Podcastak, boladan

AEBetan gorakada handia izan dute podcastek azkeneko urteetan. Euskal Herrian ere gero eta jarraitzaile gehiago dituzte. Askotariko audio edukiak noiznahi entzuteko aukera ematen dute. Ekoizleak dira edukiaren jabe, eta ez dute egon behar enpresa handi baten baldintzen menpe.

Pod gailua. Aurreneko podcastak Apple konpainiaren iPod gailu eramangarrian entzuten ziren. ARLEEN NG / EFE.
urtzi urkizu
2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
«Artxibo multimedia bat da, normalean audioa, Internetetik deskargatu daitekeena, eta mahaiko ordenagailu batean edo gailu eramangarri batean entzun daitekeena». Hori da podcastaren definizioa. Tania Arriaga EHUko irakasleak azaldu duenez, The Guardian egunkariko 2004ko zutabe batean aipatu zen aurrenekoz podcasting hitza. Ben Hammersley britaniarrak sortu zuela esan daiteke. Bestetik, Apple konpainiak jarri zuen martxan aurreneko podcast plataforma; izan ere, hasieran iPod gailuetan entzuten ziren podcastak. Baina iPodak desagertu egin ziren, eta orain edonon entzun daitezke. Azkeneko urteetan, sekulako gorakada izan dute AEBetan eta beste herrialde batzuetan. Boladan daude, eta euskarazko podcastak ere gero eta gehiago dira.

Izaskun Perez Prisa taldeko Podium Podcast-eko banaketa zuzendari ohiak —Spainmedia-ko zuzendari digitala da orain— nabarmendu du AEBetako Serial podcastarekin iritsi zela eztanda, 2014an. «Sekulako booma egon zen hor; mugarri izan zen, eta jende guztia podcasten inguruan hitz egiten hasi zen». Ikerketa kazetaritzako podcast bat izan zen Serial. «Lehen aldia zen audio formatuan horrelako zerbait egiten zela. Aldaketa bat ekarri zuen istorioak kontatzeko moduan».

Arriagaren arabera, bi garai daude: 2012ra arte, pertsona gutxik erabiltzen zituzten podcastak; baina, 2012tik aurrera, entzule kopuruek gorakada oso handia izan zuten. «Sakelako telefono adimendunen zabalkundearekin etorri zen podcastaren kontsumoaren igoera. Hasieran formatu bitxitzat jotzen zen, baina 2012tik aurrera asko zabaldu zen ekoizpena eta kontsumoa».

EHUko irakasleak azaldu duenez, kazetaritza kontsumitzeko modua aldatu egin da: «Prentsa idatzia sarean kontsumitzeko, egunkarien webguneetan sartzen ginen lehen. Baina, gero eta gehiago, unitateak kontsumitzen dira. Audioekin gauza bera gertatzen da: unitateak kontsumitzen dira orain. Hortik ere badator podcasten booma».

Euskal Herrian, Zuzeu atari digitalak epe luzerako apustua egin du podcasten ekoizpenean. Oier Aranzabal Zuzeu-ko koordinatzaileak azaldu du erabakiak bi arrazoiri erantzuten diela: «Liluratu egin nau AEBetako podcasten mugimenduak, batez ere zer eduki mota dauden. Bestetik, audioak euskaraz duen potentziala dago: beste formatu batzuetan ez bezala, Euskadi Irratiak audientzia homologagarria dauka gaztelaniazko irratien aldean. Pertsona bat euskaraz alfabetatua ez bada, errazago kontsumitu dezake audioa, idatzizko edo bestelako edukiak baino».

Teknologikoki «on demand» edukien garaira iritsi garela ere nabarmendu du Aranzabalek; hau da, kontsumitzaileak nahi duenean nahi duena kontsumitzen du. «Irauli ezinezko joera bat da». Horregatik ahalegintzen ari da Zuzeu nahierako indarra bereganatzen. «Kontuan hartu behar da, gainera, edonork bere podcasta argitara dezakeela munduko plataformarik garrantzitsuenetan: Spotifty, Apple Podcast... Horrek ate asko zabaltzen ditu».

Spotify plataformari dagokionez, bestalde, azkeneko hilabeteetan erosketa garrantzitsuak egin ditu audioen munduan erreferentzia bihurtzeko: iaz, Parcast podcasten estudioa, Gimlet Media ekoiztetxea eta Anchor plataforma erosi zituen, eta, aurten, The Ringer kultura eta kirol arloko podcasten ataria erosi du. «Spotify podcastetan sartzea jauzi handia izan zen», azaldu du Perezek. Arriagak aipatu du Spotify diru asko inbertitzen ari dela ekoizpenean. «Argi dago Spotifyk sekulako potentziala ikusten diola podcasten sektoreari». Funtsean, musika plataforma bat bakarrik izateari utzi, eta audio plataforma bihurtu da orain Spotify.

Mugimendu gehiago ere badaudela ohartarazi du Perezek: adibidez, Google Podcast sortu dute. «Beta moduko bat da, baina zain gaude ea noraino iritsiko den apustu hori».

Genero aniztasuna

Podcasten artean, tankera guztietakoak entzun daitezke. AEBetan batez ere, aniztasun handia dago podcasten generoetan. Kirmen Uribe idazleak New Yorkeko munduak podcasta egiten du BERRIArentzat, eta nabarmendu du AEBetako hirian fenomenoa ez dela txikia: «Hemen jendeak ohitura ikaragarria dauka podcastak entzuteko eta egiteko. The New York Times eta hedabide handiek asko erabiltzen dute podcasta, politikaz edo edozein gairi buruz hitz egiteko. Aurrera doan kontu bat da».

Aranzabalek azaldu duenez, podcastek nitxo oso zehatzetako herritarren kontu bat izateari utzi diote, eta zerbait orokorragoa idira orain. «Jendeak ikusi zuen podcastak aukera asko ematen dituela, eta eduki oso desberdinak landu zitezkeela, eta eduki horiek sekulako zabalpena izan dezaketela sarean, plataforma guztietan. Gainera, podcast horren egileak audioaren jabea izaten jarraitzen du eta ez dago enpresa baten menpe. Youtuberekin, adibidez, ez da hori gertatzen». Era berean, streaming plataforma masiboekin podcasten kontsumoa asko erraztu dela nabarmendu du Zuzeu-ko koordinatzaileak.

Podcasten genero aniztasuna ez da batere makala, Aranzabalen arabera. «AEBetan denetarik dago podcasten artean: fikzioa dago, ikerketa kazetaritzako serie bikainak daude, eta oso gai jakinetara bideratuta daude. Edozertarako podcast bat aurki dezakezu: txakurzalea bazara, aurki ditzakezu mila».

Uribe fenomeno hori ari da ezagutzen: «Asko daude: poesiari buruzkoak, politikari buruzkoak asko entzuten dira... Podcast batzuek edizio lan handia dute, eta besteak sinpleagoak dira, baina freskotasuna dute». Arriagaren iritziz, historiari buruzko podcast oso onak ere badaude.

Perezek Podium Podcast plataformaren sorreran parte hartu zuen, eta argi izan zuten fikzioari heldu behar ziotela. «Bere garaian irrati nobelak entzuten ziren. Inspirazio hori hartuta, fikzioari heldu genion. Harrera oso ona izan zuten; are gehiago, Podium Podcasten gehien entzuten direnak fikziozkoak dira». Istorioak kontatzeko «oso tresna indartsua» da podcasta, Perezen aburuz.

Era berean, Uribek uste du audioak berezko bertuteak dituela: «Podcastean, egileak berak kontatzen dizu istorioa. Testu idatzia irakurtzen duzunean, autorea ez da hain gertu sentitzen. Podcastean, bai, haren ahotsa sentitzen da, eta ahotsarekin gauzak esaten dira: nola esaten dituzun kontuak, intonazioa, hunkitzen zaren ala ez... Gertutasun handiagoa dago podcastean idatzizkoan baino». Kontsumoari dagokionez, gainera, podcastak abantaila gehiago dituela uste du idazleak: «Podcastak aukera ematen dizu beste zerbait egiten aritzeko, entzuten ere ari zaren bitartean. Gure garaiari oso lotuak daude. Arrakasta handia izaten ari dira, arrazoi desberdinengatik». Modernoa izan arren, Uribek uste du podcasta «leizera itzultzeko» modu bat ere badela: «Leizean, historiaurreko gizakiak elkarri kontuak kontatzen aritzen ziren, ilunetan. Hori ere bada podcasta, itzultzea gure alderik humanoenera, istorioak kontatzera eta entzutera».

Uriberen New Yorkeko munduak podcastaz gain, BERRIAren webgunean Ane Irazabalen Zaitun, Maider Galardi F. Agirrek aurkezten duen Berria FM podcast feminista, eta joan den astean estreinatutako Dunbala musika podcasta entzun daitezke —Eneritz Duesok eta Jagoba Salvadorrek egiten dute azken hori—.

Zuzeu Podcasti dagokionez, Bi pareta-k denboraldia hasi du berriki; Maite Goñik teknologia eta hezkuntzari buruzko bat egiten du; Aranzabalek elkarrizketak egiten ditu pertsonaia ezagunen etxeetan; eta euskal gaizkileen sorta bat ere egin zuten. Datozen hilabeteetan, gehiago iritsiko dira: musikari buruzko bat, Zaldibarko luiziari buruzko bat —BERRIAk argitaratutako lanekin—, sexologiaren inguruko bat eta telesailei buruzko beste bat.

Arriagak uste du «zoragarria» litzatekeela euskarazko podcast guztiak bilduko lituzkeen aplikazio bat izatea. Perezen iritziz, euskararentzat garrantzitsua da podcasten mugimenduan egotea: «Istorioak kontatzeko beste tresna bat dira podcastak, eta beharrezkoa da horretan sartzea eta gauzak ondo egitea». Fenomenoa etorkizunean «lasaitu» egingo dela uste du. «Baina istorio onak eta kalitatezkoak audioan kontatuko dira». Arriagaren iritziz, sakelako telefonoak erabiltzen diren bitartean, podcasten ekoizpenak eta kontsumoak gorantz jarraituko du.

Fenomenoaren adibide bat da datorren urtean podcasten Oscarrak banatuko dituztela AEBetan: Golden Mics. Podcastaren Akademiak banatuko ditu, eta iragarri dute lehen sariak 2021aren hasieran banatuko dituztela, Los Angeles hirian. Sari horiez gain, Podcastaren Akademiak sektorearekin lotutako mintegiak eta ekitaldiak antolatuko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.