EAEko hezkuntza legea

Hezkuntza ituna onartu dute batzordean, adostasun zabalarekin

EAJ, EH Bildu, PSE eta EP-IUk alde bozkatu dute, PP+C's joan egin da eta Voxek aurka egin du

Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordearen bilera, artxiboko irudian. ENDIKA PORTILLO/ FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Lehen galbahea igaro du Eusko Jaurlaritzak hezkuntza legea egiteko oinarri gisa erabiliko duen hezkuntza itunaren tramitazioak. Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak babes zabalarekin onetsi zuen atzo dokumentua: itunaren oinarriak adostu dituzten lau taldeen babesari esker egin zuen aurrera, hau da, EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemos-IUren botoekin. Guztira, 13 ordezkariren aldeko botoak jaso zituen testuak. Boto bakar bat izan zuen aurka: Voxena. PP-C's koalizioko ordezkaria ere dokumentuaren aurka agertu zen, baina haren tramitazioan bere taldeak jasotako «tratu bidegabea» salatzeko bozketan parte hartzeari uko egin zion, eta bozkatzeko orduan aretotik alde egin zuen, protesta gisa.

Hezkuntza itunaren oinarriak ondu dituzten taldeak, berriz, pozik agertu ziren akordioarekin. Ororen gainetik, lortutako «adostasun zabala» azpimarratu zuten.EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU ideia batean bat etorri ziren: akordioaren mesedetan denek amore eman behar izan dutela, testua ez dela alderdi bakoitzak «%100» nahiko lukeena, baina hezkuntzasistemarako «oinarri sendoa» ezartzen duela. Hain justu ere, dokumentuaren helbururik behinenak dira kalitatezko hezkuntza lortzea, eskola publikoa erdigunean jartzea, ituntze unibertsala amaitzea eta euskara ardatz izango duen esparru eleaniztun orokortu bat ezartzea.

Hezkuntza batzordeak ituna onetsi ostean, apirilaren 7ko osoko bilkuran onartuko dute behin betiko testua. Bilkura horri begira zuzenketak gordetzeko aukera dute oraindik taldeek; hala ere,atzo onetsitako dokumentuari zuzenketa tekniko txiki batzuk baino ez dizkiote egingo, eta, beraz, itunaren edukietan ez da aldaketarik izango. Datorren astean legebiltzarreko osoko bilkurak onartzen duen dokumentuan ardaztuta egongo da Jaurlaritzak landuko duen hezkuntza legea.

Lege berria onartu arte bide luzea dago aurretik, baina araua ontzeko zimenduak jarrita daude. Horixe nabarmendu zuten EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk taldeek batzordean. «Euskal hezkuntzaren geroa garatzen ari gara. Bidea hasi berri dugu», azpimarratu zuen Leixuri Arrizabalaga EAJko bozeramaileak. «Euskal hezkuntzaren sistema eraldatzeko oinarriak onartu ditugu, eta horiek eragin zuzena izango dute hezkuntza sisteman», erantsi zuen Iñigo Martinez EP-IUko legebiltzarkideak. Ideia berberean jarri zuen azpimarra Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak ere: «Pauso positiboa da, hezkuntza sistema eraldatzeko ateak irekitzen dituelako». Lau taldeek akordioa lortzeko egindako ahalegina goraipatu zuen, berriz, Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak: «Ez da inoren testua, guztiona da».

Kritikei erantzun diete

Hezkuntza eragileen ekarpen ugari jasota daude dokumentuan, baina akordioak ez ditu eragile denak neurri berean asebete. Kritika batzuei heldu zieten EH Bilduko eta Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideek, hitza hartu zutenean. Arresek deitoratu egin zuen azken egunetan itunaren inguruan batzuek «manipulazioak» egin izana, eta banan-banan gezurtatu zituen horietako batzuk. Besteak beste, segregazioaren aurkako neurriak «atzerakoiak» izatea baztertu zuen, gogora ekarrita Eskola Inklusiboa,herri ekinaldi legegilearen proposamen guztiak jasota daudela akordioan. Euskarari dagokionez, berriz,nabarmendu zuen indarrean den arau batek ere ez duela hain xehe zehazten lortu beharreko euskara maila, eta Kontseiluak neurriak babestu dituela gogora ekarri zuen. Arreseren ustez, gainera, ituntze unibertsala amaitzeko baldintzak zehaztuta daude akordioan.

Martinezek, berriz, adierazi zuen ulertzen duela akordioak eragile batzuengan sortutako mesfidantza, baina ziurtatu zuen bere taldeak lanean jarraituko duela testua hobetzeko. Are, ohartarazi zuen «arretaz» zainduko dutela Eusko Jaurlaritzak itunaren oinarriak jasotzen ote dituen legean; ez badu zaintzen, EP-IUk ez duela legearen alde bozkatuko argi utzi zuen.

Sozialistek akordioa «hobetzeko» egindako ekarpenak azpimarratu zituen Pastorrek:«Hezkuntza erreformak eskola publikoa, hiru hizkuntza eredua eta sistemaren kanpo ebaluazioa lehenetsiko ditu». Halaber, garrantzitsutzat jo zuen eskola publikoari «protagonismoa» ematea. EAJko bozeramailearen iritziz, bestalde, akordioak balio izango du «hurrengo hamarkadetako» hezkuntza legearen oinarriak finkatzeko: «Bikaintasuna eta eleaniztasuna lortzea, eskola publikoa aitortzea, eta ikasle guztien berdintasuna bermatzea izango dituzte lehentasunak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.