Trantsizio energetikoa

HASI DA ALDAKETA

Klima aldaketari eta beroketa globalari aurre egiteko asmoz, Parisko Akordioak zenbait helburu ezarri zituen berotegi gas isuriak murrizteko. Ordutik, energiaren mundua trantsizioan dago, iturri berriztagarriak eta efizientzia ezaugarri izango dituen eredu berri baterako bidean.
NIC BOTHMA / EFE

Irune Lasa -

2018ko ekainak 10
Hasi da. Oraindik ezin da jakin noraino iritsiko den eta zein ondorio izango dituen, baina trantsizio energetikoa abian da.

Beroketa globalaren zantzuak gero eta antzemangarriago direla, tenperaturaren igoera hori mugatzeko ezinbesteko izango diren aldaketen zantzuak ere hasiak dira nabarmentzen; gero eta presenteago daude gobernu, enpresa eta herritarren egunerokoan. Beharko. Berotegi gasen atmosferaratzeak eragindako beroketa azeleratzen ari da. Klima aldaketaren hainbat ondorio jada agertu dira, hasiera batean uste zen baino lehenago. Horregatik, gizateriarentzat gero eta premiazkoagoa da beroketa globala lehen baino lehen mugatzea.

Horixe adostu zuten 2015. urtean Parisko Akordioan: Lurreko klima aldatzen ari diren berotegi gasen isuriak murriztea. Arazo globalari erantzun globala ematea. Kyotoko Protokoloa ez bezala, Parisko Akordioak askoz serioagoa dirudi. Eta garrantzi hori, seriotasun hori berretsi egin du beste herrialde guztiek Parisen hartutako konpromisoei eutsi izanak AEBen moduko herrialde inportante bat akordiotik kanpora atera ostean.

Egia da, ingurumenera lotutako gaietan badago motiborik sinesgogorra izateko gobernuen asmo arranditsuekin. Baina oraingoan bai, orain Parisko Akordioan ezarritako helburuak bete nahi dituztela pentsatzeko arrazoiak daude. Zientzialarien alertari erantzunez, deskarbonizazioa xede, munduaren energia eredua aldatzeko inoiz baino aukera gehiago daude. Zer gertatu da horretarako?

Ingurumen ekonomista eta saiakera egilea, Antxon Olabe (Eibar, Gipuzkoa, 1955) klima aldaketan eta trantsizio energetikoan aditua da. Crisis climática-ambiental. La hora de la responsabilidad. (Galaxia Gutenberg, 2016. Klimaren krisia. Arduraren garaia) liburua idatzi du, eta gaiari buruz beste liburu bat ateratzear da. Olaberen arabera, energia berriztagarriak dira trantsizioak dakartzan aldaketa handiak esplikatzeko giltzarri nagusia.

Berriztagarri merkeak

Hainbat faktore daude trantsizio energetikoaren atzean, baina ideia sinesgarri bihurtzen duen arrazoi oso indartsu bat ekonomikoa da, erabakigarriena ziurrenez: energia berriztagarrien arrakasta. «Datuak hor daude», dio Antxon Olabek. «Energia berriztagarriek azken bost urteetan potentzia gehiago jarri dute munduko sistema elektrikoan ikatzak eta nuklearrek batera jarritakoa baino». Energia berriztagarriekin sortutako argindarra gero eta merkeagoa da, eta gehiago merkatuz joango da, fuel, gas edota ikatzetik, hots, erregai fosiletatik ateratako argindarra baino merkeagoa izateraino. Hamar urtean, eguzki energiaren prezioa %85 murriztu da, eta eolikoetatik datorrena, %50-60 inguru.

Berriztagarriak erritmo bizian ari dira hedatzen mundu guztian. «2016an, 240.000 milioi dolar inbertitu ziren berriztagarrietan, eta 8,5 milioi enplegu zuzen sortu dira haien inguruan». Garai batean baino garatuago daude teknologikoki, eta garatzaile gehiago ere badituzte. Enpresen arteko eta herrialdeen arteko lehiak ere ekarri du bai berriztagarrietarako teknologiak merkatzea, bai haiek ekoitzitako argindarraren merkatzea ere.

Eta berriztagarrietatik datorren argindar merkeak bihurtu du posible Parisko Akordioan helburutzat hartutako deskarbonizazioa, horrek zabaldu du aukera berotegi gasak murrizteko. Olaberentzat, berebizikoa da ulertzea trantsizio energetikoaren muina dela deskarbonizazioa. «Munduko isurien %70 energia sektoreak egiten dituelako». Trantsizio energetikoa, gaur egun, batez ere argindarraren sorkuntzan gertatzen ari da, eta hori da hurrengo urteetarako zeregin nagusia, baina horrek isurien %20 bakarrik hartzen ditu. Deskarbonizazioaren erronka nagusia energiaren beste bi sektoreetan dago: garraioan eta etxebizitzen klimatizazioan. Olabek uste du horietan, hastapenetan badago ere, trantsizioa jada abiatu dela.

Lurreko tenperaturak ez dezan bi graduko segurtasun ataria gainditu —industria aurreko mailatik—, berotegi gasen isurketaren maila gorena 2020. urtean iritsi behar da. «Hori oso garrantzitsua da, baina hori bezain inportantea da behin isuriek goia jota, gero oso bizkor joatea murrizten. Eta hori jendeari ahaztu egiten zaio. Egiazko erronka hori da».

Berehalako erronka betetzeko ezinbestekoa da munduak ikatza erretzeari uztea. Berehala, ia oraintxe bertan. Hori da lehen helburua. Datozen hamabost urteetan argindarra sortzeko eta berogailuak elikatzeko ikatza erabiltzeari utzi behar dio munduak. «Ikatza CO2 isurien laurdenaren erantzulea da, eta isurien zati handi bat bizkor murrizteko modua energia sortzeko ikatza erabiltzeari uztea da». Eta berriztagarri merkeek horretan izugarri lagunduko dute, ez soilik egungo argindar kontsumoa hornitzeko, baita India bezala garapen bidean dauden herrialdeen energia eskari gero eta handiagoa modu garbiagoan hornitzeko ere.

Europak egindako esfortzua dago berriztagarrien arrakastaren jatorrian, eta hori askotan azpimarratu ohi du Olabek, energia berri horien garapenean Alemaniak, Danimarkak eta beste zenbaitek egindako inbertsioak nabarmenduz. Europa hasi zen garatzen, eta, gero, Txina eguzki panelak ekoizten hasi denean hasi dira prezioak jaisten.

Hain zuzen, Txinako Gobernuaren jarrera pisuzko arrazoi bat da trantsizio energetikoaren aldaketan sinesteko. Txinak sortzen ditu munduko berotegi gasen laurdenak, Europak eta AEBek batera sortzen duten adina. «Txina aldatzen denean, mundua aldatzen da», dio IEAren azken txostenak.

Asiako erraldoiak apustu argia egin du trantsizio energetikoaren alde, eta hori ere erabakigarria izan da. «Halako ekonomia erraldoi batek, 1.400 milioi pertsonarekin... Txinak sekulako botere ekonomiko eta politikoa du. Eta arrazoi propioengatik egin du trantsizioaren alde. Ikatzaren erabileraren erruz, sekulako kutsadura arazoak ditu bere hirietan, eta, horren ondorioz, protesta sozial oso handiak. Bestalde, jende askok ez badaki ere, Txinak bere ikerketa propioak egin ditu klima aldaketak herrialdean izango lituzkeen ondorioez, eta beldurtu egin dira. Beroketa globalak uraren krisia ekarriko lieke, kostaldean sekulako eragina itsas mailaren igoeragatik, Himalaiako elurren urtzea... Zientzialariek esan diete 30-40-50 urteren buruan arazo oso larriak izan ditzaketela».

Horri gaineratu behar zaio txinatarrek trantsizio energetikoari lotutako aukera ekonomikoak ere ikusi dituztela. Bost urtetik behin ezartzen dituzte euren ildo ekonomikoak, eta, orain arte industria astunean eta ekoizpen intentsiboan buru-belarri ibili badira ere, apustu egiten ari dira trantsizioarekin zerikusia duten teknologietan, bai berriztagarrietan eta bai ibilgailu elektrikoen garapenean. «Eta ez da soilik eurek erabiltzeko. Esportatzeko ere nahi dituzte teknologia horiek, balio erantsi handikoak direlako. Berriztagarrietan zuzenean sortu diren 8,5 milioi lanpostuetatik 3,5 milioitik gora Txinan daude».

Efizientziaren garrantzia

Badago beste aldagai bat oso garrantzitsua izan daitekeena isuriak murrizteko: energiarik ez sortzea alferrik, eta sortzen dena eraginkortasunez erabiltzea. «Munduko ekonomia guztiek hartu behar dugun lehen neurri masibo eta sistematikoa efizientzia da», dio Olabek. «Besteak beste, egungo teknologiek energia aurrezteko eskaintzen duten ahalmena sekulakoa delako». Badago zertan hobetu efizientzian. Adibidez, Europako Batzordearen arabera, kontinenteko energiaren %40 joaten da etxebizitzetara, eta Europako etxebizitzen %75 ez dira energetikoki efizienteak. Gas isuriak murriztea soilik ez, beste abantaila ugari ere baditu efizientzia energetikoa hobetzeak; besteak beste, diru gutxiago ordaintzeko balio duelako.

Trantsiziorako, gasa

%100 berriztagarriak izateko helburu horretan, ez da ahaztu behar iturri garbi horiek badutela ahultasun bat. Sostengu energia behar dute alboan, eguzkiaren edo haizearen faltan energiaren hornikuntza bera segurtatzeko moduko teknologiarik ez delako existitzen oraindik. Horregatik, hain zuzen, hurrengo urteetan gas naturalak pisu handia izango du energiaren sorkuntzan; hori aurreikusten dute nazioarteko agentzia nagusiek.

Aurrena ikatzak atzera egiten duenean, eta petrolioak gero, gas naturala izango da energia iturri nagusia, baina trantsiziorako soilik. Helburua da, berez, aurrerabide teknologikoei esker etorkizunean, mendearen bigarren erditik aurrera iturri ia guztiak berriztagarriak izatea.

Hala ere, ez ote da itxaropen handiegia jartzen balizko aurrerabide horietan? Olabek ez du bere burua optimista teknologikoen artean ikusten. «Denbora daramat esaten klima aldaketari eman beharreko erantzuna funtsean politikoa dela, politikoa letra larriz. Erabaki handiak hartzeko, gizartearen borondatea mugiarazi behar da, ordezkari politikoen bitartez. Parisko Akordioa izan da erabaki handi horietako bat, eta hura ez da erabaki teknologiko bat izan, politikoa, geopolitikoa, diplomatikoa izan da, aldatzeko beharraren seinalea eman du. Halako seinaleek ematen diete bidea teknologiei. Hortik dator trantsizio energetikoa».

Zientzialariek eta urteetan ingurumenaren alde borrokan aritu diren erakundeek egindako lan itzelaren emaitza ere bada energia ereduaren aldaketarako trantsizioa. Antxon Olaberen ustez, borroka eta presio horretan jarraitzea, eta bide egokian jarrai dezaten agintari politikoak akuilatzea izango da euskal herritarrek trantsizio honetan joka dezaketen egiteko garrantzitsuenetako bat.

Krisia iritsi da eta hari aurre egiteko hil edo biziko aldaketa hasi da. Arriskuz betetako bidea, gizateriaren geroa jokoan dagoenean. «Belaunaldi honen egiteko nagusia klima aldaketa eragoztea izango da», dio Olabek. Mende baterako lana, gutxienez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna