Berrikuntza sorta zabala

Ikerkuntzari esker, sagardo naturaletik harago zabaltzen ari da euskal sagardogileek ekoizten dituzten produktuen zerrenda. Sagarrarekin eginiko edari gozoak, apardunak, garratzak... formatuak ere aldatu dira.

Euskal sagardotegietan ekoitzitako produktu sorta. SAGARDOAREN LURRALDEA.
Paulo Ostolaza.
2020ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
P etritegi eta Zapiain sagardotegietako arduradunek diote Euskal Herriko sagarrek gaitasun handia dutela sagardo naturalaz gain beste produktu batzuk sortzeko. Urteak daramatzate esperimentatzen eta ikasten, eta, oraindik gure artean ohikobilakatu ez badira ere, sagardogileek argi dute etorkizunean merkatua zabaltzeko ezinbestekoak direla. Zein dira, ordea, produktu horiek?

Errezil sagarra da Euskal Herriko sagarrik ohikoenetako bat. Zapiainen, adibidez, badute sagar horrekin sortutako izotzezko sagardo bat; atzerritik ekarritako berritasunetako bat da. Sagarrari ez zaio eransten ezohiko osagairik, baina ekoizteko modua aldatzen da: sagarrak izoztu eta prentsatuta edo sagar muztioa izoztuta lortzen da. Sagardo gozo bat da emaitza.

Suzko sagardoak ekoizten dituztenak ere badira, ekoizpen prozesuan hotza beroarekin aldatuta, baina bietan berbera da helburua: muztioan azukre kontzentrazio handia lortzea, postreetarako egokia den edari bat ekoizteko.

Produktu berri gehiago ere badira. Iazko Sagardo Forumean, adibidez, zaporetako sagardoak nabarmendu ziren. Zapore asko nahas daitezke sagarrarenarekin: laranja, muxika, limoia, anisa... AEBetatik datozen edari horiek freskagarri modukoak izan ohi dira, «lagunartean edateko modukoak».

Sagardo aparduna da ohikoa bihurtzen ari den beste produktu bat, cavaren eta xanpainaren estilokoa. Euskal Herrian bost sagardotegik baino gehiagok dute bi urtez ondu behar den edari hori.

Alemaniatik eta Austriatik etorritako berrikuntza, berriz, apfelwine-a da, sagar garratzekin egindakoa. Apfelwine-k sagar ardo esan nahi du alemanez, eta halakoa da emaitza ere: ardo zuri baten tankerako sagardo bat. Likoreak egiten ere hasiak dira sagardogileak, graduazio handiko edari gehientsuenak bezala, sagarra destilatuz.

Formatuetan ere txertatu dituzte berrikuntzak sagardogileek. Ohikoena eta, ziurrenik, berrikuntzarik zabalduena, plastikozko tapoiak dira, sagardotegi askok ekoitzitako botiletan kortxoa ordezkatu dutenak. Tapoi horiek ergonomikoagoak dira, sagardoaren mantentzea hobetzen dute, eta, gainera, zerbitzatzaile lanak egiteko ere balio dute. Erroskadun tapoiak ezartzen ere hasi dira ekoizle batzuk, botila ireki eta itxi ahal izateko.

Gainera, 75 zentilitroko beirazko botila ez da sagardotegiek darabilten formatu bakarra. Batek edo bestek badu txapaz itxitako garagardo botilen modukorik, eta sagardoa latan ere atera dute merkatura. Halako formatuek beste merkatu batzuetan nola funtzionatzen duten ikustea da helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.