Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketa

Katalana eta aurikularrak

Gaztelaniaz deklaratu dute akusatuek, epaileak uko egin baitio aldi bereko itzulpena ezartzeari. Hizkuntza Gutxituen Ituna argudio gisa erabili du Gorenak, baina adituen eskariak isildu ditu.

Garikoitz Goikoetxea.
2019ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Hizkuntzen erabilerari buruzko erabaki batekin hasi zuten atzoko saioa Espainiako Auzitegi Gorenean. Defentsak eskatua zuen akusatuek katalanez deklaratu ahal izatea, horretarako aldi bereko itzulpen zerbitzua jarrita. Epaileek atzera bota dute eskaria, eta argudio nahasiak batean bildu dituzte horretarako. Batetik, arazo teknikoak: «Aretoan edo kanpoan egon eta aurikularrik ez daukatenek ezingo lukete ulertu akusatuek zer erantzuten duten». Bestetik, akusatuek badakitela gaztelaniaz: «Urtea eta lau hilabete daramatzagu auzian gaztelaniaz, eta inork ez du hitz erdirik ere egin katalanez erantzutea aldarrikatzeko». Bi argudio horiek janzteko, gainera, Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna erabili du epaimahaiak, eta Botere Judizialaren Lege Organikoa. Bi eredu kontrajarri, batean bilduak.

Akusatu gehienek defentsako idazkietan eskaria egina dute katalanez aritzeko, eskubidea badutela argudiatuta. Zehazki, Espainiako Auzitegi Gorenari eskatu diote ezartzeko aldi bereko itzulpen zerbitzua, hartara akusatuek ez dezaten deklarazioa behin eta berriz eten behar izan, itzultzeko.

Epaimahaiak deklarazioen aurretik eman zuen eskariei buruzko erabakia. Ez du onartu aldi bereko itzulpen zerbitzua ezartzerik, baina akusatuei modua jarri die katalanez egiteko, «arrazoi emozionalak» kontuan hartuta. Horretarako era, ordea, defentsek eskatutakoaren aurkakoa da: interprete bat jartzea, eta akusatuek ahapaldi bakoitzean geldialdi bat egitea, itzultzaileak gaztelaniaz errepikatzeko. Akusatuek, azkenean, gaztelaniaz deklaratu dute.

Defentsa gabezia

Argudio gisa, besteak beste Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna erabili dute defentsek. Auzitegiak erantzun du Euroitunak ez duela zuzenean hizkuntza eskubiderik aitortzen. Hala ere, haren «printzipioak» kontuan hartuta, aitortu du akusatuek modua izatea auzi saioetan «ama hizkuntzan» egiteko, betiere itzultzaile baten bidez, baina ez aldi berean. «Salak argi eta garbi utzi nahi du hartutako erabakiak ez dakarrela defentsa gabeziarik, nahiz eta defentsa batzuek hori esan duten». Epaimahaiak dio bi eskubide uztartu behar izan dituela: norbere hizkuntzan deklaratzea eta epaiketa publikoa izatea. Bigarrena «bermatzea» lehenetsi du, eta lehena itzulpenaren bitartez egitea.

Epaimahaiak dio hautatutako formula bat datorrela Hizkuntza Gutxituen Itunarekin. Zehazki, Espainiak ituna zenbat bete duen aztertzeko ebaluazioarekin. Azken txostenean, izan ere, Europako Kontseiluak Espainiari eskatu dio neurriak har ditzala hizkuntza koofizialak dituzten erkidegoetan justizian urratsak egiteko. «Erkidegoen eremuari soilik dagokio», adierazi du epaimahaiak.

Hori baino eskari gehiago egin dizkio Europak Espainiari; adibidez, epaitegiko hizkuntza gaztelania izateko legea, botere judizialarena, aldatzea. Abokatuei eragiten die. Katalanez egitea eskatu dute, baina ez diete onartu. «Legearen aurkakoa da. Badakizue».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.