Jose Antonio Perez Tapias. PSOEko buru izateko hautagaia

«Nazio ideia sendoak daude oso, eta horiek aitortza behar dute»

PSOE iraultzeko beharrak eraman du idazkari nagusi izateko lehiara; alderdia ezkerrean kokatu nahi du, eskumari aurre egin, estatu federal plurinazionala sortu eta herriei erabakitzeko eskubidea aitortu.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
PSOEko idazkari nagusi izateko lehian lehen gala gainditzeko babes bila dabil Jose Antonio Perez Tapias (Sevilla, 1955). Estatu osoan dabil abalak biltzen, aste osoko minutu bakoitza lotua duela. Izquierda Socialista korronteko kide denak bai UGTko bai alderdiko pertsona esanguratsuen oniritzia du, eta ziur da hautagai izatera iritsiko dela. Telefonoz egin dio elkarrizketa BERRIAk, Bilborako hegaldiaren zain dagoela.

Zer moduz doa PSOEko idazkari nagusi izateko lehian sartu ahal izateko abalen bilketa?

Ondo. Uste dut 10.000 gaindituko ditugula eta, beraz, nire hautagaitza bigarren etapara igaroko dela uztailaren 13an militantziak bozkatzeko aukera izan dezan. Ea egun horretan zer gertatzen den.

Zerk bultzatu zaitu hautagaitza aurkeztera?

Alderdi Sozialistaren egoerak. Kideen artean hausnarketa sakona egin genuen alderdi sozialistan izaten ari diren prozesuaren inguruan, ikusten ari garelako erabateko gainbeheran dagoela. Horri frenoa jarri behar zaio. Alderdia berreraiki behar dugu, PSOE indartsua behar delako Espainiako herritarrak gizarte gaietan eskatzen ari diren aldaketetarako. Ez soilik gobernu alternatiba izateko; baita gailentzen ari diren politika neoliberalen aurrean ezkerreko politikak bultzatzeko ere.

Nola irauli barne egoera hori?

Uste dut proiektu sozialista berregiteari ekin behar zaiola; hasi proposamen ekonomikoetatik eta kultur politiketaraino, etorkizunera begirako proiektu sozialetik igarota. Alderdi sozialistak atzean utzi behar ditu erdibideko jarrerak; adore politikoa behar du zenbait aldaketa gauzatzeko.

Zerk eraman du PSOE egungo egoerara?

Gure proiektua iritzi publikoaren, herritarren eta militantziaren beraren aurrean lausotu duen ibilbide oso bat egin da. Zapateroren azken garaian zenbait neurri murriztaile hartu zirenetik, zalantza eta iluntasun geruza batek inguratu du gure proiektua. Nolabait, kontraesanetan erori ginen, eta ez genuen egin ez herritarrek espero zutena, ez gure programak jasotzen zuena, ez gure ildo nagusiek diotena. Horri gehitu behar zaio ez garela gai izan PPri behar bezalako oposizioa egin eta haren alternatiba gisa aurkezteko. PSOEk atzerapenik gabe aldatu behar ditu jarrera batzuk.

PSOE zuzentzeko aurkeztu zareten guztiek nabarmendu duzue aldatu egin behar hori. Zerk bereizten zaitu besteengandik?

Uste dut bereizten nauena dela alderdi sozialista ezkerrean kokatzeko dudan asmo esplizitua. Agian jakina dirudi, baina nabarmendu nahi dut alderdi sozialistak sozialista behar duela izan, ezkerrean kokatu behar duela eta horrela ezagutu behar dutela herritarrek. Hortik aurrera, ildo estrategiko berriak bilatu behar ditugu, eta erresistentzia aktiboa egin, ongizate gizartea desegiten duten egitasmoen aurka.

Bestalde, gure estatuaren krisi instituzionalari dagokionez, proposatzen dugu autonomien estatuari erreforma federala egitea, estatu plurinazionala osatzeari begira. Konstituzioa aldatu eta gauzak bere lekuan jartzea proposatzen dugu, erreforma egin eta estatua laiko bihurtzea.

Nola egituratuko litzateke estatu federal hori?

Autonomien estatuak onurak ekarri ditu, boterea banatzea eta politika deszentralizatzea ekarri duelako. Baina agerikoa da amaitzen ari dela eta gaiari berriz heldu behar zaiola, konponbide eraginkorragoei eusteko. Aterabidea eman behar zaio estatu plurinazionalari. Nazio ideia oso sendoak daude, eta errealitate horiek aitortza behar dute. Horrek bide emango lioke itun federal bati, estatu plurinazional bati begira askoz demokrazia barneratzaileagoa izango duen egoeran eta lurralde arteko elkartasuna bermatuta. Hala, irabazi egingo genuke, alde guztietatik: nazio gisa, arlo kulturalean eta politikoan.

Zenbateraino defendatzen duzu erabakitzeko eskubidea?

Uste dut erabakitzeko eskubidea landu daitekeela, aldarri demokratikoa den heinean. Eskubide demokratikoa da, legea zorrotz errespetatuta egiten bada eta prozesuaren zilegitasuna ez bada zalantzan jartzen. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen ari diren erkidegoei erantzun bat eman behar zaie, eta uste dut horri proposamen federalista eginda lagundu behar zaiola; adostasunak lortu behar dira, dauden naziotasunak kontuan hartuta.

Autodeterminazio eskubidea ere aintzat hartuko zenuke?

Bai erabakitzeko eskubideari eta bai autodeterminazio eskubideari forma juridikoa eman behar zaie baldintzak argitzeko. Eta hori prozesu demokratikoen bidez argitzen badugu, on egingo dio Espainiako bizitza politikoari, egonkortasunean, interakzioan eta trinkotasunean. Horretarako, PSOEk Espainiako herritarrei irtenbide federalista eskaini behar die. Eta ez du bidea bakarrik egin behar: beste alderdi politiko batzuk ere gonbidatu behar ditu, elkarbizitza demokratikoa egonkortuta utziko duen etorkizunari begira. Aniztasuna aitortzea beharrezkoa da horretarako; kasu honetan, nazio aniztasuna.

Nola helduko zenioke Euskal Herriko konponbideari?

ETAk armak behin betiko uzteko prozesua amaitzeak bide berriak zabaltzen ditu, eta, zalantzarik gabe, aprobetxatu egin behar dira. Espero dugu prozesu hori amaierara iristea eta gaiari modu demokratikoan heldu ahal izatea, non proposamenak herritarrei aurkeztuko zaizkien eta norberak baloratuko duen bakoitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.