Katalunia. Gure Esku-ren manifestazioa

Bidegabekeria salatzeko asmoz

Katalanei elkartasuna adieraztea, Auzitegi Gorenaren epaia baztertzea eta jasandako «injustiziak» salatzea. Herritarrek helburu horrekin parte hartu dute manifestazioan. Milaka lagunek bete dituzte kaleak, estelada eta xingola hori artean.

Jendetza elkartu zuen manifestazioak, eta esteladak eta xingola horiak eraman zituzten parte hartzaile askok. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako epaia «injustizia» bat dela, iritzi hori izan dute nagusi Gure Esku-ren manifestaziora elkartu diren herritarrek. Euskal Herriko hainbat txokotatik joan dira milaka herritar Donostiara, eta Kataluniatik ere batu da jendea. Xingola horiak jantzi dituzte horietako batzuek, eta estelada ugari ere erakutsi dituzte Kontxako pasealekuan. Bestelako aldarriak ere bai; esaterako, Altsasuko gazteen askatasunaren aldeko afixak. Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzia «bidegabea» dela salatu dute manifestazioaren bitartez.

OLGA MONTES Vilanova i la Geltru(Herrialde Katalanak), 1976

«Hainbeste izorratzen gaituztenez, derrigorrean atera behar dugu kalera»

Haserre mintzo da Olga Montes Errenterian (Gipuzkoa) bizi den katalana: «Injustizia ikaragarria da. Eskubide guztiak kentzen dizkigute —esaterako, erabakitzeko eskubidea—, eta barre egin nahi izan digute iruzurrez betetako epaiketarekin». Gauza bera gertatu da Altsasuko auzian ere, haren esanetan. «Azkenean, hainbeste izorratzen gaituztenez, derrigorrean atera beharra daukagu kalera, ez dago besterik».

MARTIN DELLANOS Rubi (Herrialde Katalanak), 1986

«Askatasunaren Aldeko Martxara joan nahi nuen, baina ezin izan dut»

Kataluniakoa da Martin Dellanos, eta pare bat urte daramatza Iruñean bizitzen. Bi familia etorri dira. «Aste osoa igaro dut geldirik egon ezinda, eta oso adi egon naiz, komunikabideen bidez», kontatu du. Kataluniara joan ezin izan diren bilgune ere izan da martxa. «Askatasunaren aldeko Martxetara joan nahi nuen ostiralean, baina ezin izan nuen». Datorren astean joatekoa da Kataluniara.

AINARA LAZKANO Azpeitia (Gipuzkoa), 1975

«Espainia barregarri geratzen ari dela iruditzen zait»

«Denon eskubideengatik etorri gara, zapaltzen ari zaizkigulako», nabarmendu du Ainara Lazkanok. Donostiara autobusez joan da familiarekin eta lagunekin. «Espainia barregarri geratzen ari dela iruditzen zaigu, eta indar hau guztia aprobetxatu beharra daukagu gauzak aldatzeko».

LEIRE AZKUE Eibar (Gipuzkoa), 2003

«Injustizia hutsa da autodeterminazio eskubidea ez ematea»

Familiarekin eta lagunekin joan da Leire Azkue, Kataluniari babesa emateko asmoz. «Injustizia hutsa da autodeterminazio eskubidea ez ematea», ohartarazi du. Haren ustez, hori da «garrantzitsuena» demokrazian biziz gero.

KEPA URKIZU Gordexola (Bizkaia), 1980

«Estatuak indarkeriaz jokatzen du, eta justizia guztiz politizatuta dago»

«Katalunia jasaten ari den egoera salatu beharra dago, lotsagarria delako», baieztatu du Kepa Urkizuk. Euskal Herrian ere antzeko egoerak izan direla eta badirela salatzeko ere baliatu du manifestazioa. «Estatuak indarkeriaz jokatzen du, eta justizia guztiz politizatuta dago», nabarmendu du. «Eta guztia, herri batek bere borondatea adierazteagatik».

MARKEL AZKALGORTA Antzuola (Gipuzkoa), 1980

«Asko hitz egiten da istiluez, baina indarkeria estatuak erabiltzen du»

«Herriek erabakitzeko daukaten eskubidean» sinesten duelako eta Espainiako Estatuaren «errepresioaren» aurka dagoelako joan da manifestaziora Markel Azkalgorta. «Iruditzen zait asko hitz egiten dela istiluez, baina indarkeria erabiltzen duena estatua da». Kataluniari babesa erakutsi nahi dio, eta espero du Euskal Herrian ere «bide bat irekitzea». Epai «injustua» dela salatu du, eta epaiketa ez zutela egin behar.

JOXE MARI UNZUETA Algorta (Bizkaia), 1942

«Estatuak porrotegin duela esan nahi du Kataluniakoak»

Espainiari so jarri da Joxe Mari Unzueta: «Estatuak porrot egin duela esan nahi du Kataluniakoak». Kalera atera beharraz ohartarazi du: «Prestatu beharra daukagu horiek pikutara bidaltzeko, eta uste dut katalanek badakitela». Politikariekin baino gehiago, herritarrekin du itxaropena.

JULE GAZTELURRUTIA Berango (Bizkaia), 1987

«Gero eta lotuago eduki nahi gaituzte, eta kalera atera beharra daukagu»

Manifestaziora joan da Jule Gaztelurrutia, uste baitu ez dela «Kataluniako arazoa bakarrik». Uste du Euskal Herrian ere jokaera berbera izan duela Espainiako Estatuak. «Gero eta lotuago eduki nahi gaituzte denok, eta kalera irten beharra daukagu».

MIKEL ELORZA Arrasate (Gipuzkoa), 1971

«Ezin dugu onartu bozkatzeagatik jendea kartzelara eramatea»

Kataluniakoa «eskubide urraketa» salatzeko helburuarekin parte hartu du Mikel Elorzak manifestazioan, eta Kataluniako herriari babesa emateko. Sententzia bidegabea dela uste du. «Ezin dugu onartu bozkatu dutelako jendea kartzelara eramatea».

MAIALEN MENDIZABAL Zaldibia (Gipuzkoa), 1994

«Lotsagarria da.Inon gertatzen ez dena Espainian pasatzen da»

«Lotsagarria eta beldurgarria da Kataluniakoa. Inon gertatzen ez dena Espainian pasatzen da», ohartarazi du Maialen Mendizabalek. Gure Esku-k antolatutako ekitaldietan dabil. «Hurrengo ostiralean, Txindoki mendiaren ingurua argiztatu nahi dugu».

OIER ELORTZA Bergara (Gipuzkoa), 2002

«Jipoitu egiten dituzte, eta giza eskubideakez zaizkie errespetatzen»

Kataluniaren eta Euskal Herriaren eskubideak hartu ditu gogoan Oier Elortzak. «Sententzia ez da justua. Erabakitzeko eskubidea daukagu». Kataluniakoa «izugarria» iruditzen zaio: «Jipoitu egiten dituzte, eta giza eskubideak ez zaizkie errespetatzen».

IÑIGO AIZPURU Azpeitia (Gipuzkoa), 1976

«Katalunian etaAltsasun egin dutenaez da batere normala»

Kataluniako epaia salatzeaz gain, Altsasuko gazteen auzia ere hizpide izan du Iñigo Aizpuruk: «Ez da batere normala». Espainiaren jokabidea salatu du: «Esaten zuten hitzekin dena lor zitekeela, baina ikusi da ezetz, beraiek nahi dutena soilik egin behar baita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.