Literatura. '1.362 km euri'

Emakume izateagatik

Egileak: Garazi Goia eta Goizalde Landabaso. Argitaletxea: Elkar.

Peru Iparragirre -

2019ko martxoak 24
Itxuraz, 1.362 km euri (Elkar, 2019) liburuak premisa aski garbi bati jarraitzen dio. Goizalde Landabaso (G.) eta Garazi Goiaren (G) arteko gutun-trukea jasotzen du liburuak; urtebeteko tartean batez ere gai baten inguruan elkarri helarazitako hitzak. Liburuari hasiera ematen dion galderan jasota geratzen da gai hori: «Bigarren bizitza bat bazenu, bizitzeko beste bizitza bat... zein emakume izatea aukeratuko zenuke zuk?». Galdera hori aitzakia, G.-ren eta G-ren arteko korrespondentzia izen, biografia eta zerrendetan luzatuz doa. Hasierako premisa horrek, ordea, eta liburuan jasotakoen laguntzaz, ate eta leihoak zabaltzen dizkio irakurleari (niri neuri bai, behintzat).

Ausartuko naiz esatera hasiera-hasieratik argitaratzeko pentsatutako gutun-trukea dela hau, orain jada hiru urte Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren baitan «bertako» eta «kanpoko» idazleak elkartu zituen Txekhov vs Shakespeare proiektuko korrespondentzien bildumaren antzera. Horietara joan zait gogoa, liburu honetan bezalaxe horietan ere idazleak baitziren elkarri gutunak idatzi zizkietenak, literaturaz eta beste.

Horraino heltzen da, agian, alderaketa. G. eta G beste asmo batek elkartu ditu liburu honetan, esan bezala, eurek izan nahiko luketen emakumeen bilaketak, edo, zehatzago beharbada, historia eta kanon ohikoetatik ezabatu diren (ezabatzen diren) emakumeen bilaketak eta haien berri emateak.

Dena dela, interesgarria da gutun-trukea halako transmisio eta truke publikorako tresna bilakatzea, gaur egunean gutun bat jasotzea bera gertaera apartekoa izan daitekeenean; hau da, komunikazio-bideak, idatzizkoak izanagatik ere, berehalakoak, azalekoak eta efimeroak direnean, gutuna izatea ideiak, historiak, erreferentziak eta abarrak elkarri (eta irakurleei) patxadaz helarazteko bidea.

Emakume izate hutsagatik itzaletan geratu diren emakumeak, baina, batez ere, itzaletara kondenatu ditugunak, eta haien lanak eta ideiak dakartzate gutunetara G.-k eta G-k; mundu osoko emakumeak, haien artean euskaldunak. Honela dio G.-k gutun batean: «Juan Antonio Urbeltzen itzalpean egon omen zen Marian Arregi bezala. [...] Badakizu ez ziola inork elkarrizketarik egin? Harrigarria egiten zait. Emakumeak ikusezin bihurtzen ditugu gure begien aurrean, eta soilik hiltzen direnean jabetzen gara nortzuk izan ziren eta zer egin zuten. Bai, hil berri da. Isilik. Isilik ezagutu ez zutenentzat».

Idazleok euren buruei eta elkarri egiten dizkieten galderak, kezkak, ametsak jasotzen dituzte gutunek, orriotara dakartzaten emakumeen historiekin tartekatuta, haiek gogora eta argitara ekarriz eta mundua haien bidez ikusten ahaleginduz. Gorago aipatu dut ate eta leihoak zabaltzen dituela liburu honek, hain zuzen ere, aipatzen dituzten erreferentziak beste erreferentzia batzuetarako zubi direlako, eta gaur egunean txertatzen dituztelako, iraganaren eta orainaren kontakizun osatuago bat emanez.

Esango nuke bere egitekoa, edo bere egitekoa izan daitekeena, behintzat, ederki betetzen duela liburuak. Ohiko bideetatik jasotzen ez ditugun erreferentziak ematen dizkio irakurleari, eta gutun bakoitzean aurkezten diren idazleak, argazkilariak, artistak, dantzariak, militanteak, eta abarrak, guztiak dira, Arregi bezala, ikusezin bilakatuak; guztiak gogoan hartuak izatea merezi dutenak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna