Pastor
DARWIN ETA GU

Emakumea sakrifizio

2017ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Herrera de la Manchako kartzelara eginiko martxa batean gertatu zen. Lagun batek esan zidan nola espetxearen inguruak kontrolatzen ari ziren segurtasun indarretako kide bat taldetik urrundu, eta hor ezkutatu zen, sasi batean, bere eginkariak egiteko-edo. Horretaz ohartu, eta han hasi zaizkio euskal herritar batzuk, oihuka: «Puta, te voy a follar!».

Emakumezko bati bortxatuko zutela esan zioten. Arerioa zen. Sexua, gerra tresna. Hobeto esanda: bortxaketa, gerra tresna. Gertaera hura gogorarazi dit PPren Kataluniako buru ohi Alicia Sanchez Camachoren kontra gizon batek, seguruena bere burua aurrerakoitzat duenak, hedatutako mezuak: «A tu et tindria que haver trobat la manada». Sanchez Camacho sanferminetako bortxaketa kasuarengatik epaitutako bost gizonen eskuetan egotea nahi luke txiolariak. PPko kidea Espainiako diputatu eta Kongresuko mahaiko lehen idazkaria da egun. Politikariak justiziara joko duela iragarri du.

Jokaera arbuiagarritzat jo du Alderdi Popularrak, matxismoaren adibide iraingarria, «soilik emakumea izateagatik egina». Eta zuzen dago. Ez, PP ez da emakumezkoen eskubideen defendatzaile sutsuena; PPren barruan hamaikatxo adibide ikusi ditugu, matxismo zitalenaren ispilu; PPren eta ustelkeriaren arteko lotura hain da handia, non Rajoyren talde politikoari Partido Podrido deitzen dioten; PP Espainiako zentro-eskuina eta muturreko eskuina biltzen dituen alderdi postfrankista da. Hala ere, horrek guztiak ez dio inori eskubiderik ematen emakumezko bati bortxaketa kolektiboa desiratzeko. Baldin eta hori bazen txiolariaren benetako asmoa. Baliteke gizonak akusatuen iritzi bera izatea: ez zuten neska madrildarra bortxatu; «fantasia sexuala» betearazten lagundu zioten. Orduan Sanchez Camacho zorionekoa izango litzateke, «fantasia sexualak» beteko baitzituen. Ez dirudi sare sozialetan jarritako mezuak intentzio hori daukanik, baina.

Alicia Sanchez Camachoren aluak, sabelak, bularrak, ezpainek, ahoak, eztarriak eta ipurtzuloak pairatu behar dute PPk Katalunian eginiko guztiagatik? Oinaze fisiko eta psikologiko izugarria jasan behar du? Ez gaude, ba, torturaren kontra? Emakumea antzinako errituen aldarean jarri, eta hura sakrifikatu behar dugu horregatik? Nor izango da hurrengo biktima gure sare sozialen epaiketa errukigabean? Zer fantasia sexual betearazten lagunduko diote Ines Arrimadasi, bere alderdiak PPren hurrengo erasoa babesten duenean?

Emakumea trofeoa bakean. Emakumea martiria gerran. Bietan biktima. Alde batetik edo bestetik, badirudi gizonezkoak ez garela zama horretatik askatzen. Erraietatik ateratzen zaigu. Ideologia politikoa desagertu egiten da, eta genero zapalkuntza hasi. Gizona beti gizon?

Gatazka garaietan larrutik ordaintzen dute emakumeek menpekotasuna. Are gehiago gerretan. Historiak hamaika adibide utzi dizkigu munduan barrena. Aste honetan Balkanetako gerraren oihartzuna entzun dugu, berriro ere. Han ere izan ziren sarraskiak. Han ere, emakumeak biktimak. Mendebaldeak hauspotutako gatazkaren inguruko azken eszena ikusi dugu Hagan. Slobodan Praljak jeneralak pozoia hartu, eta bere buruaz beste egin du, auzitegiak gerra krimenengatik zigortu eta gero. Bosniako militar kroaziarra Mostar hiriko zubia suntsitzearen eta alde horretan eragindako sarraskiaren erantzuletzat jo dute.

Ivo Andritx idazle jugoslaviarrak Zubi bat Drinaren gainean eleberria idatzi zuen, 1945. urtean. Idazlea Bosniako kroaziarra zen, Praljaken modukoa. Bosnia, bere jaioterria, «gorroto eta beldurraren lurra» zela idatzi zuen Andritxek. Zubiak komunikazioaren metafora gisa aurkezten zituen. Zubiak «guztienak» dira, eta «berdinak» guztientzat. Andritxek zubiak eraiki nahi zituen, ez suntsitu. 1961ean Literatura Nobel saria eman zioten. Sariaren dirua Bosniako liburutegiak hobetzeko eman zuen. Haren hitzak inoiz baino ozenago entzungo ziren gaur: «Ez naiz gizon-emakumeen beldur; haien barruan dagoen ankerkeriaren beldur naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.