Koronabirusa

«Senitartekoen bidez jakin ditugu kasuok; ez gaituzte aintzat hartzen»

Segurtasuna falta dela eta, badituzte hainbat kexu langileek, eta informazioa ere eskatu dute

arantxa iraola
2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
«Senitartekoon bidez jakin ditugu kasuok; ez gaituzte aintzathartzen». LAB sindikatuko Bilbo-Basurtu ESI Erakunde Sanitario Integratuko prebentzio arduradun Anuska Beika haserre mintzo zen atzo, Basurtuko erietxeko COVID-19 kasu berrien albisteak aditu berritan; izan ere, ez zituzten iturri ofizialetatik jaso. Deitoratu zuen, gainera, jakin zutela lankide batek positibo eman zuela ezaguna zela joan den astelehenetik; uste dute, beraz, astia egon dela langileak informatzeko. Txagorritxuko ordezkari Jesus Oñatek ere isiltasuna, erantzunik eza, Osakidetzan maizegi ikusten duten portera dela salatu zuen. «Martxoaren 5ean, otsailean izan ziren kasuen harira, ikerketa bat eskatu genuen. Erantzunik ez dugu jaso oraindik; horiizaten da joera beti». Eta protokoloak behar bezala ikertzen ez badira, zer gertatu den ondo aztertzen ez bada, berriz arazoak izateko arriskua dagoela oroitarazi zuen: «Eta, hain justu, horixe jazo da, gaixo bat COVID-19arekin kutsatu da erietxean bertan».

Eta egunotako erantzunean ere «akatsak» ikusten ari direla esplikatu du Oñatek. Esaterako, kutsatutako pazientearen ingurukoak kontrolatzeko hartzen ari diren neurrietan, «hainbat langile kategoria» bazter utzi direla salatu du: «Mantentze lanetako beharginak, adibidez, ez dituzte deitu ere egin». Langile kategoria zenbaiti, halaber, ez zaizkiela babes jantziak eskaintzen kritikatu du. Kexak badituzte Basurtun ere. «Langileek esaten dute test gehiago egin behar direla», adierazi du Beikak. Babesgabe sentitzen dira egun egiten dizkietenekin. Adibide bat jarri du LABeko ordezkariak; orain COVID-19 kasuak agertu diren pabilioiko langileei apiril hasiera aldera egin zizkieten birusa zuten jakiteko testak, eta ordutik ez dizkiete errepikatu. Hortik aldarria: «Test gehiago egin behar dituzte, eta fidagarriagoak». Babes jantziekin eta ere, eskakizunak eta kezkak badirela nabarmendu du. «Gaitzaren beste oldarraldi bat etor daitekeela eta, gordetzen ari dira, baina etorriko da baldin eta orain jendea babesten ez bada».

ELA sindikatuaren eskeak

Txagorritxuko eta Basurtuko kasuen harira, ohar bat plazaratu du ELAk. Gertaerok argi erakusten dute sindikatuaren aburuz, konfinamendua arintzeko prozesua «behar besteko bermearekin» ez dela gauzatzen ari, eta uste du zorroztu egin behar direla hainbat neurri. Lau puntutan bildu ditu. Puntuetako bat da erietxera bisitan doazen guztiei tenperatura hartzea. Beste bat, babes material «nahikoa eta egokia» erabiltzea: «Material batzuen eskasia antzematen da oraino, nitrilozko eskularruena, adibidez». Arreta maila bakoitzeko «arriskuen balorazioa» ere eskatu dute, eta horren araberako neurriak hartzea. Puntu horren gaineko ñabardura bat egin du ELAko ordezkari Esther Saavedrak; lehen arretako zentroetan, oro har, birusaren sarrera eragozte aldera ezarri diren «zirkuituek» ondo funtzionatzen dute, baina erietxeetan «teorian» geratzen da maizegi horien eraginkortasuna. Lehendik eta adierazia dute ospitaletako zenbait langilek, esaterako larrialdietako zerbitzuetakoek, horietara ailega daitezkeen COVID-19 kasuen gaineko kontrol erabatekoa egiteko zailtasunak.

Beste puntu batean heldu den hilabeteetan egongo den lan zamari taxuz erantzuteko «giza baliabideak» eskatu dituzte. ELAko ordezkari Esther Saavedrak gogora ekarri du langileak «oso nekatuta» heldu direla udara, izurriak atzeratutako lan zama askori erantzun beharko zaiela orain, eta lan taldeak indartu egin behar direla orain ezinbestean. «Behar adinako giza baliabideak behar dira. Izan ere, lan karga oso handia izango da bolada batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.