Errusia kritikatu du Trumpek, baina Putinekin biltzekoa da larunbatean

Ukrainarekin duen auzia dela eta, Moskuk S-400 misil gehiago jarriko ditu Krimean. Kievek «probokatu» egin dituela berretsi du Kremlinek

Igor Susaeta -

2018ko azaroak 29
Donald Trump AEBetako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa elkarrekin batzartzekoak dira. Gaurtik igandera Buenos Airesen G20 taldekoek egingo duten goi bilerak ematen duen abagunea baliatu nahi dute biltzeko. Baina joan den asteburuan Krimeako penintsulan Errusiaren eta Ukrainaren artean sortutako gatazka militarrak kolokan jarri du bilera. Trumpek The Washington Post egunkariari emandako elkarrizketa batean adierazi duenez, «agian» ez da bilerarik egongo. «Ez zait eraso hori gustatu; ez dut halakorik nahi», nabarmendu du Etxe Zuriko maizterrak, Azoveko itsasoan joan den igandean Moskuk atxilotutako 24 marinel ukrainarrak gogoan. Errusiako Gobernuak uste du, ordea, baietz, bilduko direla. «Ziur gaude bi presidenteak Siriako gatazkaz, Irango itun nuklearraz, eta Koreako krisiaz mintzatuko direla; eta ez dago baztertuta Kertxeko itsasartean azken egunetan gertatutakoa [krisi militarra] hizpide izatea», azpimarratu zuen, atzo, Yuri Uxakov Putinen aholkulariak. Etzi dira batzartzekoak.

Errusiaren eta Ukrainaren arteko muga «legez kanpo gurutzatzea» egotzita, 24 marinelak Krimeako auzitegi batean epaituko dituzte, eta sei urteko espetxe zigorra ezar diezaiekete. Auzia konpontze aldera, Mendebaldeko potentziek keinu bat eskatu diote Moskuri. Eta testuinguru horretan kokatu behar dira Trumpen hitzak. AEBetako presidenteak adierazi zuen ez duela erabakirik hartuko bere segurtasun taldeak auziari buruz egindako txostena esku artean eduki bitartean. Haren esanetan, txostenak «erabaki bat hartzen» lagunduko dio. Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariaren hitzetan, «ekintza oldarkorra» izan da Errusiarena.

Putin, ordea, ez da urduritu Mendebaldeak azken egunetan esandakoengatik. Atzo galdetu zioten ea zer-nolakoa iruditzen zaion Trumpek Errusiarekin duen jarrera, eta esan zuen «positiboa» dela.

Adierazpen horiek egin baino lehenago, auziaren tentsioa areagotu dezakeen neurri baten berri eman zuen Kremlinak. S-400 aire misilen sistema aurreratua are gehiago hedatuko du Itsaso Beltzean. Errusiako agintari militar batek iragarri zuen «laster» sartuko direla indarrean. Duela lau urte Krimea anexionatu zuenetik, misil sistema hori pixkanaka instalatuz joan da Mosku. Bestalde, eta gatazka eragin duen ingurunea are gehiago kontrolatzeko ahaleginean, itsasoan dauden minak desaktibatzen dituen Errusiako armadaren ontzi berezi batek Azoveko itsasorako bidea hartu du.

Eta gertakariari buruz hasieratik zabaldu duen mezuari eusten dio Moskuk. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak astelehenean esan zuen «probokazio hutsa» izan zela ontzia Errusiaren uretan sartzea. Eta Putinek hori berak errepikatu zuen atzo. «Probokazio bat izan zen, zalantzarik gabe». Baina Kremlineko burua areago joan zen. Iruditzen zaio Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak «antolatu» duela dena. Ukrainan presidentetzarako hauteskundeak egitekoak dira datorren urteko martxoan, eta Poroxenko bosgarren tokian dago boto intentzioari dagokionez herritarren artean egindako inkestetan.

Aitzakia bat

«Presidentea bosgarren tokian dago, eta, horrenbestez, zerbait egin behar izan du. Salbuespen egoera ezartzeko aitzakia gisa erabili du gertatutakoa», azpimarratu zuen atzo Putinek, Moskun egindako foro ekonomiko batean. Salbuespen egoera atzo sartu zen indarrean, 30 egun iraungo du, eta Errusiarekin muga duten eremuei eragingo die.

Kremlineko buruak pentsatzen du «Errusiaren kontrako sentipena» akuilatzeko asmoz ezarri duela salbuespen egoera Poroxenkok. Bide batez, Mendebaldea izan zuen jopuntuan bere adierazpenetan: «Mendebaldea politikari ukrainarren gabeziak barkatzeko prest dago. Kieven kontakizunarekin bat egin du». Moskuren eta Errusiaren arteko auzia dela eta, Errusiari zigor gehiago ezartzeko prest agertu dira Mendebaldeko zenbait herrialde.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna