Espainiako inbestidura saioa. Katalunia-Euskal Herria

ERCk abstentzioari eutsiko dio

Rufianen ustez, hauteskunde batzordeak Torra eta Junqueras inhabilitatzea «estatu kolpe bat» da. Borrasek salatu du «Espainiako Justiziaren kapritxoen menpe» daudela independentistak

Gabriel Rufian (ERC) eta Laura Borras (JxC) elkarrekin hizketan, atzo, Espainiako Kongresuan, atzean Pedro Sanchez dutela. EMILIO NARANJO / EFE.
Igor Susaeta.
2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
ERC Esquerra Republicanak erabakita zeukan Pedro Sanchezen inbestidurari bide ematea, eta, PPk, Voxek eta Ciudadanosek eskatuta Espainiako Hauteskunde Batzordeak Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentea inhabilitatu duen arren, indar subiranistak abstentzioari eutsiko dio. PSOErekin negoziatzeagatik alderdia azken asteetan Katalunian jasaten ari den presioa areagotu egin zen ostiral iluntzean, baina Pere Aragones koordinatzaile nagusiak —Generalitateko presidenteordea ere bada— nabarmendu duenez, nahiz eta Espainiako Estatuaren «estolden» esku hartzea gertatu, «bide politikotik» jarraituko dute. Hauteskunde batzordeak ebatzitakoaren ondorioak baloratzeko alderdiaren zuzendaritzak egindako bileraren ondoren mintzatu zen, atzo, eta estatuari jakinarazi zion herritarrek aukeratzen dituztela Generalitateko presidenteak.

PPk, Voxek eta Ciudadanosek «atzeko atetik» egindako «maniobra» salatu zuen Aragonesek. Alderdi horiei ohartarazi die «oso oker» dabiltzala pentsatzen baldin badute ERCk «negoziatzeko aukerari» uko egingo diola hauteskunde batzordeak Torrari eta Oriol Junquerasi buruz hartu duen erabakiarekin.

ERCren zuzendaritzak pentsatzen du azkenean ez diotela kargua kenduko Generalitateko presidenteari —Torrak helegitea jarriko du—; «agertoki hori» kontuan hartuta ari da lanean. «Konbentzituta gaude Torra izango dela Generalitatearen delegazioburua elkarrizketa mahaian».

Hain zuzen, hauteskunde batzordearen «estatu kolpe argia» izan zuen hizpide Gabriel Rufian ERCren Kongresuko bozeramaileak, inbestidura saioan hitza hartu zuenean. «Denok dakigu nor dagoen gertatutakoaren atzean, baina haren azkeneko bala izan da». Rufianek pentsatzen du eskuin muturrak instituzioak «fagozitatu» dituela, «gobernuaren kontra» erabiltzeko.

Dogmarik gabe

Sanchezi mintzatu zitzaion Rufian, eta oroitarazi zion azken bi urteotan «zabuka» ibili dela Kataluniako auziari dagokionez. Nabarmendu zuen, halere, ez duela «hemerotekan» sakondu nahi. «Denok dugu hemeroteka bat. Nahiago ditut hemeroteka txarrak, erabilgarri izatea uzteari baino». ERCkoarentzat ez dago «ezin mugituzko» dogmarik, eta politika «mugikorra» dela azpimarratu zuen. «Errealitatea aldiro interpretatzeko obligazioa daukagu».

Buruzagi subiranisten kontrako zigorra kritikatu zuen, elkarrizketa defendatu, eta ERCk autodeterminazio eskubidea beti aldarrikatu duela gogoratu. Bere alderdia jokatzen ari den rola aipatu zuen, gainera: «ERCk hartu zuen Espainiako Gobernua elkarrizketa mahai batean esertzeko konpromisoa, eta hori egin du». Eta, mahai hori defendatzeko, esan zuen ezin dela errepublika bat ezarri herritarren %50 kontra daudenean, «ez eta autonomia bat inposatu ere %50 aurka egonda».

Laura Borras JxC Junts Per Catalunyaren Kongresuko bozeramaileak ere hauteskunde batzordearen ebazpena kritikatu zuen. Sanchezi leporatu zion bere diskurtsoan ez zuela hori hizpide izan, eta «preso politikoak» ere ez zituela aipatu. «Independentistak Espainiako Justiziaren kapritxoen menpe daude», salatu zuen. «Sanchez jauna, kontziente zara demokraziak estatuko aparatu guztien erasoak jasaten dituela?».

Espainiako presidentegaiak elkarrizketaren bidea hartu izana «ospatu» du JxCkoak, baina, azken bi urteotan Kataluniarekin izan duen jarrera aldakorra kontuan hartuta, galdera bat planteatu zion: «Zein Sanchezen aurrean gaude?». Borrasen ustez, Sanchezek argitu beharko luke nola nahi duen konpondu Kataluniako gatazka: «Edo kroniko egin nahi duzu?». ERC-PSOE itunari dagokionez, «gutxienekoen planteamendu bat» iruditzen zaio. Eta ERCrengandik bereizi nahi izan zuen. Sanchezek diskurtsoan iradoki zuen «nazionalista intrantsigenteak» JxCkoak direla. Borrasek erantzun zion «independentista exigenteak» direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.