KRITIKA Antzerki musikal barrokoa

Ihes egiten digun hori

Agus Perez.
2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun

'Dido & Aeneas'



Testuak: Christopher Marlowe. Musika: Henry Purcell. Zuzendaritza: Barbora Horakova Joly. Musika zuzendaritza: Petros Bakalakos. Eszenografia: Eva-Maria van Acker. Argiak: Michael Bauer. Jantziak: Benjamin Burgunder. Orkestra: Propitia Sydera Bilbao. DJa: Janiv Oron. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Maiatzak 3.

Eszenografia harrigarria aurkitu dugu Bilboko Arriaga antzokira sartzean. Besaulki-patioko lehen lerroak osorik kenduta, erdiko pasillotik hamabosgarren lerroraino sartzen da eremu eszenikoa; oholtza gaineko ezkerreko bazterrean Propitia Sydera orkestra ertaina kokatu da; erdialdean, kabaret itxurako gortina gorriak eta bonbillatxoak ikusten dira eta haien gainean DJ baten lan mahaia dago; alde banatan orkestra gainean eta agertokiaren ahoraino heltzen diren pasarelak daude eta ezker aldeko lehen palkoa giro bohemioko edaritegi batek bete du.

Hain zuzen ere, kabaret giroko bar horretan hasi da ekintza eszenikoa, laster batean eszenatoki osora hedatu dena. Barmanak (Joseba Apaolaza) Jupiterrena egin du aro barrokoko antzezlan honetan, bakoitzari behar zuena alde mistikotik zerbitzatzen; Mikel Losadak bete du Didoren erdeinuek jotako Iarbasen pertsonaia, eta Miren Gaztañaga eta Adrian Garcia de los Ojos izan dira Dido eta Eneas.

Arriaga antzokiaren ekoizpen berri honetan aro barrokoko bi obra paralelo elkartu dira: Marloweren Dido, Queen of Carthage alde idatzian eta Purcellen Dido and Aeneas opera barrokoa. Zalantza orokorra da ea Marlowe eta Shakespeare ez ote ziren pertsona bera izan, eta tragediaren kokapenari zein testuaren lirika gaindiezinari erreparatuta, neure uste apala da egile biak direla txanpon bereko alde biak.

Beraz, zuzeneko musika eta euskarazko antzezpenak batu dira obra erraldoi honetan, eta, Barbora Horakova Jolyren zuzendaritzapean, osotasuna hartu dute taula gaineko elementu guztiek: abeslari nagusiek eta solistek antzezleak balira bezala jokatu dute, DJaren soinu-giroek dentsitate berezia eman diote tragediari, pertsonaien hitzak eta garrasiak Purcellen musikarekin konbinatu dira, Petros Bakalakos orkestra zuzendari aritu da, baina klabizenbaloan interpretatu ditu jatorrizko operako pasarte batzuk, eta James Rosentalek oihal bertikaletan interpretatu ditu egoera tragikoaren gorabehera emozionalak.

Gertakizunen gaineko ikuspegi bikoitz hori bi rol nagusietan ere gertatu da, Nerea Berraondok Didoren alter egoa egin duelako eta Leon de La Guardiak Eneasena —Nerea Intxaustik egin du Belindarena, eta sei ahots bakarlariek greziar koruarena—. Argi dago zuzendariaren hautu horrek sano areagotu duela pertsonaien eta dramaturgiaren sakontasuna, han-hemenka izandako umore-ukitu leunekin batera, baina, beste ezeren gainetik, Didoren pertsonaia nagusitu da. Emakume ahalmentsu bezala agertu zaigu eta Iarbas boteretsua bazterrean uzteko gai izan da, amodioaren sareetatik libre irtengo zela uste izanda.

Azkenean horixe izan da tragediaren funtsa bai Eneas bai Didorentzat, eta Miren Gaztañagak amaiera ordainezina eskaini digu, Nerea Berraondok lamentatio eran When I am laid in earth (Lur azpian egoten naizenean) abestu eta koruak Never part (Ez zaitez inoiz partitu) intonatzen zuen bitartean. Une haietan harea jausten zen mezzo-sopranoaren atzamarretatik, ihes egiten diguten gauzen metafora ederrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.