Eutanasiaren legeztatzea. Koldo Martinez. Senataria eta bioetika gaietan aditua

«Hausnarketa sakonago bat merezi zuen lege honek»

Legea aztertzean politikariek egin dituzten hausnarketen artean nabarmendu egin da Martinezena; Geroa Baiko senataria bioetika gaietan aditua da, eta zorrotz erreparatu die legearen ahuleziei.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
arantxa iraola
2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Geroa Bai alderdiko ordezkaria da Espainiako Senatuan Koldo Martinez (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1953); kargu horretatik, sakon aztertu du Eutanasia Legea, eta begirada oso zorrotzarekin, medikua baita, eta bioetika gaietan aditua. Gogoeta mamitsuak egin ditu, legeak baimentzen duen eskubidearen alde, baina testuan ezarri diren hainbat irizpiderekin kritiko. Ozen salatu du, adibidez, legea ezartzeko presaren presaz urrats asko ez direla ongi egin: «Adibidez, legea indarrean sartuko da profesional askok arlorako trebakuntza jaso baino lehen».

Aski kritiko aritu zara. Zergatik?

Nik uste dut lege hau oso garrantzitsua zela, eta dela, eta nik pentsatzen dut gizartean, eta baita ere Kongresuan eta Senatuan gogoeta maila bat eman behar zela. Medikuen erakundeak, erizainenak, psikologoenak, heriotza duinaren alde ari direnenak eta bestelako asko ez dira deituak izan beren ekarpenak egiteko, eta orduan, alde horretatik, iruditzen zait lege hau hankamotz atera dela: horrelako lege batek, hain gai garrantzitsuak ukitzen dituena, merezi zuen hausnarketa sakonago bat, baina ez da egin.

Kritiko azaldu zara legeak suizidio lagundua aintzat hartu ez duelako. Ematen du aukera, ordea, pazienteak berak hartutako —aurrez medikuak preskribatuta— substantzia baten bitartez eutanasia egiteko. Hori ez al da suizidio lagundua?

Senatuan esan nuen: suizidio lagundu hori da Espainiako erara egindako suizidio lagundu bat; bioetikan, suizidio lagunduaz mintzo garenean Oregoneko eredua aipatzen dugu. Eredu horretan, zu egoera jakin batean bazaude, bazoaz medikuarenera, medikuak errezeta bat ematen dizu, zuk erosten dituzu pilulak, eta etxera eramaten dituzu, eta handik bi egunetara, astebetera, edo sei hilabetera, zuk ikusiko duzu pilula horiek hartzen dituzun. Espainiako ereduan, ordea, prozesuaren azken unean galdetzen dizute A eutanasia edo B eutanasia nahi duzun, eta osasun profesional baten aurrean egin behar duzu beti. Beraz, arautu dena eutanasia da: bi modutara eginda, baina eutanasia, arautu denari ezin zaio suizidio lagundua esan.

Legeak kontrol neurri gehitxo jarri dituela ere esan izan duzu...

Eutanasia lege bat onartzen da sinesten dugulako pertsonek ahalmena dutela beren bizitzaz eta eritasunez erabakitzeko, baina, noski, neurri babesgarri batzuk ere jarri behar dira; horregatik zehazten da, adibidez, eskaera egiten dutenek 18 urtetik gorakoak izan behar dutela, egoera jakin egon behar dutela, bi medikuk aztertu behar dituztela... Horiek guztiak esaten ditu lege honek ere, eta horiekin guztiekin bat nator, guztiz. Izan ere, ziurtatu behar dugu eutanasia eskatzen duenak baldintza batzuk betetzen dituela, eta libreki egiten duela eskea, inolako presiorik gabe; baina lege honetan, munduko gobernurik progresistena duen gobernuak, zer, eta, gainera, berme eta ebaluazio batzorde batek kasua aztertu beharra ekarri du. Jendeak esaten dizu: «Oso erabaki gogorra da; pertsona baten bizitza dago jokoan». Egia da, baina egunero erietxeetan hartzen ditugun hainbat eta hainbat erabakitan ere pertsonen bizitza dago jokoan, eta ez daukazu prozedura hori guztia.

Onetsi egin da aurretiazko agirien bidez eskeak aktibatzea. Dudak sor daitezke horiekin?

Sor daitezke, ez... Ikaragarrizko zalantzak daude. Egun, hain justu, bioetikan ari garenok horri milaka buelta ematen ari gara. Zergatik? Begira, pertsona kontziente bat prozesu guztia egitera behartzen duzu: aurrena medikuarekin hitz egin behar du; gero, bi aldiz egin behar du eskaria, sinatu egin behar du, beste mediku batek ere ebatzi behar du dena legearen barruan dagoen... Alderatuz, zuk aurrez agiri batean idatzita utzi baduzu egoera txar batean bazaude eutanasia nahi duzula, horri garrantzi guztia ematen diote, eta gogoeta eta berme prozesu luze hori desagertu egiten da. Ez du zentzurik.

Ez zen onetsi behar hautu hori?

Ziurtatu behar genuke aurretiazko borondateen agiria gogoeta sakon baten emaitza dela; askotan, jendeak sinatzen ditu gehiegi pentsatu gabe, hausnarketa sakonik gabe. Askok esaten dute: «Nik argi daukat landare bat bezala geratzen banaiz ez dudala nahi ezer egitea». Bale, baina zer da landare bat bezala geratzea? Bide bat izan liteke ziurtatzea agiriak prozesu sakon baten emaitza direla; mediku batekin hitz eginda, senitartekoekin... Agian aukera bat izan daiteke, baita ere, adibidez, agiri batean idatzitakoak hiru urterako epemuga izatea, eta gero berriz egitea, edo agiria egitean zehaztea une horretan zer eritasun maila duzun.

Zentzua du, adibidez, diagnostiko bat jasota egokitzeak ere, ezta? Agiri biziak dira helburua.

Hori da. Eta eutanasia eskatzen baduzu, izan dadila une horretan duzun eritasun baterako. Baina bai, hori da: dokumentu biziak izan behar dute. Legeak ez du hori esaten, eta ahulezia bat da hori.

Erizainek izango duten rolarekin ere kezkatuta zaude. Zergatik?Legean ia ez dira aipatzen...

Legean hasieran behin aipatzen ziren, eta senatuko zuzenketen ostean bi aldiz aipatzen dira. Legeak medikuak aipatzen ditu, mota batekoak edo bestekoak, baina medikuak beti. Nire ustez, hanka sartze handia da; izan ere, gaur egun arta ez dute medikuek bakarrik ematen. Nik Senatuan esan nuen testua iraina zela erizainentzat. Oraindik ere grabeagoa da, gainera; izan ere, legeak ez du propio esaten, baina PSOErekin egindako bileretan argi utzi zuten injekzioa, azken unean, erizainek jarriko dutela.

Kontzientzia eragozpena onartu zaie osasun profesionalei...

Noski, inor ezin da behartu hori egitera, eta legeak dio kontzientzia eragozpenerako erregistro bat egingo dela. Nik uste dut erregistroek ez dutela asko laguntzen kontzientzia eragozpenetan, baina ikusiko da; gainera, nire ustez argi esan behar da prozesuaren zein mailatan egin dezakezun kontzientzia eragozpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.