Musika

Rockaren bizi apustuan

Chris Brokaw AEBetako musikari emankorra Codeine, Come eta The New Year taldeengatik da bereziki ezaguna. Bakarka ere osatu du bidea. Elgoibarren ariko da gaur.

Chris Brokaw 2015ean egon zen azkenengoz Euskal Herrian, The Periscope Twins diskoa aurkezten. Z / BERRIA.
itziar ugarte irizar
2018ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Underground eszenaren bidetik zabaldu du bere bidea Chris Brokawk (New York, 1964), 1990eko hamarkadan horretan murgildu zenetik. Orduan egin zuen musikaren aldeko bizi apustua, eta, inoiz gelditu gabe, irmo eutsi dio hartutako bideari. Hala mikrofono eta gitarra aurrean, nola baterian atzean, talde ugaritako kide izan da, eta bakarka ere bide oparoa osatu du, 1999tik aurrera. Formatu horretan, bakarkakoan eskainiko du emanaldia, gaur, Elgoibarko kultur etxeko sotoan, 19:00etan.

Codeine eta Come taldeetako kide izateagatik da ezaguna, batik bat, Brokaw; bi-biak post-rock eta slowcore estiloetan lorratz esanguratsua utzi duten taldeak. Bateria jotzaile gisa aritu zen Brokaw Codeinek grabatu zituen bi lanetan —Frigid Stars (1990) eta Barely Real (1992)—. Eta gitarrara itzuli zen gero Thalia Zedek ezagutu eta Come sortzea erabaki zutenean. Brokawk esana da inoiz izan duen «musika bikote onena» dela Zedek. 1992an kaleratu zuen taldeak 11:11 lehen lana, eta, horren ostean, Codeine utzi zuen Brokawk. Alde ugaritatik, aldeko kritikak jasotzen hasi zen Come, taldearen indarra eta soinu iluna laudatzen zutenak. «Ekaitzaren erdian norbait garrasika ikustea bezalakoa» zela idatzi zuten, besteak beste. Batetik hurrengora bina urteko tartearekin etorri ziren ondorengo lanak: Don't Ask, Don't Tell (1994), Near-Life Experience (1996) eta Gently, Down The Stream (1998). Tarte baterako atsedenaldi bat hartzea erabaki zuen taldeak, baina ez dira gehiago elkartu. Hala ere, Zedek eta Brokaw behin baino gehiagotan aritu ziren batera agertoki gainean. Santandergo (Espainia) Tanned Tin jaialdian, esaterako, 2008an.

Bakarrik hasteko beharra

Comerekin gelditu ostean ekin zion bakarkako bideari Brokawk. Post-rock instrumentaleko Red Cities (2002) diskoa izan zen bakarkako lan zerrenda luze baten estreinakoa. 2015eko elkarrizketa batean hala azaldu zion BERRIAri: «Arraroa zen, eta beldurra ere banuen, baina beste ezeren gainetik sentitzen nuen nire bakarkako lehen diskoa egin beharra nuela: Red Cities. Neure buruan iltzaturik zegoen ideia hori, obsesioa izateraino. Beraz, egin nuen, eta bat-batean bakarkako artista nintzen, eta beharra sentitu nuen hori zuzenean jotzeko».

Modu paraleloan, denbora honetan guztian, beste hainbat taldetan ere hartu du parte Brokawk; besteak beste, Pullman, Rivulets, Consonant eta The New Year-en. Azken horretako bateria jotzailea da Brocaw, eta, hain justu, aurreko lanetik bederatzi urte igarota, iazko apirilean kaleratu zuten Snow disko berria. «Lagunekin zenbait urtez behin osatzen dudan elkargune dibertigarri bat da».

Chris Brokaw Band taldean aritu zen 2005-2006 artean. Eta, etenik gabeko musikariaren seinale, hura utzi eta Dirtmusic sortu zuen 2007an, Chris Eckmanekin (Walkabouts) eta Hugo Racekin (Nick Cave and The Bad Seeds). Hurrengo urtean, Capitan Records zigilu propioa sortu zuen, eta horrekin kaleratu ditu harrezkero bere bakarkako lan gehientsuenak —Canaris (2008); Gracias, Ghost of The Future (2009), Tundra (2010), Macanudo Avenues (2013) eta The Hand That Wrote This Letter, besteak beste—.

Zinemarako eta beste diziplina batzuetarako musika ere konposatzen du estatubatuarrak, betiere, rock oinarri batetik abiatuta. Musikari lotutako bestelako hamaika ekimeni lotuta ere ageri ohi da haren izena, sarritan.

Euskal Herrian behin baino gehiagotan izan da Brokaw. Azkenengoz, 2015ean izan zen The Periscope Twins diskoa aurkezten. Orduko hartan aitortu zuenez, zuzenekoa du maiteago Brokawk musika sortzea bera baino. Hamaika argitalpen eta kontzerturen ondotik, haren lana publiko zabalarengana iritsi ez bada ere, jarraitzaile leialak bildu ditu inguruan hasieratik. Brokaw: «Nire jarraitzaileek, nire musika haziz eta aldatuz doan heinean, niri itsatsirik jarrai dezatela. Polita litzateke hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.