela joan den mendeko euskal poesiari beste talaia batetik so egiteko, kantagintzatik, alegia, ikusteko hain justu zein ezinbestekoa izan den kantagintza poesiaren beraren bilakaera ulertzeko. Jakina da gurean behintzat poesia eta kantagintza ezin direla bereizi, baina Barandiaranek lan bikaina egin du batasun horren barrunbeak arakatzen. Orixe, Oskorri, Pott banda, Txoria txori... Mugarri garrantzitsuak kantagintzaren eta poesiaren arteko bidegurutze horietan, guztiak ere liburuan behar bezala bilduak.

Dena den, iruditzen zait saiakera labur honen lorpenik handiena zera dela: ez soilik azaltzea zeri kantatzen diogun euskaldunok, baizik baita zeri ez diogun kantatzen ere. Hizkuntzari, esate baterako, erruz kantatu diogu, baina euskaldun berriei, arrunt gutxi. Genero ikuspegiak ere badu garrantzia horretan, hasieratik egileak aitortzen baitu: «Liburu honetarako aztertu den kantagintza, ia-ia bere osoan, gizonek gizonen ikuspegitik gizonei idatzi eta kantatutakoa da». Eskertzekoa da epilogoan ere horri berariaz heltzea, baina inpresioa dut zulo eta gabezia horiek guztiak motz geratzen direla, garatu gabe, aipamen hutsean ia. Gabezia horiek seinalatzea txalogarria iruditzen zait, noski, baina nago ez ote den seinalatze hutsean geratu. Saiakeraren laburrak izango zuen eraginik horretan, noski, baina pena da hain justu hor geratzea hankamotz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.