Herritarren iritzia jaso nahian

Estatutu berrirako oinarriak jorratu dituzte zenbait bileratan, Bilbon, Donostian eta Gasteizen
Herritarren gunearen eztabaida taldea, atzo, Bilbon.
Herritarren gunearen eztabaida taldea, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU

Gotzon Hermosilla -

2018ko ekainak 10
Eusko Legebiltzarraren eta Eusko Ikaskuntzaren elkarlanaren ondorioz, «herritarren guneak» antolatu dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, Euskal Autonomia Erkidegoko estatutu berrirako oinarrien inguruan eztabaidatzeko. Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean ari dira oinarri horiek lantzen, eta gune horiek antolatu dituzte eztabaida gizartera eraman eta herritarren iritziak jasotzeko asmoz.

Orotara, 200 lagun inguruk hartu dute parte eztabaidan. Bilboko Azkuna zentroan egindakoan, esaterako, 90 bat izan dira. Arlo akademikoa ongi ordezkaturik egon da, eta unibertsitate irakasle asko egon dira batzarrean; haiekin batera, emakume taldeetako ordezkariak, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan biltzen diren elkarteetako kideak, gizarte zibileko bestelako erakundeetakoak eta gaiaz interesa agertu duten herritar soilak ere izan dira bileran.

Eztabaida hiru ardatzen inguruan gauzatu da: alde batetik, subjektu politikoaz jardun dute —nazioa, herria, herritarrak eta abar—; beste aldetik, aztertu dituzte zeintzuk diren subjektu politiko horri aitortzen zaizkion eskubide eta eginbeharrak eta elkarbizitzarako oinarriak; eta, azkenik, autogobernu mailaz eta beste lurralde eremuekin izan beharreko harreman motaz ere eztabaidatu dute.

Beatriz Akizu Eusko Ikaskuntzako atal soziopolitikoko koordinatzailea da, eta Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak eratu duen aditu taldean ere koordinazio lanetan dihardu. «Pozik gaude lortutako aniztasun mailarekin», esan du. «Egun gutxi izan dugu hau komunikatiboki lantzeko eta, hala ere, jende kopuru polita bildu da, baina batez ere interesgarria da lortutako aniztasuna adin, genero eta pentsamoldearen aldetik. Esperientzia pilotu gisa baliagarria da, eta lagin oso esanguratsua bildu dugu hiru hiriburuetan».

Lan saioan aurkeztu dira Autogobernu Lantaldean talde parlamentario bakoitzak egin dituen ekarpenak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatutu berrirako. Gero, parte hartzaileak saiatu dira identifikatzen ideia nagusiak eta gutxieneko akordio bat susta dezaketen oinarriak, eta taldeka eztabaidatu dituzte.

Desberdinari entzun

Talde batzuk ados paratu dira zenbait punturen inguruan; beste batzuk ez, eta bakoitzak nahi izan dituen ñabardura eta xehetasun guztiak egiteko aukera izan du. Baina, Akizuk esandakoaren arabera, bilatutako helburua ez zen adostasuna, «desberdinari entzutea» baizik.

«Herritarrek aukera izan dute legebiltzarreko taldeek zer proposatzen duten ezagutzeko, eta eurek ere ekarpen eta proposamenak egiteko», azaldu du Akizuk. «Ariketa da identifikatzea zertan gauden ados, eta, era berean, zertan gauden ados ez gaudela ados. Ez dugu bilatzen kontsentsua edo bestea konbentzitzea, bestea entzutea baizik».

Iritzi desberdinak agertuagatik, tentsio edo haserre izpirik ere ez da agertu eztabaidetan. Aitzitik, oso giro onean gauzatu dira saioak: «Elkarrizketarako sortzen diren horrelako guneek magia hori daukate. Solaserako giroa sortzen da, jendea prest azaltzen da desberdinen artean hitz egiteko, eta desadostasunak identifikatu ondoren ere jarraitzen dute hitz egiten, oso giro lasai eta erosoan».

Herritarren guneetan agertutako guztiak txosten batera eramango dituzte Eusko Ikaskuntzako kideek, eta txosten hori Autogobernu Lantaldearen esku utziko dute. Sustatzaileek aurreikusi dutenez, irailaren amaieran izango da hori.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna