BESTELAKO SISTEMAK

2014ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Berogailu sistema erabat ekologikoak dira biomasa edo eguzki plaken bidezkoak. Geotermia ere sistema oso ekologikoa da. Kogenerazioa eta barruti berokuntza ez dira ekologikoak, baina ingurumenerako hobeak dira ohiko sistemak baino.

Biomasa

Sistema oso ekologikoa da. Bi gisako biomasa galdarak daude: egurra edo pelleta errez ibiltzen direnak. Horrekin ura berotu eta etxebizitza berotu liteke. Egurra eskuz sartu behar da, baina pelletak ez du hainbesteko lanik eskatzen, gas galdaran bezala sar baitaitezke egurrezko konglomeratu txikiak.

Eguzki plakak

Erabat ekologikoa izan arren, ezin da sistema hori bakarrik erabili. Hotz handien egiten duenean eguzkiak gutxiago jotzen duelako. Beraz, beste sistema baten beharra dago eguzkirik ez dagoenerako.

Geotermia

Bero ponpa geotermikoen sistema nahiko ekologikoa da. Lur azpian tutuak sartzen dira, bertako beroa hartzeko —10-15 gradura dago -10 metrora—. Elektrizitatea eta lurraren beroa erabiltzen ditu: elektrizitate kilowatt ordu bat eta lur azpitik lortutako hiru kilowatt ordu bero bihurtzen ditu. Ura 15 graduan beharrean 35 graduan berotzen du, eta etxebizitza berotzeko balio dezake. 50 gradutik gora eraginkortasuna galtzen du.

Kogenerazioa

Beroa lortzeko sistema hau ez da berriztagarria, baina ez da ohiko sistemak bezain kaltegarria ingurumenerako, oso eraginkorra delako. Elektrizitatea sortzeko gasa edo diesela erreta, soberakin geratzen den beroa aprobetxatzen da. Beraz, erregaiaren baliatzea handia da.

Barruti berokuntza

Elektrizitatea sortzen duten fabrikak hirietatik gertu badaude, haien bero soberakinak hiriaren zati handi bat berotzeko erabil daitezke. Fabrikak eta hiriak ongi isolatutako tutuen bidez lotu behar dira horretarako. Beroa bota beharrean erabili egiten denez, ingurumenerako ere hobea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.