Elur bola lokaztu da

UPNk, PSNk eta PPNk Altsasuko auzia erabili, eta Barkosi egotzi diote EH Bilduri esker gobernatzea. Akordio programatikoa ez dela hautsi ihardetsi du laukoak

Uxue Barkos, atzo, Nafarroako Parlamentuko foru erregimeneko batzordean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2016ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Dena harilkatuta balego bezala. Herenegun Espainiako Auzitegi Nazionalak zortzi gazte atxilotu eta sei espetxeratu ostean, atzo auzia Nafarroako Parlamenturaino heldu zen. Azken asteetan Guardia Zibilak, Auzitegi Nazionalak eta eskuin mediatikoak hauspotutako elur bolaribultzada politikoa eman zioten atzo UPNk, PPk eta PSNk. Eztabaida erabat lokaztu zen, eta ETAren indarkeria indarrean zegoeneko diskurtsoak nagusitu ziren. Oso tonu garratza erabiliz, «bakearen milonga kontatu nahi izatea» aurpegiratu zion Jose Javier Esparzak Uxue Barkos Nafarroako lehendakariari. «Ez du balio jada, Gobernuak gaitzesten du, baina EH Bilduren botoez baliatzen da edo Iruñeko Udala ematen dio. Ezin daiteke lehendakari izan edozein preziotan. Inmorala da EH Bilduren eskutik gobernatzea».

Urriaren 15eko goizaldean Altsasun gertatutakoari buruz azalpenak ematera deitu zituztenUPNk eta PPk Uxue Barkos eta Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilaria. Helburu politiko argia zuen agerraldiak, eta azken gertaeren ondorioz, gainera, Espainiako hainbat komunikabideren arreta piztu zuen. Deitzaileen arabera, EH Bilduk gertaerok ez ditu gaitzetsi eta horregatik beste aldera begiratzea egotzi diote Barkosi. «Akordio hori paper bustia da», zioen Esparzak. Beltranek,«koldartzat» jo zuen exekutiboa eta «ETA gaitzesten ez dutenekin gobernatzea» egotzi zion.

Oposizioaren erasoen aurrean, Uxue Barkosek akordio programatikoa indarrean dagoela gogorarazi zien. Bere esanetan, akordioa hilda legoke «gobernuak eskuak lotuak balitu», baina ezein bazkidek ez du euren jarduna baldintzatu. «Lehen unetik, gobernuak modu argi eta irmoan gaitzetsi zuen eta argi utzi zuen zein zen bere posizioa». Barkosen arabera, gaitzespena garaiz egin zen eta modu egokian, «nafarren gehiengoarekiko errespetuz». Hartara, ez du ulertzen agerraldiaren zergatia, baldin eta ez bada erabilera politikoa, «eta hori onartezina da».

Ezinbestean asteleheneko Guardia Zibilaren operazioa hizpide hartu zuen Barkosek. Kezka handia azaldu du auzia «neurriz kanpo» puztu delako eta Auzitegi Nazionalak atxiloketak terrorismoarekin lotu dituelako. Gogora ekarri zuen Foruzaingoaren eta Guardia Zibilaren txostenek edo Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministro ohiak terrorismoarekin loturarik ez zegoela ondorioztatu zutela. Era berean, hainbat aditu juridikok Zigor Kodearen instrumentalizazio politikoaren arriskuaz ohartarazi dute.

Beaumontek atzo goizean arrazoitu zuenez, ez zen beharrezkoa tamainako operazioa egitea atxilotuek epailearengana jotzeko prestutasuna zutelako. Kritika horren aurrean, Beaumonten dimisioa eskatu zuten PPk eta PSNk. Alta, Barkosek babes osoa adierazi zion: «Ez Beaumont kontseilariak, ez gobernuko inork ez dugu auzitan jarri deklarazioak egin behar izatea, baina bai erabilitako modua. Pertsona horiek deituak izan zitezkeen inor atxilotzeko beharrik gabe».

Hain justu ere, Adolfo Araiz EH Bilduko eledunak iradoki zuen Guardia Zibilak herenegungo operazioa motu proprio Auzitegi Nazionalaren agindurik izan gabe hasi zuela. «Ez dut ziurtasun erabatekorik eta zuhur mintzatu nahi dut, baina Guardia Zibilak ofizioz jardun bazuen are larriagoa da, interes alderdikoi gehigarria duelako». Oposizioko alderdien jarreraren aurrean, Araizen arabera, urriaren 15ekoa liskar «tamalgarri eta deitoragarria da».

Bere esanetan, Altsasun beharrean «Antequeran edo estatu espainiarreko beste herri batean» gertatu izan balitz liskarra ez zen ezer gertatuko. Bere ustez, UPNri eta PPri duela bost urte erlojua geratu egin zitzaien: «Zuek lehendakaria eremu jakin batera eraman nahi duzue, baina abilezia nahikoa badu hark hor ez sartzeko. Badaki giza eskubideekiko eta indarkeria helburu politikoetarako ez erabiltzeko konpromiso irmoa dugula».

Carmen Albari kritika

Geroa Baiko Unai Hualdek gogor gaitzetsi zuen PPk eta UPNk egin duten erabilera politikoa. «Normalizazioaren aurrean erresistentzia erakusten dute batzuek.Karraskatzeko hezurraren bila dabiltza eta jada topatu dute, eta bide batez, gobernuaren aurka egiteko baliatzen dute». Altsasuarra da Hualde, eta auzia puztu nahirik bertako biztanleen aurka egindako kanpaina gogor kritikatu zuen. Batez ere Carmen Alba, Espainiako Gobernuaren ordezkaria, PPkoa: «Nafarroan Guardia Zibilaren arduradun goren moduan egindakoak ez du lagundu Altsasun elkarbizitza eta normalizazioa lortzeko. Guztiz alderantziz baizik».

PSNko Maria Txibitek Auzitegi Nazionalaren erabakia auzitan jartzea edo Guardia Zibilari babes osoa ez adieraztea leporatu zion gobernuari. Berretsi zuen Altsasuko PSNko zinegotziari kargu hartu diotela herenegun agiri bat sinatzeagatik eta egoeraren aurrean kezka azaltzeagatik.

Ahal Dugu-ko Laura Perezi «tristezia sakona» eragin dio auziak. Zentzugabekeriatzat jo du Altsasun talde terrorista antolatu bat dagoela esatea.

Ezkerrako Jose Miguel Nuinen arabera, berriz, akordio programatikoa indarrean dago eta ez du orban etikorik. «ETAk, GALek edo 36ko gerrak eragindako terrorismoa Altsasuko liskarrarekin parekatu nahi izatea terrorismoa gutxiestea eta hari balioa kentzea da. Hori oso larria da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.