Parisen boterea bikoizteko erreminta: 'Florange legea'

Enpresa estrategikoak kontrolatzeko ahalak ematen dizkio Frantziari. Boto eskubide bikoitzarekin, atzerriko funtsei atea ixteko baliatu du

Renault eta Air Francen baliatu du legea Hollanderen gobernuak. I. LANGSDON / EFE.
Oihan Vitoria.
2015eko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Enpresa estrategikoak kontrolatzeko boterea ematen dio Florange legeak Frantziako Estatuari. Eta ez edonolakoa, gainera. Paris industria enpresa entzutetsuenetakoen akziodun nagusi den heinean, ez du ahalmenik eguneroko kudeaketan eragiteko; bai, ordea, administrazio kontseiluetan erabakiak hartzeko. Orain arte, akziodun bakoitzak boto bat baino ezin zezakeen eman. Horrekin hausten du, hain zuzen ere, Florange legeak, antzinatasun jakin bat daukaten akziodunei boto eskubide bikoitza ematen baitie. Lege horri iazko martxoan eman zion Parisek onespena, Florange udalerriko labe garaien inguruan ArcelorMittal multinazionalarekin izaniko ika-mikaren karietara, eta orduz geroztik hainbat alditan baliatu du jada: Air France eta Renaulten, besteak beste.

Zehazki, legearen helburua da enpresetako akziodun historikoek —bi urte baino gehiago daramatzatenek— zeresan handiagoa izatea enpresaren erabakimenetan eta negozioaren geroan. Neurri horrekin, enpresa baten bidez espekulazioa egin nahi duten inbertitzaileei oztopoak jarriko dizkiete. Atzerriko funtsei ere ateak itxiko dizkiete horrela, bakarrik Frantziako edo EBko herritartasuna duten herritarrek baitute botoa emateko aukera neurri hori baliatzen duten enpresetan.

Frantziako legegileek zilegitzat jotzen dute Florange legea, zuzenean inplikatutako enpresen nazionalizazioa ez dakarren arren, kontrol hori onuragarria izan daitekeelakoan ekonomiarentzat.

Frantziako Ekonomia ministro Emmanuel Macronek berak azaldua du, orain aste batzuk, kapitalismo mota horrek beharginei lagundu eta enpresei hazten uzten diela. «Tratu honek erakusten du estatuak inbertitzaile gisa dituen ahal guztiak baliatuko dituela luzera begirako kapitalismo aurrerakoia bultzatzeko», adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.