Kataluniako erreferenduma

78KO ERREGIMENAREN AZKEN HATSA

'Kafea denontzat'. Lelo horren pean sortu zen Espainiako eredu autonomikoa, 1978an. Espainiako II. Errepublikan autogobernu maila bat lortu zuten hiru herrialdeek ez ezik, beste hamaseik ere eskuratu zuten estatus hori konstituzio berriarekin. Kataluniako prozesu subiranistak ezbaian jarri du eredu guztia.
BERRIA

Jokin Sagarzazu

2017ko urriak 8
Oraintxe bertan, demokrazia ere arriskuan dago Espainian». Hitz larri horien atzean dago Javier Perez Royo Espainiako jurista entzutetsua; besteak beste, Felipe Gonzalezen gobernuaren aholkulari izandakoa. Egun, oso urrun ikusten ditu behinola bidelagun izandakoak. Oso kezkatuta dago PPren gobernua eta, bereziki, PSOE Katalunian gertatzen ari denari ematen ari zaizkion erantzunarekin. «Espainian ez da egongo demokraziarik Katalunia okupatu batekin; okupatua polizialki edo administratiboki, baina okupatua. Eta argi izan behar dute Kataluniako autogobernua ez badute errespetatzen ez dagoela demokraziarik. Oraintxe, esan daiteke konstituzioa etenda dagoela eta, beraz, baita espainiar guztien eskubideak ere».

1978ko konstituzioaren oinarriak krisian dauden galdetuta, ezetz dio. «Krisian baino gehiago, lehertuta daude», azpimarratu du Sevillako Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko katedradunak. Uste du gatazkak konponbide zaila duela, baina baduela: «Politikaren unea da». «Hau ez da konpontzen konstituzioa erreformatuta; akordio politiko bat behar da aurrena, eta, egungo egoeran, oso zail ikusten dut autodeterminazio erreferenduma ez den beste aukera bat; oraintxe saihetsezina da, eta beharbada, egin beharko litzateke. Horren ostean, has gintezke beste hipotesi juridiko batzuekin lanean: konstituzioa erreformatzen, prozesu konstituziogile bat... Nahi dena. Baina orain, une honetan, ez dut uste katalanek atzera egingo dutenik».

«Nik ere uste dut txiki-txiki eginda dagoela 1978ko akordioa, eta, agian, Perez Royok dioen moduan, erreferenduma ez den beste aukerarik ez dagoela gaur egun», dio Jose Manuel Castells legelariak. «Lege esparrua agortuta dagoenean, printzipio demokratikoak —erabakitzeko eskubideak— izan behar du lehentasuna, eta argi dago 1978ko lege esparrua apurtuta dagoela», azpimarratu du.

Abertzaletasunetik mintzo da Castells, «identitate jakin batetik». Gertatzen ari denak beretzat «bide baten amaiera» irudikatzen duela dio. Beharbada, baita maila pertsonalean ere. Frankismoaren ondorengo trantsizioan, Miguel anaiak —orduan ezker abertzaleko abokatu ezagunak— egin zuen hausturaren alde; berak, ordea, ikusten zuen aukera bazegoela konstituzioak zabaltzen zuen bide horretan aurrera egiteko. Haustura ala erreforma zen orduko leloa. Berak bigarrena hautatu zuen; «baina zalantzekin». Gerora, oso gertutik erreparatu zien Euskal Herriko eta Kataluniako autogobernuak berritzeko ahalegin guztiei. Bereziki, Juan Jose Ibarretxeren gobernuaren estatu berriak eta galdeketa legeak eginiko bideak. Erdi txantxetan-edo dio saio horien porrotaren ostean hartu behar izan zuela erretiroa: «Nekatuta edo nazkatuta; edo biak batera».

Orduko esperientziatik ondorio argia atera du legelariak: «Ikusi dut honek ez duela konponbiderik; ez behintzat ikuspuntu juridiko batetik. Ezinezkoa duela aurrera egitea egungo esparrua aldatu nahi duen ezerk. Legea bihurtu dute kartzela. Legea, konstituzioa bera da traba, arazoa, eta akordio politiko berri baten edo batzuen bidez bakarrik konpon daiteke hori», dio EHUn zuzenbideko katedradun izandakoak.

Egun, Jakiundeko talaiatik begiratzen dio egoera politikoari. «Euskal Herrian oso hotz dago dena», dio, baina Kataluniakoak eragin dezake «berriz piztea», politikan eta kalean. «Horri batuko balitzaio Espainian ere halako gose bat, neurri batean badagoena, konponbide orokor baterako ate bat zabalduko litzateke. Ikusiko dugu, baina katalanak badoaz, eta ez dago zazpi milioi eta erdi dituen herri bat gelditzeko modurik, ez bada armekin».

Nazioarteari so

«Nik uste dut 1978ko konstituzioa malgua zela, irekia. Balekoa zela arazo hau konpontzeko, baina egin diren interpretazioek eta hartu diren beste erabaki politikoek asko zailtzen dute hori gaur egun». Eskoziatik mintzo da Elisenda Casañas Adam. Herrialde hartako Ikerketa Konstituzionalen Zentroko kidea da eta Edinburgoko Unibertsitateko irakaslea. Sortzez, Kataluniakoa da, eta «harrigarria» egiten zaio han gertatzen ari dena. «Legelari moduan, sinesgaitza egiten zait nola hain denbora gutxian hautsi den eta baliorik gabe utzi den konstituzio bat; gertuko adibiderik ez dago. Horrek asko zaildu eta luza dezake konponbidea».

Euskal Herrian ere izan zen Casañas, 2014ko martxoan, Ibarretxerekin batera eginiko mahai inguru batean. «Ez bada erabakitzeko eskubidea baimentzen, luze gabe ikusiko ditugu alde bakarreko independentzia aldarrikapenak», esan zuen orduan lehendakari ohiak. «Badirudi datozen egunetan irits daitekela aldarrikapen horietako bat», dio Casañasek. Ez du «asko sinisten» bide horretan —«Europako Batasunak ez lukeelako onartuko eta juridikoki zilegitasun eskasa duelako»—, baina uste du azkenean hori egiten bada «taktika politikoaren» barruan ulertu beharko dela, «Espainiako Gobernuaren orain arteko jarreran aldaketa behartzeko edota nazioarteko eragileak gehiago inplikatzeko, bitartekaritza bat lortze aldera».

Europako Batzordeak uko egin dio, oraingoz, ardura horri. Baina nazioartetik, Suitzako gobernuak eskaini du modu ofizilean bere burua. «Oraingoz, gutxi dira babes horiek, baina duela urtebete pentsaezina zen halakorik. Espainiaren edo Kataluniaren hurrengo urratsek —errepresioa dela, alde bakarreko adierazpen bat dela...— areagotu egingo dute kanpoko inplikazioa. Katalanek alde dute haizea, eta ezin da ezer baztertu; ezta nazioarteak independentzia babestea ere», ohartarazi du Castellsek.

Akordioa, «ezinbestekoa»

«Akordio politikorik gabe, auziak ez du irtenbide juridikorik». Horrekin bat datoz hiru legelariak. Casañasek, dena den, ez du uste egoera desbloketazeko autodeterminazio galdeketa bat ezinbestekoa denik oraintxe, Perez Royok eta Castellsek dioten bezala. Atzeratu daitekeela uste du berak. «Borondate kontua da».

Haren iritzian, galdeketa egin aurretik «independentzia ez den beste eredu bat» ere adostu beharko litzateke, eta hori ere bozketara eraman. Eskoziako kasua jarri du adibide gisa. Han, unionistek alternatibak eskaini zituzten, «autogobernu handiagoa, nortasunaren errekonozimendua, eta beste». «Katalanei ere eskaini behar zaiei egungo egoerara itzultzea ez den beste zerbait, egingarria dena eta bermatuko lukeena 2006ko estatutuarekin gertatu zena berriz ez gertatzea; bestela, ez da inoiz konponduko gatazka», azaldu du Casañasek. Horrek eskatuko luke, beraz, aurretik akordio politiko bat «Espainiako estatu eredua aldatzeko», eta, horrekin batera, erreforma konstituzional bat egiteko «konpromiso zintzoa».

«Egoeraren larritasuna» ikusita, edozein proposamen juridiko landu aurretik autodeterminazio galdeketa bat egitea beste biderik ez du ikusten gaur egun Perez Royok. Baina, oro har, bat dator Casañasen planteamenduarekin. «Erreferenduma eginda ere, ondorengo jokalekua adostu behar da», ohartarazi du. «Kontua da nola ziurtatu Espainiako Estatuak beteko duela independentziarekin batera edo independentziaren ordez proposatzen den beste hori». Legelari espainiarrak azpimarratu duenez, bermerik ez dago gaur egun horretarako, «ez berme politikorik eta ezta berme juridikorik ere». «Pentsa Auzitegi Konstituzionala sartzen dela tartean; akabo dena». Perez Royoren arabera, auzitegi horrek egon beharko luke negoziatzeko gaien artean. «Auzitegi Konstituzionalak hainbat eginkizun ditu, baina inolaz ere ezin da haren esku utzi Katalunia eta Euskadi integratzeko formula. Modu zuzenean legitimatutako organo instituzionalek egin behar dute hori: hots, parlamentuek». Baina Perez Royok salatu duenez, ahalmen hori eta konstituzioan jasota ez dauden beste batzuk — «legez kanpokoak, beraz»— eman dizkiote auzitegi horri azken urteetan «Kataluniatik zer etor zitekeen ikusita», bere eginkizunak arautzen dituen lege organikoaren erreformen bidez.

Kataluniako Estatutu berriari buruz 2010ean Konstituzionalak kaleratutako ebazpena, halaber, mugarritzat du legelari espainiarrak. «Katalunia eta Euskadi integratzeko mekanismoa» apurtu zuela dio. «Eta epai horrek utzi gaitu halako arazo bati aurre egiteko erantzun juridikorik gabe». Horrek eskatzen du «zerbait berria asmatzea», eta, funtsean, «prozesu konstituziogile batean sartzea». «1978ko konstituzioak jada ez baitu balio: erreforma ez da aski».

Baina nola abiatu bide hori edo «besteren bat»? Perez Royok zail ikusten du egungo egoeran Kataluniako eta Espainiako gobernuak mahai berean esertzea. Hori hala proposatu du Espainiako Gorteetako Konstituzio Batzordea eta kide kopuru bereko Kataluniako Parlamentuko delegazio bat biltzea, «hitz egiten hasi eta zer egin daitekeen aztertzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna