Gaurkoak, De Beauvoirrekin

'Bigarren sexua' lanetik zenbait esaldi esanguratsu hartu, eta egungo zenbait emakume euskaldunen lekukotzekin gurutzatu dituzte Nora Alberdik eta Iratxe Fresnedak film labur batean.

Film laburrean testigantza eman duten andreetako bat. NORA ALBERDI.
itziar ugarte irizar
2019ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Liburuaren osagarri, Bigarren Sexua(z). Collage film laburra ondu dute Nora Alberdik eta Iratxe Fresnedak, Eskafandra kolektiboaren enkarguz. Bien artean idatzi dute gidoia, eta Alberdik zuzendu du. «Hasieratik garbia zen ideia: Simone de Beauvoirren esaldi batzuk hartu, eta iruditan jartzea», Alberdik. De Beauvoirren bederatzi «lezio» hautatu dituzte, eta ordu laurdeneko lana osatu.

Bloke bat esaldiko. Hala egituratu dute pieza. Mezuak banan-banan pantailaratu, eta ondotik datoz askotariko irudiak: Amaia Lasa bere poema bat errezitatzen, Hondarribiko Alardea, erakusleihoak, kaleko jendea, eta, batez ere, testigantzak. Horiek dira filmean pisu handiena hartzen duten pasarteak Alberdirentzat: «Emakumeak lehen-lehen planoan grabatu ditugu, eta azaltzen dute, kasuan-kasuan, zer den eurentzat emakume izatea, zer maitasuna... Kamera aurrean jarrita, ikusleari zuzen begiratzen diote, eta pentsamendu guztia bota. Oso potenteak iruditzen zaizkit».

Adin ezberdinetako emakumeak jarri dituzte kamera aurrean, eta garrantzia eman diote Euskal Herriko hegi askotako ahotsak izateari. Hala, Mirentxu Loiarteren 1981eko Euskal emakumeak film laburraren oihartzunak ditu lanak. «Iratxek [Fresneda] beti izan du erreferente moduan bere lan askotan, eta kasu honetan ere badira loturak harekin. Loiartek ere emakumeen testigantzei izugarrizko pisua eman zien, eta hala egin dugu guk ere».

Hitzak eta irudiak batuta, agerian geratzen den mezua argi dute biek. Fresneda: «Gaurkotasun izugarria aurkitu dugu Simone de Beauvoirrek aspaldian esandako hitzetan. Oraingo emakumeek berretsi egiten dute berak esandakoa, esperientzia propioetatik abiatuta. Hori izugarri ederra izan da guretzat; baina tristura puntua ere badauka: agerian geratzen da zenbat kostatzen ari zaigun mundua eraldatzea, bestelako jendarte bat lortzea». De Beauvoirren lanetan «sortzailearen espiritu bat» badela iruditzen zaio Fresnedari, eta hori gogoan izan dute lanari heltzerakoan. «Collage-manifestu baten itxura eman diogu».

Durangoko Azokan estreinatuko dute lana, abenduaren 6an. Sarean zintzilikatuko dute gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.