HILBERRIA. Toots Hibbert

Reggaearen sustraiak

BERRIA.
Ainhoa Sarasola.
2020ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Jamaikako May Pen hirian jaio zen Frederick Toots Hibbert, 1945ean. Gospelaren bidetik hasi zen musikan, elizan kantatuz. 1961. urtean Kingston hiriburura jo, eta Ralphus Raleigh Gordon eta Nathaniel Jerry Matthias ezagutu zituen, zeintzuekin The Maytals hirukotea osatu zuen —Toots and The Maytals izena hartuko zuten geroago—. Gospela, rhythm and bluesa, ska eta beste hainbat estilo nahastuz, hamarkada horretan hasi ziren lehen singleak plazaratzen, eta, urteekin, reggae doinu ezagunenetako batzuk sortu zituen taldeak, hala nola Pressure Drop, Monkey Man zein 54-46 That's My Number. Bob Marleyrekin batera, generoa munduan ezagun egin zuten talde nabarmenetako bat izan zen, eta hainbatek moldatu zituzten haien kantuak, tarteanThe Clash eta The Specials. Baita Euskal Herrian ere: Kortaturen Sarri, Sarri-k, Fermin Muguruzaren 54-46-k eta Joxe Ripiauren Presaka-k, besteak beste, haien abestiak dituzte oinarri.

Abuztu amaieran plazaratu zuen taldeak bere lan berria, eta abuztu amaieratik ere ospitalean zen Hibbert. Haren taldeak atzo jakinarazi zuenez, herenegun gauean hil zen musikaria, erietxean, 77 urte zituela, oholtzetan ia sei hamarkadako ibilbidea egin ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.