Euskara aurrekontuak igotzen ari dira, nahiz eta Jaurlaritzak gutxitu

Garikoitz Goikoetxea.
2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Erakundeek euskararen esparrura zenbat diru bideratu duten, bi urtean behin ikerketa bat egiten du Eusko Jaurlaritzak. Azken azterketa 2016ko kontuei dagokie, eta atzo aurkeztu zuten txostena Eusko Legebiltzarrean. Ikerketaren arabera, goranzko bidea dute euskara aurrekontuek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gorakada horren oinarrian bi erakunde esparru daude: udalak eta diputazioak. Eusko Jaurlaritzak, berriz, gutxitu egin zuen euskara aurrekontua 2016an. Diruz gehiago izan arren, euskarak pisua galdu du aurrekontuetan, hazkunde txikiagoa izan baitu aurrekontu orokorrak baino. Beherakada garaian, kontrakoa gertatu zen: euskara aurrekontuak gehiago murriztu zituzten orokorrak baino.

Siadeco ikerketa elkarteak egin du aurrekontuei buruzko azterketa. Hiru erakunde esparruak hartu dituzte kontuan: Jaurlaritza, aldundiak eta udalak —kasu horretan, 5.000 biztanletik gorako herrienak—. 2016ko zenbakien arabera, hara: 148 milioi euro bideratu zituzten euskararen arlora, 2014an baino %1,4 gehiago. Handitu egin da kopurua, beraz, baina ez 2012tik 2014ra adina: %2,8ko igoera izan zuen orduan.

Eusko Jaurlaritza salbuespena da, 2016ko datuek diotenez: aurrekontua handitu egin zuen —%3 gehiago 2014an baino—, eta euskararen esparrukoa, txikitu —%5 gutxiago—. Horren oinarrian zer dagoen, faktore bat azpimarratu du Bingen Zupiria Hizkuntza Politikarako sailburuak: euskalduntzeak aurrera egitearen ondorioz, irakasle gutxiago liberatzen dituztela euskara ikasteko, eta horrek ekarri duela gastuak jaistea.

Hiru herrialdeak hartuta, biztanle bakoitzeko 69 euro bideratu zituzten erakundeek. Herrialdez herrialde alde handiak daude, hala ere. Udalak eta aldundiak aintzat hartuta, Gipuzkoakoa da ratiorik altuena: 48 euro biztanleko. Askoz atzerago daude Araba (36 euro) eta Bizkaia (33 euro). Eusko Jaurlaritzak jartzen du diru gehien, baina, proportzioan, udalena da ekarpenik handiena: batez beste, aurrekontuaren %2,7.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.