Ghoncheh Tazmini. Ikerketa Irandarretarako Zentroko kidea

«AEBek akordio nuklearra uzteak ez du belauniko jarriko Iran»

Etorkizunean sor daitekeen giroari begira, Tazminik uste du AEBen edo Israelen eraso militar batek zimendatu egingo lukeela Irango biztanleriak bere erregimenari dioten leialtasuna.

ander perez zala
2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Londresko Unibertsitatearen Ikerketa Irandarretako Zentroko kidea da Ghoncheh Tazmini (Teheran, 1974). Arreta handiz segitu die egunotako gertakariei.

Eztabaida hau akordio nuklearrari buruzkoa da, ala Iranek Ekialde Hurbilean duen eraginari eta botereari buruzkoa?

Trumpen erabakia ez da oinarritu Irani bonba nuklearra eragozteko nahian. Arrazoia hori balitz, zentzu gehiago izango luke akordioan jarraitzeak, eta negoziazioei ekitea ituna behin betikoa izan dadin. AEBetako inteligentzia eta IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzia bat datoz esaten Iranek hitzarmen nuklearreko konpromiso guztiak bete dituela. AEBak dira beren konpromisoak bete ez dituztenak.

Zer interes izan dute AEBek itunetik ateratzeko?

AEBek uste dute presioa handitu diezaioketela Irani, eta horren ondorioz barne gatazkak eta eztabaidak sortuko dituztela estatuaren eta gizartearen artean. Helburua argia da: erregimen aldaketa. Akordio nuklearra urratuz —legezko dokumentu bat urratu baitu—, AEBak Iran probokatzen ari dira. Bi aukera daude. Batetik, Iranek amore ematen du, eta akordio berri bat onartzen du, zeinak bere Ekialde Hurbileko proxy-ekiko eta aliatuekiko babesa eta misilen programa mugatzen dizkion. Bestetik, AEBek presio egiten diote Irani moderatuen eta kontserbadoreen arteko tentsioa areagotzeko, zigor ekonomikoak eta barne gatazkak areagotzeko.

Zer izango da hemendik aurrerako testuingurua?

Akordio nuklearra urratzearen helburua da Iran aulkian mantentzea, eta herrialde horrek harreman normalik ez izatea nazioartean. Horrekin bat datoz Israel, Israelgo lobby-ko ildo gogorrena eta haren belatzak. Haien beldur nagusia da AEBek eta haren aliatuek ez ote duten Iran eskualdeko zilegizko indartzat hartuko noizbait.

Gainera, AEBen edota Israelen aireko kanpaina batek Irango nazionalismoa piztuko luke, eta zimendatu egingo luke biztanleriak erregimenari dion leialtasuna. Eraso militar batek Irani ez lioke galaraziko arma nuklear bat lortzea; atzeratu egingo luke soilik. Are gehiago, irandarrei sinetsaraziko lieke arma nuklear bat lortzea dela beren burua salbu ikusteko modu bakarra, Ipar Koreak egin duen bezala, eta hor apustu nagusia da Teheranek handitu egingo dituela arma garatzeko ahaleginak. Beraz, AEBek Iran bide horretatik joatera behartzen badute, eskualdeko beste estatuek ere bide bera hartuko dute.

Iran akordiotik ateratzen bada,bakartuta geratuko da nazioartean?

Ez. Iranek sinesgarritasun handia bereganatu du porrot honetan, batez ere EB Europako Batasunarekin duen harremanean, EBri erakutsi diolako akordioa betetzen ari dela eta hori egiteko prest dagoela. Irango presidente Hassan Rohanik adierazi du herrialdeak etekinak aterako dizkiola akordioari AEBak kanpoan egonda ere, eta EBren atzerri politikarako buru Federica Mogherinik gogorarazi du Europak bere konpromisoei eutsiko diela.

Europa bereziki kaltebera da AEBen zigor ekonomikoekiko, eta konturatzen ari da bere interesentzat hobea dela akordioaren hondarrei eustea Trump blokeatuta. Zera ulertu behar da: AEBek Iranekin duten merkataritzak ez du asko balio; beraz, Washingtonen zigorrek min gutxi emango diote. Iranentzat, merkataritzarik baliotsuena Europarekin duena da, eta, maila txikiagoan bada ere, Asiarekin duena.

Askok diote Trumpek epemuga laburregia eman ziela gainontzeko sinatzaileei akordioaren «akatsak» konpontzeko.

Hau guztia ez da akatsak konpontzeari buruzkoa edo epemugei buruzkoa. AEBek akordioa sinatu zuten, eta ez dute eskubiderik hori urratzeko. Bandalismo diplomatikoa izan da, eta Ekialde Hurbilaren egonkortasunerako aukera bakarretako bat galarazi du. Trumpen erabakiak gerraren arriskua berpiztu du, eta ziurrenik indarkeria politikoaren olatu bat bultzatuko du, ezagutzen ez duguna; Estatu Islamikoa ezezaguna izan zen bezala, nork daki zer nolako indarkeria politikoa sortuko den horrelako gerra baten hautsetatik.

Erabakiak kalte egin dio AEBen sinesgarritasunari?

Trumpen erabakiak Barack Obama haren aurrekoak eraikitako sinesgarritasuna ahultzen du, eta mezu kezkagarria bidaltzen die atzerriko buruzagiei. Jarrera arraroa da, kontuan harturik egungo administrazioa Ipar Korearekin izango dituen negoziazioak prestatzen ari dela, eta Piongiangen misil eta programa nuklearrak Iranenak baino garatuagoak direla. Jarrera horrekin, Trumpek esaten dio Ipar Koreako lider goren Kim Jong-uni AEBen konpromisoek 2020. urteko bozetara arte iraungo dutela. Are gehiago: jarrera horrek Kimi esaten dio ezin dela AEBetaz fidatu. Mezua argia da: eman zure armak AEBen hitzemateen truke, Iranek egin zuen bezala, eta zigortuko zaitugu. Amerikarrei erronka jo, eta arma lasterketa bat hasi, Ipar Koreak egin duen bezala, eta amerikarrek zu errespetatzea besterik ez dute izango.

Teheran prest al dago AEBen zigor ekonomikoei aurre egiteko?

Ilusio bat da pentsatzea zigor gogorrago batzuek erregimenaren kolapsoa ekarriko dutela. AEBek Kubari ezarri dioten bahimenduak 50 urte baino gehiago iraun du, baina Castroren erregimena zutik dago oraindik. Gainera, 60 urte baino gehiagoko zigorrek ez dute Ipar Koreako erregimenaren amaiera eragin, eta ez diote eragotzi arma nuklearra lortzea. Akordio nuklearra uzteak ez du belauniko jarriko Iran. Hemen, kontua da zigor ekonomiko horiek nola eragingo dioten Europari; izan ere, Iran ohituta dago, eta nazioartean bakartuta egon da 1979ko iraultzaren ostetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.