Kopa ahaztu, eta ligari begira jarriko dira gaur Reala eta Athletic

ainara arratibel gascon
2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Biharamuna utzi zuten Realean eta Athleticen asteazkenean jokatu zituzten Espainiako Kopako final-laurdenetako kanporaketek. Rayo kanpoan utzi, eta finalerdietan da Reala, historian bigarren aldiz; Athleticek, berriz, ez zuen Atletico Madrilen aurkako kanporaketa gainditzea lortu, baina San Mames bete zuten, eta ikusle marka berria ezarri zuten emakumezkoen partidetan: 48.121. Bada, hori ahaztu, eta ligako egunerokoan murgildu beharko dute berriz ere gaur, 19. jardunaldiko partidak baitituzte.

Reala etxetik kanpo ariko da, Sevillaren kontra (12:00). Txuri-urdinek ez dute lehiarik galdu urtea hasi zenetik, eta bolada on horrekin segitu nahi dute, Kopako sailkapenak ere hauspotuta. Orain hiru aste, Sevillak aurkari xamurra zirudien, sailkapenaren zuloan baitzegoen. Baina etxeko taldea denboraldiko boladarik onenean da orain, azken bi partidak irabazi egin baititu, eta asteazkenean, ezustean, Levante Kopatik kanpo utzi zuen, penaltietan. Horrenbestez, Realaren aurkari izan daiteke finalerdietan, Bartzelonarekin eta Atletico Madrilekin batera. Sevilla talde deserosoa da, etxean batez ere, nahiz eta denboraldi honetan kosta egin zaion puntuak lortzea. Realak hori baliatu nahi du.

Lezaman jokatuko du Athleticek, Rayoren kontra (11:30). Ligan Bartzelonaren kontra eta Kopan Atletico Madrilen aurka emandako irudi ona garaipen batekin berretsi nahi dute zuri-gorriek: «Kopatik kanpo geratu arren, asteazkeneko partidak indartu egin gaitu, eta espero dugu balio izatea Lezamara jende gehiago etortzeko», adierazi zuen atzo Joseba Agirre Athleticeko entrenatzaileak. Hainbat jokalari faltako ditu Agirrek gaurko partidan. Izan ere, denbora luzez min hartuta dagoen Maite Orozek ez ezik, Yulemak, Luciak eta Ainhoa Alvarezek ezin izango dute jokatu. Horrek, dena den, ez du kezkatzen: «Horretarako dugu bigarren taldea. Uste osoa dut jokalari guztiengan». 2019an gozakaitz ari da Rayo. Ez du garaipenik lortu, eta beheko postuetan diren Malagaren eta Madrilen aurka galdu egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.