Zaborrak Zabalgarbira eramateko aukera aztertuko du Gipuzkoak

inaki petxarroman
2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
60.000 tona hondakinekin zer egin erabaki behar zuen atzo Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK): Mallabiko (Bizkaia) Betearte zabortegira eraman, hango enpresak egin dion eskaintzari argi berdea emanda; edo, Bizkaiko Foru Aldundiak eskatu dion moduan, Zabalgarbiko errauste plantara eraman.

Hain zuzen ere, lehen aukerari atea itxi gabe, GHK-k jakinarazi du bigarren aukera hori ere aztertuko duela: «Dauden eskaintzak aztertzen jarraituko dugu, irtenbiderik onena aurkitu arte», adierazi zuen Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak atzo, prentsa ohar batean.

Berez, GHKren asmoa zen Mallabiko zabortegia prest edukitzea 60.000 tona jasotzeko. Alabaina, zabortegia Bizkaian dagoela-eta, Bizkaiko agintariek Gipuzkoakoei adierazi diete herrialde horretan «aurrez tratatu gabeko» zaborra ezin dela bota zabortegira. Alde horretatik, beste aukera bat jarri diete mahai gainean: Zabalgarbin erraustu, eta gero errautsak Artigasko zabortegira eramatea; edota herrialdetik kanpoko tratamendu mekaniko biologikorako (TMB) planta batean tratatzea eta gero zabortegira eramatea. Jakina, bi aukera horiek garestiagoak izango lirateke zaborra zuzenean Mallabiko zabortegira botatzea baino. GHK 100.000 tona ari da Mutiloan botatzen, eta tonako 60 euroko kostua dauka han. Berez, prezio hori bera nahi zuen Mallabian. Zabalgarbiko aukera garestiagoa litzateke. Bizkaiko agintariek adierazi dutenez, Bizkaiko herriek beste ordaindu beharko lukete, gutxienez; hau da, 80 euro tonako.

Biometanizatze planta

Bestalde, GHK-ko batzarrak atzo erabaki zuen Zubietako erraustegiaren bigarren fasearen ardura eramatea FCC buru duen enpresa taldeari. Hark eraiki eta kudeatuko lituzke, beraz, biometanizatze planta bat (urtean 50.000 tonakoa) eta erraustegiko eskoriak «balioztatzeko» planta bat (urtean 52.000 tonako ahalmenarekin). GHK-k dio planta horretanerrepideetarako eta herri-lanetarako materialak egingo dituztela erraustegiko eskoriekin.

EH Bilduren kritika

EH Bilduk «ardura» eta «herri ikuspegia» eskatu die Gipuzkoako eta Bizkaiko agintariei, hondakinen azpiegiturak «ahalik eta hobekien» kudeatu eta «bikoizketarik ez» gertatzeko. EH Bilduk uste du prozesu horretan Eusko Jaurlaritza falta dela, hari baitagokio, bere ustez, «eztabaida ordenatzea».

EH Bilduren iritziz, Bizkaiak Gipuzkoari bere azpiegiturak eskaini izanak «biluzi» egin du Gipuzkoako EAJ eta PSE-EEren diskurtsoa: «Nola da posible, errausketa defendatzen dutenen ikuspegitik, Bizkaikoa erabili nahi ez izatea eta Gipuzkoan gaindimentsionatuta egongo den erraustegi baten eraikuntzan tematzea, eta gipuzkoarrak hurrengo 35 urteotan hipotekatzea 1.000 milioi euro ordainaraziz?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.